Mikel Zumeta.
HERTZAK

Lagunarteko kiribilduran

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Botere guztia biribilguneei Urretxuko (Gipuzkoa) KKinzona irrati librean entzun daitekeen saioa dugu. Uhinen bitartez entzun ezin baduzue, podcastean hamazazpi saio aireratu dituzte dagoeneko, eta sarean dituzue eskuragarri. Hilean behin egiten dute saioa, gutxi gorabehera, lauzpabost lagun bildu eta gai baten inguruan arituko zaizkigu solasean. Gai arruntak landuko dituzte sakontasunez, akaso gai sakonak arruntasunez; hustasuna, ligatzeko gomendioak, musika, politika, lagunak...

BGB-n saioko gai bana plazaratuko dute aldiro, batzuetan gaiari helduko zaizkio, besteetan, berriz, iskin egingo diote gaiari eta azpigai ugaritan galduko dira; adartu, ugaldu, zentzua aurkitzeko, edo zentzurik ba ote duen galdetzeko. Sexuaz hitz egingo dute, baina azkenean bikote harremanez arituko zaizkigu, minaz, hausturaz, bakardadeaz, gizartean bikotea izan beharraren inposaketaz.

Talde anonimoa entzungo dugu uhinetan, eztabaidan, elkarrizketan, intimitateak partekatzen; galderak, gatazkak, bizipenak. Umore dosi altuak izango ditugu labirintoan, hitz joko, gidoi jirak izango ditugu, ziriak, jolasak. Eta egunerokotasunetik hausnarketa sakonak egingo dituzte, lagunartean egongo bagina bezala, asmo handirik gabe, egunerokotasunean ezkutatzen diren kontraesanak, beldurrak, zamak adierazteko.

Ez da saio serioa, baina zenbat eta saio gehiago entzun, orduan eta serioagoa dirudi. Umoretik, naturaltasunetik, lagunartetik plazaratuko dituzte haien iritziak, bizipenak. Inork entzungo ez balitu bezala, guztioi zabalduak, lagunarte horretan emango diren aitortzak.

Euskara eta hizkera desberdinak biribilgunean topatuko dira, eta jira eta bira arituko zaizkigu absurdoaren mugetan batzuetan, transzendentzia argigarrienean besteetan, terapia taldea bailitzan. Hain da hurbila saioa, non ekarpenaren arabera geu ere entzule gisa erantzuteko keinua egiteko zorian aurkituko garen tarteka, elkarrizketan parte hartzeko asmoz.

Gomendagarria, beraz, biribilgunera hurbiltzea, beti izango duzue lehenengo irteeran ateratzeko aukera, edo gustuko baduzue bertan biraka luzaroagoan geratzeko parada. Gauza txikietan egoten omen da bizitzaren zera, bai zera, edo ez zera, baina biribilguneak badu berea. Bon appétit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.