ainara arratibel gascon
ANALISIA

Aldebiko konpromisoa

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30ean 48.000 zale bildu ziren San Mamesen, Espainiako Kopako final-laurdenetako partida ikusteko, Athleticen eta Atletico Madrilen artekoa; joan den igandean, berriz, ia 20.000 Anoetan, Realaren eta Sevillaren arteko finalerdirako. Horri hilaren 10ean Realak eta Athleticek jokatuko ligako partida ikusten egon ziren 21.000 zaleak gehitu behar zaizkio. Datuek agerian uzten dute emakumeen futbola izaten ari den gorakada. Baina zer pasatuko da hemendik aurrera?

Bi taldeak Lezaman eta Zubietan jokatzera itzuli dira. Jokalariei horren inguruan galdetzean, erantzuna bera izan da: «San Mamesen eta Anoetan bizi izandakoak balio dezala Lezamara eta Zubietara jende gehiago etortzeko». Ez zaie arrazoirik falta, hori bailitzateke partida guztiak Anoetan edo San Mamesen jokatzeko hurrengo urratsa. Horrenbestez, gaur-gaurkoz haientzat balio handiagoa du Lezaman edo Zubietan jokatzen duten aldiro harmailak beteta egoteak, partida bakar batean 20.000 edo 48.000 biltzeak baino.

Horrek bi aldeko engaiamendua eskatzen du: batetik, klubena, eta, bestetik, zaleena. Klubei zaleak emakumeen partidak ikustera joateko erraztasunak jartzea eskatu behar zaie: garraioa, ordutegiak... Baita lehia horiei ikusgarritasun handiagoa ematea ere.

Baina hori alferrik da gero zaleak erantzuten ez badu. Eta hori eskatu behar zaie, emakumeen futbolari benetan bultzada bat eman nahi badiote. Ez da nahikoa partidak San Mamesen eta Anoetan jokatzen direnean joatea. Partida horiek ez dira festa huts bat. Ez da nahikoa emakumeen futbolaren maila aitortzea. Igandean Anoetan egon ziren zaleen %10 Zubietara joango balira, adibidez, aurrerapausoa emanda legoke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.