Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Apustu etxeei, agur

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Espero zen aitormena. EITBko administrazio kontseiluak apustu etxeen iragarkiei uko egitea erabaki zuen asteazkenean. Maite Iturbe zuzendariak adierazi zuen EITBk ez duela ludopatia areagotzen lagundu nahi. Albistea pozgarria da, inondik ere. Baina, hara non, de facto, Iturbe aitortzera datorren EITB jokorako adizioa sustatzen aritu dela azken urteetan, hainbat gizarte eragileek salatu bezala. Eta oraindik okerragoa dena, iragarri duenez, hurrengo hilabeteetan EITBk eutsi egingo dio gizartearen ongizaterako kaltegarria den jardun horri, abenduaren 31 bitarte asko jota, sinatutako kontratuak betetze aldera. Gauzak horrela, toki ederrean geratzen dira apustu etxeen iragarkiei ahotsa jarri dieten kiroletako kazetariak. Tokitan, euren sinesgarritasuna eta ospea. Zigor polita jartzen zaie euren bizkar gainera honetaz gero, hurrengo asteetan ere goitik agindu diotenari eutsi beharko baitiote, ludopatiaren bultzatzaile agertuz.

Non, zer. Umore sarkorrez eta ideologia subliminalez zipriztindutako gogoeta sintetikoaren artistatzat har dezakegu Jose Antonio Perez Bilboko gidoilari eta idazlea. Urte mordoxka darama Radio Euskadin Más que palabras saioko kolaboratzaile gisa, Mal pensando tartetxoa eginez (igandea, 10:05ean). Orain aurretik, estatu mailarako jauzia eginn du, Pepa Buenoren eskutik (Hoy por hoy, SER katea). Punto y Perez tartearekin hiruzpalau minutuz jarduteko lizentzia dauka astelehenero, 09:55 aldera, tertuliaren segidan. Etorkizuneko izenburu deliranteak ahoskatzen ditu; akaso magazin osoko unerik sublimeena izan liteke, aktualitatea malizia dosi handiaz bihurritzen baitu. Perezek ederki asko daki zer-nolako audientzia daukan aurrean, zeri buruz eta nola jardun dezakeen. REn, martxoaren 3an, Baltasar Garzon epaile ohia izan zuen hizpide; haren iritziz, euskarazko egunkaria itxi bazuen, ezin zuelako irakurri izan omen zen (agudo batean, entzuleek zuzendu egin zioten, gogoratuz Del Olmo izan zela beso itxitzailea). Hots, Garzonengatik halakorik botatzen ez dugu sumatuko gizona SERen sekula, ezta umorearen koartadaz mozorrotuta. Astelehenean, berriz, Bilduko eta Voxeko bi ordezkariekin egin zuen txantxa; maitemindu egin omen dira, intolerantziak batuta. Ziur nago mihiari kosk egingo liokeela euskal irrati publikoan halakorik esan aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.