Uholdeak

Urak atzera, zauriak azalera

Uholdeen ondorena pairatzen ari dira Nafarroako hegoaldeko hainbat herritan. Hondamendi eremu izendatu dituzte uholdeek hartutako lurrak. Partzuergo eta aseguru etxeen zain dira bizilagunak

Felicia Montavez Cuevas, Funesen duen baratzean. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Tutera
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Urak hasiak dira erretiratzen, mantso, azken egunetan hartutako eremuetatik. Betiko bidera itzultzen hasiak dira ibaiak. Arazoa, baina, hasi besterik ez da egin Erriberako herritar askorentzat. Hasierako ikara pasatuta, kezka eta etsipena nagusitu dira Nafarroako hainbat herritako bizilagunen artean, agerian gelditu baita uholdeek eragindako triskantza. Telefonoari itsatsita eman dituzte hiru egun eta beste horrenbeste gau: larrialdi zerbitzuei deika hasieran; aseguru etxeen erantzunaren zain orain. Luze joko du normaltasunera bueltatzeak.

Azkoienen, Faltzesen eta Funesen, Arga ibaiak gainezka egin zuen larunbatean. Igandean, berriz, Ebro atera zen bere bidetik, eta kalte handiak eragin zituen Castejon, Tutera, San Adrian eta Milagron. «Hau hondamendia da», kexu da Feliciana Montavez Cuevas funestarra. Sinesgaitz begiratzen dio larunbatera arte bere baratzea zenari. Urmael handi eta marroi bat da orain. «Arrantzale botak beharko dituzu hona sartzeko, ura belaunetaraino iristen baita», ohartarazi du, baratzeko etxolatik. Pausaz hitz egiten du, eta irribarre mehar bat ere erakusten du tarteka, baina begi nekatuek salatzen dute: ezin du ezkutatu azken egunek utzitako arrastoa. «Bi gau daramatzagu lo egin gabe».

Igande goizaldean esnatu zituzten alarma hotsek: «Erne ibili ginen larunbatean, uholdea noiz etorriko, baina ez genuen halakorik espero. Gauerdia pasatuta, senarrari esan nion komeni zitzaigula lo apur bat egitea, eta, 04:00ak aldera, bizilagun batek hots egin zigun, izututa, ibaiertzeko auzo osoa urak hartuta zegoela».

Uholdeen ondorioz, hilik dira Montavezek oilategian zituen animaliak. Hamabi oilo eta oilar bat. «Eurengatik sentitzen dut, batez ere. Kalte ekonomikoa handia izanen da, baratzeko uzta osoa galtzeaz gain lurra goldatzeko makina eta beste zenbait aparatu hondatu zaizkigulako, baina animaliak... ai, ezin izan genituen salbatu, eta izugarrizko pena dut», kontatu du. Etxea ere lokatzez betea izan du atzo arte. «Dena garbitu dugu jada, baina gogorra izan da».

[YouTube]https://youtu.be/BJtj5Odu1w0[/YouTube]

Arga ibaia hazita zetorrela jakinda ere, Montavezek eta haren senarrak, Jose Luis Molviedrok, ez zuten uste ur emaria halako indarrarekin sartuko zenik: «Abisua eman ziguten, baina, normalean, uholdeak ez dira iristen gure baratzeraino. Taula batzuk jarri genituen hesian eta etxolako atean, badaezpada, baina ez zuen ezertarako balio izan; dena txikitu zuen urak». Aurtengoa bezalako ur jasarik ez du inoiz ikusi. «Nik, behintzat, ez dut halakorik ezagutu. Jakin izan bagenu, oiloak aterako genituzkeen».

Montavezen baratzetik gertu, Auroroen plazan, etxabeetako lokatza garbitzen ari dira zenbait bizilagun. Udal langileak eta inguruko enpresetako beharginak ere jo eta su ari dira hondakinak eraikinetatik ateratzen eta bazter batean pilatzen. Lanean ari diren boluntarioetako bat da Carmelo Zamargilea.

Landarezaintza enpresa du Funesen, eta kalte material handiak eragin dizkio uholdeak. «Altzariak, tresneria... Ia dena eraman du urak». Nafarroako Gobernuak igandean eskatu zuen kaltetutako herriak hondamendi naturalen gune izendatzeko. Atzo, baiezkoa eman zuen Espainiako Gobernuak. Poztu da Zamargilea, albistea entzun duenean: «Hau guztia hondamendi eremu izendatzen badute, gaitz erdi. Ikusiko dugu zer esaten digun aseguru etxeak».

Zamargileak azaldu duenez, Arga ibaia «kanalizatua» dago Funes, Faltzes eta Azkoien inguruan, eta horrek are bortitzago bihurtzen ditu ibaiaren oldarraldiak, pareten artean abiadura hartuta. «Uholde garaian, ibaia bere betiko bidera itzultzen da, jarri dizkioten hesiak gaindituta». Azken urteetan, hainbat lan egin dituzte halakoak eragozteko: motak indartu, saihesbideak egin... «Baina uholdea oso bortitza bada, ia ezinezkoa da eustea».

Tuteran ere «begiak tapatuta» igaro dituzte azken egunak, «zetorrenari begiratu nahi izan gabe». Igandean Ebroko zubia «urak erabat estalia» zegoela gogoratu du Felix Clemos bizilagunak: «Zubiaren begiak ez ziren ikusten ahal. Beldurra ematen zuen: bazirudien edozein unetan ibaiak zubi osoa irentsiko zuela».

Orain urak «nabarmen» erretiratu direla dio. Hala ere, nabari dira uholdeek eragindako orbainak. Ibaiertzeko jatetxe, denda eta etxeetatik lokatza ateratzen segitzen dute bizilagun eta suhiltzaileek. Urak hartuak ditu baratzeak eta soroak ere. Clemosek ere badu baratzea, baina ezin izan ditu ikusi uholdearen ondorioak. «Gure aitaren baratzea ur azpian dago oraindik, eta gurea ere hondatuta egonen da ziurrenik, baina ezin naiz haraino iritsi».

Elkarlan eta babes oldea

Ibaiek gainezka egitearekin batera, baina, herritarren arteko elkartasuna ere indar handiz azaleratu da Erriberako herrietan. Zamargileak berak kayak ontzia hartu zuen igandean, bizilagunei laguntzeko: «Babes Zibilekoekin batera ibili nintzen harat eta honat: janaria eraman nion etxetik atera ezinik zegoen adineko andre bati, xurgatze punpak eraman genituen urak hartutako etxabeetara...». Ezinbestekotzat jo ditu herritarren arteko elkartasuna eta babesa: «Iaz, Tafallan uholdeak izan zirenean, Erriberako herritar asko joan ginen laguntzera, eta orain, guri gertatu zaigun honetan, gauza bera egin dute bai Tafallakoek baita inguruko herrietakoek ere. Logikoa da. Nik ezinen nuke gauez lorik hartu laguntzeko prestasun bera ez banu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.