Bakarrik egin du bidea

Txapeldunen Ligako lehen finalerdia jokatuko dute gaur, Anoetan, Wolfsburgek eta Bartzelonak (20:00). Kataluniako taldeko izarretako bat da Asisat Oshoala aurrelaria. Ez du erraza izan distira egitea.

Asisat Oshoala baloiari buruz jotzen ahalegintzen. VILLAR. LOPEZ / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sorterritik kilometro batera dagoen St. Judeko hartxintxarrezko zelaian hasi zen Asisat Oshoala Bartzelonako futbolariaren ametsa (Ikorodu, Nigeria, 1994). Etxean ondo gordeta du zelai haren irudia, baita hango hormetako batean ageri den esaldia ere: Ez aldatu zure ametsa, aldatu zure mundua. Horretan ari da Oshoala. Trabak traba, futbolari profesional izateko ametsa bete du, eta Afrikako neskato askori ari da laguntzen, oztopo horiek izan ez ditzaten. Zelaian eta zelaitik kanpo erreferente bihurtu da haientzat. «Sinetsita nago kirola emakumea ahalduntzeko eta berdintasuna sustatzeko tresna izan daitekeela». Egun, eragin gehien duten 30 urtez azpiko Afrikako hamar emakumeen artean dago.

Lau aldiz izendatu dute Afrikako jokalari onena: 2014an, 2016an, 2017an eta iaz. Txapeldunen Ligako final batean gol bat egin duen Afrikako lehen jokalaria izan zen. Iaz izan zen, Bartzelonak Lyonen aurkako jokatutako finalean. Kataluniarrek 4-1 galdu zuten. Gaur, finalerako sailkatu, eta arantza hori kentzen ahaleginduko da.

Europan, Asian eta Afrikan jokatu du, besteak beste. Baina horretarako oztopo asko gainditu behar izan ditu. Nagusia: etxekoek ez zutela nahi berak futbolean jokatzerik: «Amonaren babesa baino ez nuen izan. Afrikan ez da ohikoa emakumeek kirola egitea, eta are gutxiago profesional izatea», azaldu izan du. Eskolanmutilek oso gutxitan uzten zioten beraiekin futbolean jokatzen. «Golak sartzen eta aurkariei izkin egiten ez nekiela esaten zuten». Baina eskolako txapelketa bateko finalean aho zabalik utzi zituen denak: «Baloia hartu, hiru aurkari atzean utzi eta garaipenaren gola sartu nuen».

Gertuko eskola batean emakumezkoen talde bat zegoela jakin zuen, eta han hasi zen jokatzen. Ezkutuan egin zuen, gurasoek jakin ez zezaten. Izan ere, haiek nahi zuten Oshoalak oinarrizko ikasketak amaitu, eta familiak zuen arropa dendan lan egitea.

Futbolean jokatzen zuela jakin zutenean, estu hartu zuten. «Errebeldetzat hartu ninduten, eta makina bat eztabaida izan genituen. Kalean lagunekin jokatzen harrapatuz gero, bazkaldu edo afaldu gabe zigortzen ninduten. Amonak ematen zidan ezkutuan jatekoa. Jo ere egin ninduten behin edo behin». Baina Oshoala ez zegoen bere ametsari uko egiteko prest, eta hordagoa bota zien. Zelaian bezain kementsua, indartsua eta zuzena izan zen. «Hitzeman nien 20 urterekin profesional izatea lortzen ez banuen, futbola utzi, eta Zuzenbidea ikasiko nuela».

Laguntzeko fundazioa

Nigeriako bi taldetan jokatu zuen: Robon eta Rivers Angelsen. Ondoren, Ingalaterrara egin zuen jauzi, Liverpoolen eta Arsenalen aritu zen. Txinako Dashian Quanjinek fitxatu zuen gero, eta iazko urtarrilean iritsi zen Bartzelonara. «Ohituta nago bakarrik bizitzera. Taldekideak dira nire familia leku bakoitzean. Baina bakardadeak indartsuago egin nau». Hasiera ez zen erraza izan Bartzelonan, baina dagoeneko egokitu da, eta denboraldi honetan bere benetako mailan ari da. «Barneratu dut hemengo jokatzeko era». Etxekoen babesa ere lortu du azkenean. «Ingalaterrara joan nintzenean, jabetu ziren nire apustua benetakoa zela, eta konturatu dira zenbat lan egin dudan nire ametsa betetzeko».

Ez du nahi futbolari izateko ametsa duten Afrikako neskatoek oztopoak izatea. Hori dela eta, fundazio bat sortu du, Nigeriako eskoletan futbolean jokatuko nahi duten neskatoei laguntzeko: taldeak sortu, materiala eta azpiegiturak eskaini...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.