UHINETATIK TIRAKA

Hamarrekoa

Xabier Lasa.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Nori berea. Sari banaketa guztiek probokatzen dute gugan ariketa paraleloa: injustizien sari banaketa. Denok baikara futbol entrenatzaile, munduko onenak. Rikardo Arregirenak emandako hamarreko horrek ere, nolaz ez, badauka zer objektatua irratigintzari dagokionez, Iparraldeko Euskal Irratiak ohorezko titularren taldean sartzeak eragindako satisfazioa alde batera utzita. EITB generikoki aipatzeak etxe hori bere osotasunean aitortzea dakar, eta, hortaz, goratzea aski merezia daukaten EI eta Gazteaz gain, baita ETB2 eta RE ere, eta ez dut uste justiziazkoa denik hori. Analogiak eginez, epaimahaiak egoki afinatu du bereiziz EHU eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, hots, bigarrena sarituz, eta ez instituzio osoa. Izatez ere, ez ETB2 ezta RE ez baitira espresuki nabarmendu euskararen normalizazioan. Biak batuta baino gehiago egindakoa da Euskalerria Irratia bere txikitasunean, konparazio batera. RE hautagai serioa izango litzateke balizko kalitatezko kazetaritzaren sarietan, baina inondik ere ez herenegungoan; haren ahotsik ezagunenetakoa ekitaldia aurkezten eta sarituen izenak irakurtzen jartzeak, horrek ezin du estali hamarkadetako errealitatea. Hortaz, huts egin dela uste dut Gaztea, eta batez ere EI, bi irrati horiek esplizituki ez aipatzeagatik. Audientziari begirako irismena, sortutako ahozko kazetaritza hizkuntza, albistegien kalitatea, eta abar, kontuan hartuz gero, EI euskarazko kazetaritzaren erreferentzia nagusitzat jo daitekeen komunikabide bilakatu da aspalditxoan.

Zortzi eta bi. Azken hiru hamarkadetan euskarazko kazetaritzan bide eragileak izan diren ekimen mugarriak definitu nahi izan zituen Rikardo Arregi sariak, eta erakutsitako argazkiak hausnartzeko moduko beste datu bat utzi zigun: hamar sarituetatik zortzi boluntarismo itzelez bultzatutako herri egitasmoak dira, eta bi, erakunde publikoek beren era guztietako baliabidez abian jarriak.

Agurra. Info7k abenduaren 15ean itzaliko du bere emisioa hamahiru urteren ostean. Irrati proiektu berri bat sortuko dela iragarri zaigu. Orain artekoak baino anbizio handiagoa izango omen du, euskara hutsean eta legezkotasun osoz jarduteko Hego Euskal Herrian. Irratizaleoi irrika eragiten diguten albiste horietako da. Adi-adi jarraraziko gaituena datozen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.