UDAKO SERIEA. Hego Sudan, independentziatik hamar urtera (I). Erreferenduma.

Agur, Sudan, agur

Sudango iparraldea eta hegoaldea duela hamar urte bereizi ziren, hegosudandarrek independentzia bozkatu ostean. AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak sustatu zuten prozesua.

Agur, Sudan, agur.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Afrikar kontinentean estatu berri bat sortu zen 2011ko uztailaren 9an,Hego Sudanek independentzia aldarrikatu zuenean. Bidea sei hilabete lehenago hasi zuen, baina: urtarrilaren 9an, erreferendum batekin. Han, independentzia edo Bye, bye, Sudan (Agur, agur, Sudan) berresteko ilaretan, Sudan Askatzeko Herri Armadako (SPLA) agintariek eta estatu-nazio berriaren nazioarteko babesleek bultzatutako irudikapen sinplistarekin bat zetozen erantzunak ematen zizkieten kazetariei boz emaileek. Haien esanetan, Sudango hegoaldean bizi ziren «afrikarrentzat» beharrezkoa zen urrats hura, iparraldeko arabiar islamisten eskutik jasandako zapalkuntza eta bazterketa historikoari aurre egiteko. Argudiatzen zuten 1983az geroztik gerran arituak zirela estatu federal baten alde, eta, «Khartumen maltzurkeriaren ondorioz», ezinezkoa zela batasun gobernu bat, nahiz eta 2005ean Sudango Gobernuak eta SPLAk Bake Akordio Orokorra sinatu zuten.

Bake akordio horren arabera, aurreko sei urteetan ustiatutako petrolioaren irabazien erdia hegoaldeko trantsizio gobernuari zegokion arren, Khartumek %74 beretzat hartzen jarraitzen zuen—halaxe jasotzen zuen Global Witness elkartearen argitalpen batek—. Hori ere hizpide zen bake akordioak jasotako sezesio aukera egikaritzeko unean Juban nagusitu ziren aho batezko garaipen ospakizunetan.

Akordioak sinatu eta sei urtera, trantsizio gobernua eratu zenean, eta NBE Nazio Batuen Erakundea eta Mendebaldeko bestelako laguntza erakundeak iristearekin batera, 4x4 ibilgailuen buxadurak egundokoak ziren Jubako erdigunean; kanpoko laguntzak eta inbertsioek ekarri behar zuten garapen bizkorraren adierazle zirela sinetsi nahi zuten herritarrek. 2005ean Hego Sudan guztian asfaltatutako kilometro bakarra zegoen, eta auto bakan batzuk besterik ez; hori esaten zien Garraio ministroak kazetariei, herrialdea zer egoeratik zetorren ohar zitezen, nahiz eta 2011n ere asfaltatutako bideak ez ziren askoz gehiago.

Hego Sudango herriek munduko errealitate gordin azpigaratuenetako bat zuten, osasun, hezkuntza eta garapen gabezien ondorioz. SPLAk —dinka eliteen esku zegoen— eratu zuen Batasun Nazionaleko Gobernua, AEBek, Erresuma Batuak eta Norvegiak buru-belarri sustatutako bake akordioaren bidez. Hego Sudango Gobernua herri aniztasuna egituratu eta herritar xumeen beharrei erantzuteko gai ez bazen, Sudango presidente Omar al-Baxirren NCP Kongresu Nazionalaren Alderdia jotzen zituzten traba nagusitzat, eta garrantzitsuena sezesioa bultzatzea zen.

Dinkak eta nuerrak

Nazioarteko troikak ontzat emandako propagandaren itzalean, beldurrak menderatutako eremu isiletan, esan gabe geratu ziren egia osoaren zati gehienak. Jubako herri indigenen auzo xume batera joan zen kazetari hau erreferendumaren egunetan eta, oinarrizko baliabideak eskuratzeko zituzten zailtasunak erakutsi ondoren, beste galderak erantzuteari uko egin zioten nabarmenki. Inork ez bide zuen gogoratu nahi gerraren azken urteetako borrokak hegosudandarren artekoak ere izan zirela —iparraldeko armadaren zeharkako esku hartzearekin, bestalde—, batez ere John Garang eta dinken SPLAren eta SSDF Hego Sudango Defentsa Indarren taldeko nuerren artekoak.

