ATLETICO MADRIL 1 EIBAR 1

Gutxi bezain asko

Eibar aurretik jarri da 87. minutuan, baina azken jokaldian Atletico Madrilek berdindu egin du lehia. Dmitrovicen lana, erabakigarria

Marko Dmitrovic, Antoine Griezmannen jaurtiketa gelditzen, atzo, Wanda Metropolitanoan. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Enrichek (87. min). 1-1: B. Garcesek (94 min). Epailea. Martinez Munuera. Atletico Madrileko Koke eta Godini; eta Eibarreko Charles eta Pape Diopi. Bestelakoak. 55.674 ikusle Wanda Metropolitanoan.

Eibarren inguruan dabiltzan guztiek sinatuko lukete aldez aurretik taldeak puntu bat ateratzea Atletico Madrilen zelaitik. Atzoko partida 87. minutura arte ikusi zutenek ere beste horrenbeste egingo zuten. Baina kopeta beltzarekin eta jenio bizian amaitu zuten partida Eibarren inguruko guztiek. Izan ere, 87. minutuan aurretik jarri ziren eibartarrak, Sergi Enrichen golari esker, eta azken jokaldian berdindu zuten lehia etxekoek, Borja Garces gaztearen bitartez.

Asko da Wanda Metropolitano zelaitik puntu bat ekartzea, baina gutxi ere bada, esku-eskura izan zituelako hirurak Eibarrek. Gazi eta gozo, gozo eta gazi atzo taldeak ateratako emaitzaren inguruko hitz jario guztiak.

Ez ditzala, baina, puntuak bazterrak harrotu. Ez baita halakorik egin behar zure atezainak bereak eta bi gelditu eta urrundu dituenean. Aukera garbi-garbiak egin zituen Atletico Madrilek partida guztian; batez ere, bigarren zatiaren lehen bost minutuetan beldurtzekoa izan zen erauntsia. Denetan parean azaldu zen Dmitrovic serbiarra. «Horretarako dago atezaina, ez panpina bat izateko», bota zuen ondoren Jose Luis Mendilibarrek. Hala da, baina hainbeste lan izatearen azpian zer dagoen aztertu beharrekoa izango dute. Griezmann, Diego Costa, Lemar, Saul eta gainerakoek aukerak sortzea normala da, oso onak direlako, baina horietako batzuen oinarrian Eibarren hutsegite larriak ere egon ziren. Gehienbat, Jose Angel nabarmendu zen txarrerako alor horretan. Bigun, gaizki jarrita... Diego Simeonek bazekien atzelari espainiarra ez dela abila defentsan, eta haren bila joateko esan zien jokalariei, haren inguruko zuloetara, albora edota bizkarrera.

Lehen zatian, ez zen gauza handirik gertatu, Jose Angel beraren urruneko zartakoa izan ezik. Langa jo zuen bederatzigarren minutuan. Eta, jakina, etxekoan aukera batzuk ere izan ziren.

Bigarrenenean, hasierako oldarraldiak ez ezik, defentsako lana ere estutu egin zuen etxeko taldeak, eta Eibar hiru pase segidan eman ezinik ibili zen. Azken 25 minutuetan ireki zen lehia, eta Eibar kontraerasoak ateratzen hasi zen, baita baloia edukitzen ere batzuetan. Arbillak langara ere bota zuen baloia 65. minutuan. Enrich ateratzea gakoa izan zen erasoan arnasa emateko taldeari. Arnas luzea ere eman zion 87. minutuko golarekin, poz erabatekoa zirudiena, baina Garcesek hasierako lekuan utzi zuen puntu banaketa, aurretik Godinek buruz langara burukada bat egin eta gutxira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.