KOLPEZ KOLPE

Golaren ehiztari dira Alexander Isak eta Iñaki Williams. Hurrenez hurren, Realaren eta Athleticen kontagailuetan golak gehitu nahi dituzte gaurko derbian. Beren taldeek haiek dituzte itsasargi.

BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Beren taldeetako zaleen jokalari kutunenetako bi dira, eta maitasun horrek ez du etenik izango aurkariaren sarea zulatzen segitzen duten artean. Alexander Isakek (Solna, Suedia, 1999) eta Iñaki Williamsek (Bilbo, 1994) izerdiaren bidetik lortu dute Realeko eta Athleticeko jarraitzaileen babesa, baina sasoi honetan norabide ezberdinetan aritu dira.

Ostegunean txuri-urdinen eta zuri-gorrien poz iturri izan ziren Espainiako Kopan, eta xede berarekin ekingo diote gaur derbiari. Helburu bakarra dute begitartean: golen bidez beren taldeei garaipena eskuratzen laguntzea. Babak eltzetik ateratzen segitu nahi dute.

Orain artean, bien jarduna ezberdina izan da asmo horretan. Nolanahi ere, urrats bat aurrera egiteko kementsu dira biak, eta horretan dabiltza buru-belarri. Alabaina, bakoitzari bere taldearen egoerak baldintzatu dio aurrerapausoa emateko unea.

Isaken kasuan, neguko merkatuko katramilak bihurtu du Realaren itsasargi. Aurrelariari hamaikakoko ateak zabaldu dizkio Willian Joseren aferak, eta ez du huts egin. Alderantziz: hobetu egin du brasildarrak orain artean emandako maila, eta txuri-urdinen jirakoen erabateko konfiantza bereganatu du. Zaleek abesti bat eta guzti asmatu diote. Une gozoan da Isak; azken bost partidetan zazpi gol garrantzitsu sartu ditu suediarrak.

Orain lehertu bada ere, aurrelari eskandinaviarra ondo ari da sasoia hasi zenetik. Zaratarik gabe iritsi zen Donostiara, baina bere jokatzeko moduak protagonismoa eman dio hilabeteek aurrera egin ahala. Hasieran, ulertu zuen bere rola Willian Joseren itzalean egotea zela, Imanol Alguacilek zelairatzean erantzutea zegokiola.

Bikain jokatu zuen rol hori, eta gehiagoren bila ari da orain. Gaur-gaurkoz, lortu du: donostiarren itsasargi bilakatu da. Isakek hamahiru gol sartu ditu jada 27 partidatan, sei ligan eta zazpi Espainiako Kopan. Txapelketa harretako golegile nagusia da.

Esanak, suspertzeko bide

Oso bestelako egoera batek ekarri du Williamsen engaiamendua: Athleticen bolbora bustiak. Zuri-gorrien erasoko ezintasunak Gaizka Garitanok Williamsi zuzendutako eskari bat ekarri zuen Espanyolen aurkako partidaren ondotik, orain bi aste: «Gure taldeko funtsezko jokalaria da. Gustura nago egiten ari den lanarekin, baina golek ematen digute bizia. Jokalari frankizia bati duen guztia eskatu behar zaio», adierazi zuen Derioko prestatzaileak. Aurrelariak gizalegez onartu zituen Garitanoren esanak.

Izan ere, Williams ez da Isak bezain fin ari ateari begira, nahiz eta azken boladan lehoiek egindako orrorik ozenenak berak eragin, Bartzelonari Kopan sartutako golaren ondotik. Ligan lau gol besterik ez du egin 22 partidatan. Hala, partidako 0,18 sartu ditu, batez beste. Alde horretatik, hobeak dira Isaken datuak; partida kopuru bera jokatu du txuri-urdinak, baina partidako 0,27 gol egin ditu batez beste. Datua are esanguratsuagoa da bi jokalariek jokatutako minutuei erreparatuz gero; Isak 787 minutuz aritu da, ligako minutu guztien %40tan. Garitanok, berriz, 1.867 minutu eman dizkio Williamsi, Liga osoak izan dituen minutuen %94.

Realaren eta Athleticen joerek ere azaleratzen dute erasoko jokoan dituzten aldeak; Isak donostiarren golegilerik onenetan hirugarrena da, Willian Joseren (8) eta Mikel Oiartzabalen (7) atzetik; Athleticen, berriz, Raul Garciak (6) soilik ondu du Williamsen zifra.

Sasoiaren lehen erdia igarota, bi aurrelariak gogotsu daude datozen neurketetan beren taldeentzat golak sartzeko. Gainera, Isaken eta Williamsen jokamoldeek zenbait alderdi dituzte amankomunean. Esaterako, lasterkari biziak dira, eta horrek aurkariaren atzeko lerroa hausteko gaitasuna ematen die. Huraxe aprobetxatu nahi dute gaur kontrarioaren atzeko lerroan zuloak aurkitzeko.

Alabaina, errematerako erregistro ezberdinak dituztela ere agerian utzi dute azken partidetan; bereziki, Isakek. Aurrelari suediarrak azken bost partidetan sartutako zazpi goletatik lau sartu ditu eskuin oinaz, bi ezkerrez, eta bat buruz.

Arrazisten ituan

Realeko eta Athleticeko bi aurrelariek jokotikkanpo dauden egoera mingarriei ere egin behar izan diete aurre sasoi honetan. Isakek eta Williamsek irain arrazistak jasan behar izan dituzte partidak jokatzen ari zirela. Suediarrak bere herrialdeko selekzioarekin ari zela pairatu zituen gisa horretako ohiuak; Errumaniaren aurkako partidan izan zen, Bukaresten, 2020ko Eurokoparako sailkatze faseko partida batean. Isakek berehala jaso zuen bere herrikideen eta taldekideen babesa.

Baita Williamsek ere; Athleticeko aurrelariari Espanyolen zelaian egin zioten eraso, orain bi aste. Talde zuri-gorriak eta Kataluniako klubak segituan esku hartu zuten jazoera hartan, eta Esquadra Mossoek hamabi lagun identifikatu zituzten, irainak egin zituztelakoan. Isak bezalaxe, argi mintzatu zen Wiliams: «Inork jasan behar ez lituzkeen ohiuak dira. Jendeak ongi pasatzera etorri behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.