Maider Irisarri

Bateragarri egin ditu

Maider Irisarri Osasunako futbolariak argi zuen ama izan nahi zuela, eta hori ezin izan zela oztopo izan goi mailan lehiatzen segitzeko. Lortu du, eta konfinamenduan ere erakusten ari da biak bateratzea posible dela.

MAIDER IRISARRI.
ainara arratibel gascon
2020ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ez da alpinista, ezta eskalatzailea ere. Baina haiek mendi eta horma garaietan egiten duten moduan, Maider Irisarri Osasunako futbolariak (Añezkar, Nafarroa, 1988), bide garrantzitsu bat ireki du berdintasunean. Iaz ama izan zen,eta haurra izan eta bost hilabetera, urtarrilaren 13an, botak jantzi, eta zelaira bueltatu zen talde gorritxoarekin. Athleticen aurkako derbian izan zen. Hala, urtebeteren ostean, zirkulua itxi zuen, zuri-gorrien aurka jokatu baitzuen haurdun zegoela jakin osteko azken partida. Aitzindari izan zen horretan; izan ere, beste kirol batzuetan, eskubaloian edo saskibaloian adibidez, ohikoagoak dira halako kasuak; futbolean, ordea, ez. Hilabete batzuk pasatzeak ematen duen ikuspegiarekin, prozesua «nekeza, luzea eta ederra» izan zela dio. «Orduan, eta orain, bikotekidearen, familiaren eta klubaren laguntza funtsezkoak izan dira hau posible egiteko. Haurrak ere asko laguntzen du, oso zintzoa baita». Orain, koronabirusak eragindako konfinamenduan, lanean segitzen du, lehiaketara bueltatzen denean taldeari bere onena ematen jarraitzeko.

Ez du sekula ahaztuko haurdun zegoela jokatu zuen azken partida hura. «Senarrak eta biok baino ez genekien ume bat izan behar genuela, eta zelaira hori jakinda ateratzea berezia izan zen, baita ez nekielako ere erditu ostean itzuliko ote nintzen. Gainera, ezer jakin gabe, nire ikasleak ere [Gorputz Heziketako irakaslea da] etorri ziren neurketa ikustera».

Ondoren esan zien taldekideei eta klubari ama izan behar zuela. «Guztiek hasieratik babestu ninduten». Irisarrik argi izan zuen. «Ez nuen nahi haurdunaldiak eta amatasunak nire ordu arteko bizitza erabat baldintzatzea, eta horren parte zen futbolari izatea. Lehen egunetik horretarako borrokatu nintzen. Izan ere, bidegabea da ama izateagatik nire kirol ibilbideari uko egin behar izatea». Espainiako emakume futbolariek Irisarri itzuli eta egun gutxira sinatutako lan hitzarmenean jasotzen den amatasun eta haurdunaldi kasuetarako protokoloak horretan laguntzea espero du.

Haurdunaldiak utzi zion neurrian entrenatzen segitu zuen. «Hori bai, neure kabuz eta nituen baliabideekin». Gainera, taldetik ahalik eta gertuen egoten ahalegindu zen. «Nire ekarpena egiten saiatzen nintzen, eta partidabakar bat ere ez nuen galdu. Multzoaren parte sentitzen segitu nahi nuen».

Erditu eta hamabost egunera hasi zen zelaietara itzultzeko lanean prestatzaile fisiko batekin. «Ziurrenik, lehen entrenamendu hura izan zen gogorrena. Nik neure burua ondo ikusten nuen, baina orduan konturatu nintzen nire gorputzak izandako aldaketaz». Horri lotuta oharra egin du. «Erditzearena eraldaketa handi bat da emakumearentzat, bai fisikoki, baita psikologikoki ere. Uste dut osasun publikoak baliabide gehiago jarri beharko lituzkeela ondorengo horri begira».

Egunero, goizeko zazpietan jaikitzen zen, prestatzaileak agindutako plana betetzeko. «Gakoa diziplina eta ekinean segitzea izan ziren».Urtarrilean itzuli zen taldera. «Ederra izan zen berriro ere taldearen parte izatea». Baina sentipen arraroak ere izanzituen: «Baldar sentitzen nintzen baloiarekin. Lesio larriak eta luzeak izan dituzten jokalariei entzun izan nien hala pasatzen zela».

Egun jada bete-betean sartuta dago taldearen egunerokoan. Entrenatzera eta partidetara joateko, haurra bikotekidearekin utzi ohi du. «Bera ere entrenatzailea da Osasunako harrobian. Berak lehen txandan entrenatzen du taldea, eta ni bigarrenean entrenatzen naiz. Beraz, ondo moldatzen gara. Bestela, aitona-amonekin uzten dugu tarte bat».

Koronabirusaren krisiak eragindako etenak ondo sentitzen ari zela harrapatu zuen. «Egia esan, pena pixka bat ematen du. Gainera, taldea ondo ari zen, Lehen Mailara igotzeko aukerekin. Baina hala tokatu da». Hala ere, ez du hor geratu nahi. Izan ere, emaitzetatik harago, proiektua «sendotuta»ikusten du. «Eta hazten esparru guztietan. Gainera, etxeko, harrobiko jendearekin». Klubak bere garaian emakumezkoen taldearen alde egin ez izanaz ondorengo hausnarketa egin du. «Orain horretan pentsatzea alferrik da. Gainera, ezartzen ari diren zutarriak sendoak dira»

Irakasle ere bai

Eten honek iraun bitartean, lanean segitzen dute bai fisikoki, bai psikologikoki. Izan ere, kostatzen ari zaio etxean egon behar izatea. «Amatasun baimenarekin egon naizen bitartean, ia egun osoa kalean eman dut txikiarekin. Aurretik, gainera, apenas egoten nintzen etxean, goizean goiz lanera irten, eta entrenamenduak tarteko, iluntzera arte ez bainintzen bueltatzen. Talka handia izan da niretzat». Baina argi du «ezkor izanda eta kexaka arituta» ez dela ezer lortzen. «Etxean egoteari alde ona atera behar zaio. Adibidez, gure kasuan, batera denbora gehiago egoteko aprobetxatzen ari gara». Fisikoki klubak jarri dien plangintzari segitzen dio. Ordubete edo ordu eta erdiko entrenamenduak egiten ditu. «Pelbis zorua egonkortzeko eta indarra lantzeko ariketak egiten ditut batez ere, baita hipopresiboak ere».

Irakasle lanean ere bete-betean ari da: «Ikasleentzako lanak eta eskolak prestatzeaz gain, hainbat proiektu ere lantzen ari gara. Tutore izanda, familiekin eta ikasleekin ere hartu-emanean egon behar dut: nola dauden jakin, dituzten zailtasunak antzeman...». Ikasleen falta sumatzen du. «Nire lanbidearekin asko gozatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.