Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Satisfyerra irratian

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Gozamen bikoitza. Ia sinkronizatuta, Satisfyer klitori xurgagailuaz jardun zuten atzo goizean EIn zein REn. Ana Iruretagoiena eta Jon Intxaurraga solaskide gazteak Nagore Telleriarekin, euskaraz; eta Arantxa Urretabizkaia eta Marta Macho ez horren gazteak Almudena Cachorekin, gaztelaniazkoan. Kuriosoa belaunaldien arteko arrakala dialektikoa (orgasmikoa Iruñean zentsuratutako hitzaldirako utziko dugu). Merezi du segidan aditzea bi podcastak. Lehen biak, bizipen enpirikoa baliatuz eta informazio eta formakuntza iturri ugaritatik edanez mintzatu ziren iraultza sexuala omen dakarren artefaktuaren inguruan. Beste biek, adinak eskaini ohi duen eskarmentutik eta ironiarako lizentziatik jardun zuten, ezjakintasuna modu duin eta dotorean ezkutatzeko lain.

Aurpegiak mintzo. Baliteke irrati jardunaren ikusmena normalizatzearekin batera hastea irratiaren akabera. Baina, tarteka, gogoa ematen du esatarien eta gonbidatuen arteko aldartearen lekuko izateko. Lastima irudi grabaziorik ez izatea, esaterako, Maite Artola eta PPko Laura Garridoren arteko aurrezko-aurrekoarena Faktoria-n herenegungoa; PPk egindako bideo muntaketa (Gasteizko udalaren euskarazko bandoa ulergaitza zaion gazte bat ageri da) hizpide izan zuten unean. Kontrara, sareetan ikusgai da Angeles Barcelok eta Rodriguez Zapaterok une berean eduki zuten hizketa, Hoy por hoy irratsaioan. Politikaria Espainiaren batasunaz eta gobernu berriaz gozo ari zen bitartean, eroso sumatu zen Barcelo. Baina azken minutuetan Zapaterok Venezuelari buruz Espainiako komunikabideek zabaltzen dutenaren % 90 partziala dela esan bazuen, esan zuen… Ordu arteko kazetari erlaxatua di-da ipurterretu egin zen. Ulertzekoa da asaldura: SER katearen jabe den Prisa taldeak egundoko interes ekonomiko eta mediatikoak dauzka Venezuelan, eta Barcelok fideltasuna zor dio bere etxeari.

Biktimen kategorizazioa. Indarkeriazko iragana jorratzeko orduan non gauden ohartzeko erretratu fidela, gaur-gaurkoa, erakutsi digute Gregorio Ordoñezen eta Alonsotegiko lau herritarren hilketen inguruko ekitaldiek. Alderatzea besterik ez dago, egundaino, estatu aparatuek zer egin duten batean eta bestean, egia, justizia eta aitormena gauza daitezen, eta, egunotan, bateko eta besteko biktimei eskaini zaien arreta mediatikoa eta politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.