Danel Agirre.
SASKI DA!

Presio ez hain jasangarria

2018ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Ziur aski, hirurak behar. Maiatzero izaten diren emaitza bitxiek datorrenaren gisako kalkuluak azpikoz gora ipini ohi badituzte ere, Bilbo Basketek mailari eutsiko badio geratzen zaizkion hirurak irabazi beharko dituen traza osoa hartu du sailkapenak. Garaipen bat gehiagorekin puntu aldea irabazia dion Zaragozak bi aurkari oso zaili egin behar die aurre (Unicaja eta Bartzelonaren aurka, biak kanpoan). Eta bien artean, samurrago bati (zortzi jarraian galdu dituen Fuenlabradaren aurka, etxean). Domekan Baskoniari gailendu ezean, Zaragozaren eskuetan geratuko da Bilbo Basketen patua, seguruenik. Beltzezkoen benetako zorigaitza beste bat da, ordea: oso noizean behin partida txukun antzekoa jokatzen dutenean ere ez dute irabazten, zapatuan modu ezin ankerragoan Santiagon egiaztatu moduan.

Ezorduko erreskaterik ez. Orain arte, azken edo azken-aurren amaitzea ez zen izaten jaitsi beharraren sinonimo ACB ligan. Igoera gauzatzeko azpitik zetozenei ezarritako baldintzak benetan ziren drakoniarrak, eta maiatzean maila galdutako hainbat talde uda bukaeran erreskatatzen bukatu izan du ligak. Hobe, ordea, aurten gisako oparirik ez itxarotea. Aipatu betebeharrak arindu dira, eta bai Breogan txapeldunak eta bai ACBra igotzeko bigarren taldea izateko lehian Urrezko LEBean kanporaketak jokatzen ari diren hainbatek jauzia egiteko anbizioa azaldu dute. Hala ere, bietako batek kantxan erdietsitako eskubideari uko egingo balio, ezin da baztertu ACBk datorren sasoian hamazazpi talde izatea. Euroligan ari diren handikiek jasan behar duten egutegia kriminala denez, hamasei kideko lehiaketarantz jo nahi dute berandu baino lehen.

42 milioiko zerraldoa. Pentsatzekoa da Bilbo Basketen gainbehera udaleko eta Bizkaiko Aldundiko hainbat gorbataren korapiloa estutzen ari dela. Zortzi urte beteta ez dituen eta 42 milioi euroko kostua izan zuen Bilbo Arena kapritxora eraiki zioten erakunde publikoek Gorka Arrinda klubaren orduko jabeari. Eliteko saskibaloirik gabe, zerraldo ezerosoa litzateke eraikina. Are ezerosoago, izan ditzakeen erabilera osagarri gehienak ekitaldi agenda mehar askoa duen BECi gordetzen zaizkiola jakinda. Maila galduz gero Bilbo Basket desagertzeko kinkan legokeela baieztatzen du, ziur aski, azken asteetan maila galduz gero Bilbo Basket desagertzeko kinkan legokeela gezurtatzera inor ez azaldu izana, ez klubetik, ez eta erakunde publikoetatik ere. Taldeak maila galduko balu (eta galduko ez balu ere bai, ziur aski), Gipuzkoako Aldundiak 2016ko udan egindako antzeko kalkuluak burutzea tokatuko zaie Bizkaiko erakundeei. Denis Itxasok GBC artifizialki bizirik mantentzea erabaki zuen orduan, eta maniobra apropos irten zaio, ezer bainoago, Porfi Fisacen lan apartari esker. Bilbo Basketen zorra zenbatekoa den ez du zuzendaritzak zabaldu nahi izan. Zuzendaritza horri —izan ACBn, izan LEBn— hausporik geratzen ote zaion datozen asteetan ikusiko da. Kanpoko zaldi zuriren bat agertzeak utopia dirudi.

Salbatu kluba, eta sosak. Veljko Mrsic Bilbo Basketeko entrenatzaile kaleratu berriak bere jokalariak zirenak urte hasieratik soldatarik kobratu gabe lanean ari zirela onartu zuen duela aste batzuk. «Presioa jasateko» exijitu zien, «kirolari profesionalaren bizitza» horrelakoa omen delako. Udan Bilbo Basket likidatuko balitz, batek daki klubaren hartzekodunentzat zer geratuko litzatekeen, eta apur horien partiketak zenbat iraungo lukeen. Hiru partida hauetan, maila bakarrik ez, kluba eta beraien dirua salbatzea ere tokatzen zaie jokalariei. Ez dirudi hain presio jasangarria.

Eutsi tentaldiei, arren. Baskoniak igandean Bilbo Basket mendean hartuz gero, gizabidetsu portatzeko aukera aparta izango dute zale gasteiztarrek, bai Miribillan eta bai sare sozialetan. Ez dute askorik egin beharrik: enpatia apur bat azaldu, isilik geratu eta hurkoaren dolua errespetatu. Baina ezer ez egitearena suertatu ohi da, sarri, konplitzeko erregurik zailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.