Hala ere, bake prozesua bizkortzearren, SSDF —hegoaldeko beste talde eta milizia guztiak bezala— bake negoziazioetatik at geratu zen. Esan gabe geratu zen, baita ere, SPLAk irabazi eta aldarrikatzen zituen eskualde gehienak atzerriko armadek askatu zituztela; eta Ekuatoriako leinuen eta beste gutxiengoen ordezkaritzarik ez zuela trantsizio gobernuak; eta eliteek bereganatutako boterea eta haien balizko ustelkeriak eragozteko gaitasunik gabe zegoela gizartea; eta azken hamarkadetan sortu ziren tokiko ekimen armatu anitzak euren buruak defendatzeko sortuak zirela, eta ez bakarrik iparraldeko armadaren aurka, baita SPLAren aurka ere.

Bake akordioa eta estatu berriaren sorrera prestatu zuten diplomatikoek bigarren mailako arazotzat hartu zituzten horiek. Errealitatearen azterketa sakon eta egiazalea, Al Baxirren oposizioak landutako Sudan Berriaren ametsa bezala, John Garangekin batera ehortzita geratu zen, 2005eko akordioa sinatu eta berehala —istripu batean hil zen—.

Sei urtez Juba berriaren kontrola hartu zuten dinkek bezala, nuerrek ere itxaropen handiak zituzten. Salva Kiir SPLAren eta trantsizio gobernuaren nagusi berriak 2006ko urtarrilean sinatu zuen Jubako Adierazpena Paulino Matieb SSDFko buruarekin, armadan nuer taldeen integrazioa bideratzeko. Barrakoi bereiziak izaten jarraitu zuten dinkek eta nuerrek eta elkarren arteko mesfidantzak nagusi ziren, baina armaden bat egite ofizialak garrantzi handia izan zuen hainbat eskualdetan bakea bermatzeko. Botere posizioetan dinkak ziren nagusi, baina indar armatu nuerren kopurua handiagoa zen, eta kanpora begira Bye, bye, Sudan leloari eusten bazioten ere, hiriburura iritsitako nuerren arteko bilera itxietan ikusten zen boterea hartzeko txanda eske ari zirela.

Hego Sudango Gobernuaren legezkotasuna bermatzearren, Mendebaldeko troikak finantzatutako Garapenerako Gobernuen Arteko Agintaritzak (IGAD) sustatu zuen bake prozesua, eta Mendebaldeko estatuetako erakundeez hornitu zuen trantsizio gobernua. Itxurazko zuzenbide estatuak handik gutxira ezagutuko zuen desastrea kontuan hartuta, kopiatutako erakunde eredu horiek bertako errealitatean egokitu gabeak suertatu dira, helburu ezkutua aberastea eta lurrak harrapatzea ez bazen behintzat.

Hego Sudanen gerra zibila sortuko zela ez genekien oraindik. Lurraldera egokitutako demokrazia bat lantzen ari zirela esaten zuten agintariek eta haien nazioarteko lagunek. Ez genekien justizia ekonomikoa landu eta ezberdintasunen aurka eraginkorki borrokatuko zuten ala ez. Babesteko erantzukizunaren dotrina zen hizpide AEBetako politikarien artean, esku hartzea justifikatzeko.

Erreferendumerako boto bulegoetan Jimmy Carter agertu zen, AEBetako presidente ohia. Zera galdetu nion: «Sahararrek ere eskatzen dute autodeterminazioa, baina Estatu Batuek ez dute berdin jokatzen han. Zergatik?». James Baker bere lagunaren lana aipatuz atera zen estualditik, Al-Baxirri buruz ezer esan gabe.

Bihar: Estatua sortu osteko arazo politiko eta sozialak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.