Dorreen jiran eraikia

Osasunak aurrelari garaien alde egin du apustu, eta, horren ondorioz, bestela jokatzeari ekin dio. Esentzia berbera da, baina joko zuzenak garrantzi handiagoa du orain, 4-4-2 sistemaren barruan.

enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aldaketa nabari da Osasunaren xake taulan. Gaur Bartzelonaren kontra beste behin ikus daiteke. Lehen, mugikortasuna zuten ardatz: alfilen diagonalekin eta hegaletako zaldiekin egiten zieten xake-mate aurkariei. Sasoi honetan, aldiz, joko zuzenagoa ari dira egiten, aurrean dituzten dorreez baliatuta. 1,90 metro luze dira Enric Gallego eta Ante Budimir, eta haiek erreferentzia gisa edukita, itzulinguru gutxiago darabilte nafarrek aurkarien ate ingurura iristen saiatzeko. Ikuspuntu pragmatiko batetik, birmoldaketak ez du ekarri ez kalterik eta ez onurarik, iragan sasoiko datu berberak baititu taldeak: 11 puntu lortu ditu lehen bederatzi partidetan. Estetikoki, berriz, gorabeheratsu dabil, eta aurrealdean bi dorre izan dituenetan jokatu du hobekien.

Jagoba Arrasate ez da sekula baloiarekin zoratu Iruñera iritsi zenetik, baina bere lehen bi denboraldietan, taldeak joko landuagoa egiten zuen: gehiago mugitzen zuen baloia sormen fasera iristean. Ez zegoen erreferentzia garbirik; kontrara, aurrelariek mugimendu etengabeekin aztoratzen zituzten aurkariak. Eta arean agertu egiten ziren, ez ziren bertan bizi. Hala ziharduten Juan Villarrek, Brandon Thomasek, Marc Cardonak, Adrian Lopezek, eta Chimy Avilak berak, 4-2-3-1 eskemaren barnean. Puntan agertzen ziren zenbaitetan, eta hegalera egiten zuten beste batzuetan.

Haatik, estilo aldaketa ekarri dute Avilaren lesioen ostean klubak egindako apustuek. Urtarrilean, Villar eta Brandon utzita atera ziren, eta iruindarrek Jose Arnaiz eta Gallego fitxatu zituzten. Gallegok soslai berri bat zekarren gorritxoen aurrealdera; askoz ere fisikoagoa, eta joko zuzenari bide ematen ziona. Arrasate geroz eta usuago hasi zen 4-4-2 sistema erabiltzen, eta, hala, pixkanaka garrantzia kendu zion bigarren lerroari. Bada, Avilak berriro apurtu zuen belauna sasoi honen atarian, eta nafarrek Budimir eta Jonathan Calleri fitxatu zituzten, goikako jokoan distira egiten duten beste bi jokalari. Hartara, finkatu egin zen norabide aldaketa.

Lan asko, gol gutxi

Jokamoldea ez da zeharo aldatu. Bere horretan jarraitzen du presio garaia egiteko eta garaipena grinaz eta ausardiaz bilatzeko borondateak. Ostera, Iruñeko taldeak bide zuzenagoa darabil aurkariaren areara iristeko. Huescaren kontrako lehen zatian, lehengora hurbiltzen saiatu zen Arrasate, aurrelari bat kendu eta erdilari bat gehiago ipinita. Haatik, agerian gelditu zen, gaur-gaurkoz, taldea askoz ere erosoago sentitzen dela aurrean bi dorre baditu. Celta eta Eibarren aurka, Gallegorekin eta Callerirekin aritu zen, eta neurketa horietan egin zuen distira gehien erasoan. Baina min hartu zuen Ipuruan, eta, orain, Budimirren txanda iritsi da.

Kroaziarrak ametsetako debuta izan zuen, Atleticoren aurka: aulkitik atera, eta ukitu zituen lehen baloietako bat sareratu zuen; buruz, nola ez. Gisa berean bizpahiru gol egiteko aukera izan zuen Sevillaren aurka, baina ez zuen asmatu. Gallego are kamutsago dabil, golik ez baitu egin oraindik. Lana eta esfortzua ezin zaizkio ukatu, baina ez dabil batere eraginkor. Callerik, berriz, gol bat sartu zuen Celtaren kontra, izerdia gogotik bota eta aurrez aukera garbiak alferrik galdu eta gero. Aurrelariak, beraz, ez dabiltza nahi bezain fin ate aurrean; edonola ere, jokoan duten eragina agerikoa da. Gaur haiek asmatzea erabakigarria izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.