Donostiako Aste Nagusia

Kanoikadarik flamenkoena

Flamenko doinu artean eman diote ongietorria Aste Nagusiari Alderdi Ederren bildu diren ehunka pertsonak, eta kanoiaren eztandaren ostean hasi da donostiarren abuztua alaituko duen festa.

Flamenko ukitua eman dio Sonakay taldekoak Artillero abestiari. GORKA RUBIO/ FOKU.
Donostia
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Zer-nolako iskanbila!», oihu egin du emakume ile hori batek eskuetan duen abanikoa astintzen duen bitartean. «Itxaron, mesedez, utzi pasatzen», ingurukoei bidean aurrera egiten uzteko erregutzen ari da haur-kotxe bat daraman gizona. Tanbor jotzaileak, buruhandiak, erraldoiak, turistak... Atzo, 19:00etarako minutu gutxi falta zirenean, euli batek ere ez luke lekurik topatuko Donostiako Alderdi Ederren. Ordu horretan bota baitzuten urtero Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikada.

Bat-batean, jende oldeak sortzen duen zalaparta sosegatzen hasi da. Erne daude udaletxearen inguruan bildu diren ehunka pertsonak, eta ezinezkoa bazirudien ere, isiltasunak hartu dio lekukoa zaratari. Artillero dale fuego / ezkontzen zaigula pastelero. Barealdia ez da luzerako izan, Sonakay taldeko kideak dira Alderdi Ederra girotzen ari direnak: une batez aukera izan dute bertan bildu direnek Andaluziara bidaia egiteko. Izan ere, taldeak zambomba jerezana doinuetara moldatu du abestia.

«Sonakayk flamenkora moldatzen ditu abesti euskaldunak», adierazi du Naiara Egimendia taldearen managerrak. Sonakayk ospea telebistako Got Talent saioan lortu du, eta orduz geroztik, gelditu gabe jardun dute lanean. Labetik ateratzeko prest dago Sonakay denontzat, taldearen lehenengo diskoa: irailean argitaratuko dute. Sonakayren moldaketen artean daude, esaterako, Benito Lertxundiren Loretxoa eta Mikel Laboaren Txoriak Txori. Horretaz gain, euren abesti propioak ere sortzen dituzte.

«Artillerok gure esentzia dauka orain: letra berdina den arren, flamenko ukitua eman diogu», esan du Sonakayko baxu jotzaileak. Jose Luis Jimenez Beltza hernaniarra da izatez, hala ere, haurra zenetik ikusi izan du Aste Nagusiko kanoikada eta «ohorea» da beretzat zuzenean parte hartzea: «Sonakayri orain arte pasa zaion gauzarik ederrena da».

Eta zeinekin? / Eta norekin? / Orpo mozkorraren alabakin. Abestiaren azken notak jo dituzte musikariek, eta txalo zaparrada erraldoiak berotu du Alderdi Ederreko giroa. Bat batean, «Danba!» entzun dute bertan bildu direnek. Haurren negar hotsak eta helduen harridura keinuak nagusitu dira jendartean kanoiaren eztandarekin batera.

Alabak hartuko du lekukoa

Ohikoa den moduan, Luis Mokoroa artillari nagusiak jaurti du kanoia. Datorren urtetik aurrera, aldiz, haren alaba Onintza Mokoroak izango du ardura. Kanoikadaren ostean, soldaduek tiroak bota dituzte eskopetekin, eta berriz ere, haurren negar hotsak nagusitu dira Alderdi Ederren.

«Duela urte batzuk Parte Zaharrean egongo ginateke, orain ordea, beste modu batera ospatzen dugu festa», adierazi dute Xabier Arbelaitz eta Itziar Alvarez donostiarrek. Udaletxearen inguruan dabilen jendetzaren artean daude, eta euren bi haurrak ere izutu dira kanoikadaren eztandarekin. Erraldoiak eta buruhandiak ikusi ostean, barraken eremura joango dira, haurrekin. Gauean, su artifizialak ikusiko dituzte izozki zaporetsu bat jaten duten bitartean: «Parranda gutxi egingo dugu».

Kanoikadarekin batera, hamaika sentimenduk egin dute eztanda donostiar askorengan. Pixkanaka apaldu da Alderdi Ederreko giroa, eta bertako jendetza ere sakabanatzen ari da. Orain, Parte Zaharrak hartuko ditu festa zaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.