Amadeo Carrizo

Bat eta bakarra

Hego Amerikak inoiz izan duen atezainik onenetakoa joan den ostiralean hil zen, 93 urterekin. Aitzindari izan zen, irauli egin zuelako atezainen jokoa, orain atezainek egiten dituzten jokaldiak eginez. River Plateko mitoa zen Carrizo.

RIVER PLATE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ez da zu bezalako beste bat egongo», idatzi zuen Argentinako River Plate taldeak sare sozialetan joan zen ostiralean. Hil berria zen Amadeo Carrizo atezain mitikoa, 93 urterekin. Herrialde horrek inoiz izan duen atezainik onena izan zen, eta IFFHS Futbolaren Historiako eta Estatistikako Federazioaren arabera, aurreko mendeko Hego Amerikako onena. Riverreko mito ere izan zen, eta 2012an ohorezko presidente izendatu zuten. 2004tik Carrizo du izena Monumental estadioko harmaila baten zatiak.

Bakarra izan zela gogoraraztea ez da debaldeko baieztapena. Riverren 521 partida jokatu zituen. Debuta 18 urterekin egin zuen, 1945ean, eta 42 urte zituela jantzi zuen azkeneko aldiz talde historiko horren kamiseta, 1968an. Kopuruez eta datuez harago ere bakarra izan zen Carrizo. Iraultzailea eta aitzindaria. Zuri-beltzeko futbolean, kolorez marraztu zuen atezaina. Nola ausartuko zen, bada, atezain bat aurkariari izkin egiten garai hartan? Carrizo izan zen lehendabizikoa, eta Riverren aurkari zuzen-zuzen Boca Juniorsen aurkako partida batean egin zuena historiarako gordeta geratu da, betiko. 1954an izan zen, Monumental estadioan, eta 3-0 ari zen irabazten River. Bocako Pepino Borello aurrelaria korrika batean joan zitzaion atezainari, eta hark, baloia oinetan zuela, izkin egin eta taldekide bati pasatu zion. Garai hartan, isekatzat hartzen zen atezainek halako jokaldiak egitea. Beste bereizgarri bat ere eman zion atezainaren jokoari: aurrenekoa izan zen jokalari lanak egiten, areatik atera eta ohikoa baitzuen taldearen erasoko jokoan beste jokalari bat bezala aritzea. Beste honetan ere berritzailea izan zen: gaur egun, ohikoa da atezainek aurkariei aurrea hartzea beren burua lurrera botaz area barruan, aurrelariari baloia hartzea galaraziz.

Inoiz inork egin gabeko geldiketak ere asmatu zituen argentinarrak. Esate baterako, baloia eskuekin geratu beharrean, bularrarekin geratzea. Jorge Gottling kazetariak honela defenitu zuen Carrizo 2003an, Clarín egunkarian idazten zuen zutabean: «Geldiketak asmatzen dituen atezaina da».

Carrizok berak honela azaldu zuen zergatik jokatzen zuen horrela: «Atezain jaio nintzen, jokalari izateko abilezia duten atezain bat nintzen. Banekien baloia ondo jotzen—ederki ematen zion hiru behatz esaten zaion jotzeko teknikarekin—, buruarekin ondo ematen nion, eta abila nintzen aurkariei izkin egiten. Baina hori dena egin aurretik, atean lan ona egin behar da, konfiantza eduki, teknika menderatu eta intuizioaren jabe izan jokaldi bat moztera ateratzeko. Aurkariei azkeneko erremate hori galarazten dieten atezainetako bat izan nintzen». Beste azalpen honetan, atezainen lana goratzea aldarrikatu zuen: «Gehiago ikus gintzaten nahi nuen, gu ere garrantzitsuak ginela adieraztea, atezainengan hasten delako talde baten segurtasuna. Atezain ona duen taldeak babestuta jokatzen du».

Eskularruekin jokatzen ere aurrenekoa izan zen Hego Amerikan, Giovanni Viola italiarra lagunarteko batean halakoak erabiltzen ikusi zuenean. Jantziekin bazuen beste bitxikeria bat ere: txapelarekin jokatzen zuen askotan. Bazeraman partida mordo bat golik jaso gabe, eta ezin, bada, txapela kendu, zorte ona ematen ziola eta. Bocaren aurkako partida batean, Rojas aurrelariak kendu egin zion txapela partidaren aurretik, eta Carrizo korrika batean atera zen berreskuratzera.

Atezainen patu saihetsezina

Riverren 23 urtez jokatu eta gero, ez zuen mereziko zukeen bezalako amaiera izan betiko klubean. Galdu berria zen River Libertadores Kopako finala 1966an, eta Liberti presidenteak Carrizo jo zuen erruduntzat. Bi urte geroago, liga irabazi gabe geratu zen azkeneko partidan, eta Kent presidenteak taldetik alde egiteko atea ireki zion. Zaleek, haserre klubarekin, bazkide txartelak hautsi zituzten. Kontuak kontu, ez zuen gehiago jokatu Riverren, eta azkeneko denboraldia Kolonbian egin zuen, Millonarios taldean. Perun ere jokatu zituen lagunarteko bi partida 1969an, Alianza Lima eta Universitario taldeekin. Alianzarekin Dinamo Moskuren aurka aritu zen Liman, eta inoizko bi atezain onenetakoak izan ziren parez pare: Lev Yaxin errusiarra eta Carrizo.

Selekzioarekin ere jokatu zituen 22 partida, eta tartean 1958ko Munduko Kopakoa Txekoslovakiaren aurka, Suedian. 6-1 galdu zuen Argentinak, eta lehen fasea gainditu gabe itzuli zen etxera taldea. Erruduntzat Carrizo zeukaten zaleek, eta autoa ere erre zioten. Uko egin zion selekzioarekin jokatzeari, 1964an itzuli bazen ere. Bat eta bakarra izanagatik, atezainen patu astuna, errudun sentitzea, ezin izan zuen gainetik kendu: «Gehiago gogoratzen naiz sartu zizkidaten golez, geratu nituen baloiez baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.