mikel reina
HIRUKOTIK

Festarik festa

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lehentasunak. Ostegun arratsaldea. Salamanca. Plaza nagusia. Kamiseta granatezko multzo handi bat kantuka. Ez oso urrun, berdezko beste batzuk saltoka. Ikasleak izango ote dira, ostegunak haien egun handiak baitira. Ezkondu aurreko agurren bat izatea akaso. Unibertsitatea, katedrala, tabernak, asko dago ikusteko. Bueltaka eta bueltaka hiriko gune modernora heldu eta bertan Sanchez Paraiso pabiloia. Lehengo kolore granate eta berdeak orain laranja, urdina eta gorriarekin uztartu dira. Espainiako Kopa jokatzen ari da Salamancan. Ez zegoen inolako pistarik, ordea.

Aspalditik dabil Perfumerias Avenida taldea bere hirian Kopa ospatzeko desirarekin, baina ez da aurreikusitako ikuskizuna bete. Ez iragarkirik, ez panel erraldoirik, ezta animaziorik ere. Beste ostegun unibertsitario arrunt bat dirudi. Konparazioak beti izan ohi dira begi txarrekoak bezain beharrezkoak. Joan den urtean, Kopa Gasteizen jokatu zen, eta marketin aldetik ez zuen parekorik izan. Asko igartzen da zein den saskibaloi hiria eta zein ez.

Kontuan hartu beharra dago Perfumerias Avenida dela maila gorenean ari den Salamancako kirol taldea. Garaikur aldetik ez dauka aurkaririk. Baina faktore nagusia da saskibaloia dela kirola, eta, gainera, emakumezkoena. Tristea bezain egiazkoa. Hau da gaur egungo errealitatea. Kopa martxoaren 8ko asteburuan jokatzeak emakumezkoen ligari beste aurrerapauso bat emateko aukera ezin hobea zen, baina gazi-gozoa izan da emaitza. Pabiloiaren barruan giroa zoragarria izan da, baina irten, eta ez zegoen hedapenik, eta hori da landu beharreko arlo nagusia. Salbuespen bakarra harrobiko taldeek jokatzen zituzten norgehiagokak ziren. Hala ere, pabiloi barruan geratzen zen dena. Finalean Letizia Espainiako erregina egoteak hartu da aurrerakuntza nagusitzat. Aldarrikapen erraldoi bat izan beharko zena lau pareta handiren artean geratu zen.

Egun bakan bat gehiago.Behin baino gehiagotan etorri zitzaizkion galdezka Hirukotik-i Salamancako biztanleak ea zer jokatzen ari zen bertan. Hirukotik-ek, behintzat, argi zeukan zertara zihoan. Kolore granatea Gernikako zaleena zen; berdea, berriz, Araskiko jarraitzaileena. Bi euskal talde ligako zortzi onenen artean, eta, onerako edo txarrerako, aurrez aurre. Txapelketako lehen partida jokatzea beti da zaila, giroa hotzagoa delako. Aurten, aldiz, topiko hori erabat hautsi zen. Estreinako norgehiagoka izan zen, eta lau egunetatik onena. Emozioa, tentsioa, jokaldi ederrak, luzapena, markagailu iraultzea, derbia azken finean. Osagai denak lehia zoragarri batez gozatzeko.

Made Urietak entrenatutako jokalariak askoz hobeto sartu ziren partidan, eta bizkaitarrak erabat kontrolatu zituzten defentsa estua eginez. Araskizale berdeak pozez ziren harmailan. Atsedenaldiaren ondoren, ordea, irribarreak beste aldera pasatu ziren Gernikak markagailua irauli zuenean. Bitartean, bien zaleek denbora gehiago pasatu zuten zutunik jesarrita baino. Festa erabatekoa zen harmailan, baina bakarrak amai zezakeen pozik. Belen Arrojok aurretik jarri zituen bizkaitarrak sei segundoren faltan haren beso amaiezinak inor baino gorago luzatuz. Saskiraketa erabakigarria zirudien. Baina Shacobia Barbeek ez zuen hain arin etxera itzuli nahi. Ausart bilatu zuen uztaia, baita saskiratu ere. Berdinketa. Luzapena. Gozatzeko, edo sufritzeko, beste bost minutu. Azken minutu arte itxaron behar izan zen irabazlea jakiteko. Laura Pardo Araskiko kapitainak hiruko batekin erabakita utzi zuen derbia. Araskizaleak, pozarren; Marea Granate-a, ordea, burumakur. Azkenean, saskibaloian bakarrak irabaz dezake.

Finalerdian, Perfumerias Avenida zeukaten zain gasteiztarrek. Duela astebete indarrak neurtu zituzten Mendizorrotzan, eta jipoia jaso zuten. Baina Kopa berezia da. 35 minutu luzetan Araskik neurria hartu zion etxeko taldeari lan nekaezina eginez. Araskizaleek aurkari ahaltsua garaitzeko aukera ikusten zuten; behingoz, liga berberekoak ziren. Urietaren jokalariek, ordea, amore eman behar izan zuten. Agian, garesti ordaindu zuten Gernikaren aurka jokatutako luzapena. Larunbat honetan jokatuko dute berriz derbia gernikarrek eta gasteiztarrek, Maloste kiroldegian. Ez dadila haria eten, eta festak jarrai dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.