mikel reina
HIRUKOTIK

Organigramak eta taldeak

2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Morroien lana. Esan daiteke enpresetan, kuadrilletan, taldeetan eta gizartean, oro har, bi organigrama mota nagusi daudela. Alde batetik, bertikala, non pertsona batengan oinarritzen diren ardura nagusiak, eta, beste alde batetik, horizontala, non lana gehiago banatzen den. ACB ligako bi euskal taldeek egitura desberdinak dituzte, antagonikoak. Bilbo Basketek azken hilabetean kanpoko lerroko bere bi jokalaririk onenak galdu ditu: Jaylon Brown eta Axel Bouteille. Egoera hauetan ohikoena izaten da arineketan haien hutsunea beteko duten beste bi izarren bila joatea. Hori ez da Miribillako klubaren filosofia. Tyler Haws eta Quentin Serron izan dira jokalari hautatuak. Bi langile. Ez bata eta ez bestea ez dira izarrak, taldearen mesederako lan egiten duten morroiak baizik. Alex Mumbruk eta Rafa Pueyok taldearen oreka horizontala mantendu nahi izan dute. Akaso, denbora gutxiago jokatzen zutenen aurrerapausoa itxaron dute.

Bizkaitarrek Betisen aurka neurtu zituzten indarrak igandean. Sevillako taldea jaisteko postuetatik hurbil dago, eta ligan geratzeko azken ahaleginean fitxaketa garrantzitsuak egin ditu. Goitik beherako aldaketa. Bertikala. Erick Green eta Jerome Jordan ekarri dituzte, eta, aldi berean, taldeko giltzak eman. Mumbruk Sergio Rodriguez jarri zuen hasierako bostekoan, Bouteillen ordezko naturala. Rodriguezek urteak eman ditu Urrezko LEBen, ACB ligan egonkortzeko aukera izan duen arte. Hegaleko frantziarrak taldea utzi arte 12 minutuz jokatzen zuen batez beste. Igandeko partidan entrenatzaileak emandako konfiantza eskertu nahi izan zuen, eta denboraldiko bere partidarik onena jokatu zuen. Hemeretzi minutuan hamabi puntu saskiratu zituen, jaurtiketa bakarra huts eginez, eta lau errebote eskuratu. Aurrerapausoa. Bilbo Basketek partida irabazteko azken jaurtiketa izan zuen, baina kale egin zuen. 40 minutuko borroka, talde borroka.

Oinarrien garrantzia.Baskoniak beste barne egitura bat dauka, bertikalagoa. Taldearen burua, baita bihotza ere, Toko Xengelia da. Xengelia Baskonia da, gaur egun Baskonia Xengelia den bezala. Argi eta garbi irudikatu zen egoera hori Fuenlabradaren aurka. 32 puntu sartu zituen, talde guztiak egindakoen herena; hamahiru errebote jaso, inork baino gehiago; bost asistentzia banatu, hegal pibota izanik gehien banatu zuena, eta 44ko balorazioa izan zuen. ACB ligan dagoenetik bere estatistikarik onenak dira. Geldiezin dago. Gasteizko taldeak bi luzapen behar izan zituen Madrilgo taldea menderatzeko, azken-aurreko sailkatua. Dusko Ivanovicen jokoa Xengeliaren inguruan oinarritzen da. Tokosistema. Georgiarra langile nekaezina da, eta taldean duen garrantziaz jakitun, bere erasoko jokoari mugimenduak gehitu dizkio. Ez da inoiz urrutiko jaurtitzaile zitala izan, baina larunbatean hiru hiruko sartu zituen. Denen gainetik dago, beti klubetik tiraka. Hegal pibota bazkide bila dabil aspaldian Gasteizen, eskaintza egonkorrik izan gabe. 47 minutu eta 41 segundoz jokatu zuen asteburuan, hau da, soilik bi minutu eta hemeretzi segundo egon zen aulkian. Baskoniak jardunaldi bikoitza dauka Euroligan Alemaniako taldeen aurka. Ez dago atseden hartzeko betarik. Bihar, kanpoan, Bayernen aurka ariko da, eta ostiralean Buesa Arenan Alba Berlinen kontra. Zortzi onenen artean sartzeko aukerekin jarraitzeko, Ivanovicen taldeak ezin du hutsik egin.

Bi egitura, ez hobeak ez txarragoak, desberdinak. Mumbruren lorpen handienetako bat da Bilbo Basketeko partaide bakoitzak argi eta garbi daukala bere eginbeharra. Ez dago inor beste edonoren gainetik. Denak dira morroiak, bakoitza bere arloan. Ivanovicek ez dauka organigrama bera, Xengelia da haren sistema bakarra, ezinbestean. Baina georgiarra ez da makina bat, langile bat baizik, eta egunen batean arazoak izango ditu. Sasoi-aurrea oinarriak jartzeko garaia da. Baskoniarenak ahulak dira, plangintza eskas baten ondorioz. Bilbo Basketenak, ordea, indartsuak, zutabe egonkor horiek oreka ematen baitiete hain egitura handiak osatzeko. Denborak jarriko du egitura bakoitza bere postuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.