Berizzok garaipenak behar ditu lanean lasai jarraitzeko

haritz gallastegi
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Athleticek hamar puntu irabazi ditu Espainiako Ligako lehen hamar partidetan. Batez besteko horrekin, maila galtzeko arriskua dago. Beraz, hirunaka gehitzen hastea komeni zaio, eta, ahal badu, bihar bertan hasita. Taldean ere konturatu dira. Emaitza txarrak direla eta, Eduardo Berizzok orain arteko jokatzeko era aldatu du. Indarrak aurrea hartu dio talentuari. Hori, berez, ez da txarra, bakoitzak dituen baliabideen arabera jokatu behar baitu. Baina uztailetik jokamolde baten aldeko apustua egin eta bat-batean beste bide bat hartu izana ez da seinale ona. Talde barruan dudak daudela erakusten du.

Kirol profesionalean bide bakarra dago zalantzak alboratzeko: emaitza onak lortzea. Bada, Athleticenak erdipurdikoak izan dira ligan orain arte. Partida bakarra irabazi du. Lehen jardunaldian eta luzapenean lortu zituen hiru puntuak. Leganesen kontra izan zen. Abuztuaren erditik, ez du beste garaipenik eskuratu. Zazpi lehia berdindu ditu, eta bi galdu. Bistan da ez dela samurra Athletic mendean hartzea, baina bilbotarrei ikaragarri kostatzen zaie irabaztea. Horregatik, kale egiteko tartea amaitzen ari zaie. Hirunaka pilatzeko premia dute.

Athleticek bolada txarra amaitzeko lehen aukera orain arteko ezusteko nagusietako baten kontra izango du, bihar. Joan Fransec Ferrer Rubi-k goitik behera itxuraldatu du Espanyol. Ia inor fitxatu gabe, talde galtzaile bat sailkapenaren goiko postuetara eraman du. Ez da entrenatzaileak azken hilabeteetan lortu duen balentria bakarra. berak igo zuen Huesca Lehen Mailara. Espanyol etxean talde indartsua da oso. Jokatu dituen lau partidak irabazi ditu. Diego Lopez atezainak, Mario Hermoso erdiko atzelariak, Marc Roca euskarriak eta Borja Iglesias aurrelariak osatzen dute bizkarrezurra. Bost gol sartu dituen erdiko aurrelari indartsua da fitxatutako apurrenetakoa. Gerard Morenoren lekukoa hartzea egokitu zaio. Konfiantzaz gainezka dagoen taldeari aurre egiteko, giharraren aldeko apustua egingo du Berizzok.

ESPANYOL-ATHLETIC

Espanyol. Diego Lopez; JaviLopez, David Lopez, Hermoso,Didac Vila; Granero, Marc Roca, Darder, Hernan Perez; Piatti, Borja Iglesias eta Sergio Garcia.

Athletic. Herrerin; De Marcos,Yeray, IƱigo, Martinez, Balentziaga; Dani Garcia, San Jose, Susaeta, Raul Garcia, Yuri; eta Williams.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Cornella-Prat (12.450 ikusle).

Ordua. Bihar, 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.