Mikel Zumeta.
HERTZAK

Generoa punk

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Egunerokotasuna, gauza hori: ekintza, gertakizun eta uneen batuketa. Monotonia automatikoenarekin deskriba eta irakur daitekeen istorioen kateamendua. Bizitza den, diapositiben gurdi batek kiribilean proiektatzen dituen momentuen sorta ausazkoa.

Egunerokotasuna gertatzen den zerbait da, intimoa dena, eta garaikidea zaigun une historikoarekin elkarrizketan dagoena. Elkarrizketa horretan dagoen elkar eragina, dialektikak eta diskurtsoak definituko gaitu. Bizitzea tokatu zaigun garaiaren espektroan puntu konkretu batean kokatuz.

Lucia Lijtmaerrek eta Isa Calderonek astero Deforme semanal podcasta dakarkigute, Primavera Sound irratiak ekoiztuta. Bertan egunerokotasunarekin dugun harremanaz hausnartzen dute; iragana, oraina, mitoak, usteak, kontakizunak eta gezurrak ezeztatzeko. Hankaz gora jartzeko, deformatzeko edo deuseztatzeko. Genero ikuspegitik lantzen dute kultura, umoretik landuko dute generoa kultuki, eta kultuki berreraikitzen dute egunerokotasuna, umorea, itsasgarri eranskari bezala erabiliz.

Lijtmaer kazetaria, idazlea eta itzultzailea da, besteak beste. Calderon, berriz, gidoilaria, kritikaria eta umorista. Biak ala biak feministak. 2016. urtean ekin zioten Deforme semanal egiteari, hasieran antzokietan egiten zuten, eta 2019. urtetik aurrera podcast formatura egokitu zuten. 48 atal inguru topa ditzakegu sarean entzungai plataforma ohikoenetan. Atalak gaikakoak dira, gai bana hartzen dute bizkarrezur, eta horren inguruan egituratzen dute atala: gaztetasuna, gaizkia, extasia, kantzelazioa, lagunak, odola, zeitgeist-a...

Deforme semanal ideal total izena du saioak, eta egia da, astero errealitatea deformatzen dutela, edo akaso, deformatutako errealitatearen irudi zuzenduaren isla. Betaurreko politikoak jartzen dituzte eta Virginia Woolf, Courtney Love eta Susan Sontagez aritu izan zaizkigu. Paul Verhoevenek nola Sharon Stone engainatu zuen haren hankartea ezustean filmatzeko. Nabokoven Lolita-z aritu zaizkigu, ligatzeaz, misoginiaz, eta guztia pikutara bidali nahi izateaz.

Kultur kritika, historikoa, hausnarketa eta umorea ezin hobeki uztartzen dituzte. Testosterona usainaz saldu diguten errealitateari kontra egiteko. Deseraikitzeko eta berreraikitzeko astero: idealki totalki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.