Egoera gehiago ez zailtzeko, Eibarrek irabazi beharra dauka Getaferen aurka

ainara arratibel gascon
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azken hiru partidak galdu eta gero, gauzak korapilatu egin zaizkio Eibarri. Jose Luis Mendilibarren taldeak bi puntura baino ez ditu jaisteko postuak, eta gaur irabazteko premiarekin jokatuko du Ipuruan, Getaferen aurka. Gainontzean, gauzak are gehiago zailduko zaizkio.Taldeak beti izan dituen ezaugarriak berreskuratzeko beharra dauka irabazteko: aurkariak baloia daukanean presio handia egitea, eta, erasoan, hegaletatik sakontasuna izatea.

Psikologikoki «ondo eta indartsu» egotearen beharra ere nabarmendu du Mendilibarrek. «Argi dago ez gaudela ondo; ez dago zenbakiak begiratu beharrik hori jakiteko. Baina taldea gai ikusten dut egoera honetatik irteteko». Horretarako, uste du «lerro guztietan» hobetu behar dutela: «Talde moduan egin behar ditugu gauzak hobeto».

Mendilibarrek Sergio Alvarezen falta izango du, min hartuta baitago. Gainontzean, aldaketa gutxi egingo ditu hamaikakoan. Zalantza nagusia da zelai erdian Pedro Leonek edo Takashi Inuik jokatuko duen.

Getafek partida garrantzitsua du ostegunean Europa ligan, eta ikusteko dago Jose Bordalas entrenatzaileak txandakatzeak egingo ote dituen. Izan ere, gaur irabaziz gero, goiko postuei begira jartzeko aukera dauka. «Hankak lurrean ditugu. Partidaz partida joan nahi dugu, etorriko den horretan pentsatu gabe. Eibar aurkari zaila da, eta entrenatzaile aparta dauka. Ez da erraza izango irabaztea».

EIBAR-GETAFE

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Ramis, Oliveira, Cote; Orellana,

Diop, Exposito, Inui; Kike Garcia eta Enrich.

Getafe. Soria; Damian, Djene, Cabrera, Nyom; Portillo, Arambarri,

Maksimovic, Cucurella; Jaime Mata eta Angel.

Epailea. Eduardo Prieto Iglesias.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 12:00etan (Movistar La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.