Deportivo 2-0 Osasuna

Euritakoa ahaztu zaio

Osasunari bolada ona eten zaio Riazorren, Deportivoren kontra galduta. Euriak eta zelaiaren egoera txarrak baldintzatu dute lehia

Osasunako Roberto Torres, baloiarekin, aurreko jardunaldian Teneriferen aurka jokatutako partidan. J. MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Carlos Fernandezek (44 min.). 2-0: Pablo Marik (75. min.). Epailea. Gorostegi Fernandez-Ortega. Txartel horiak: Deportivoko Simoni, Duarteri eta Carlos Fernandezi; eta Osasunako Fran Meridari, Clerci eta Brandoni. Bestelakoak: 13.625 ikusle Riazorren.

Osasuna olatutik erori zen atzo putzuz jositako Riazorren. Egun osoan euria goian behean egin zuen Coruñan (Galizia), eta zaparrada ez zen eten gorritxoek Deportivoren kontra jokatu zuten norgehiagokan. Zelaiaren egoerak beren ohiko jokamoldea aldatzera behartu zituen bi taldeak, eta Osasuna ez zen nahi bezain ongi egokitu. Ez zuen partida txarra jokatu, baina esku hutsik itzuli behar izan zen Iruñera. Aztiago eta, batik bat, eraginkorrago jardun zuen Deportivok, eta 2-0 irabazita, Osasunaren goraldia geldiarazi zuen. Nafarroako taldeak hiru garaipen zeramatzan jarraian, eta azken bederatzi partidetatik bakarra galduta zen. Atzo suzko proba zuen Bigarren Mailako oilarretako baten aurka; bada, ezin izan zuen gainditu.

Zelaia oso astun utzi zuen euri jasak. Kaltea zelai erdian zegoen batik bat: han pilatuta zeuden putzuek ez zuten aukerarik ematen baloia azpitik mugitzeko. Oso zaila zen jokaldiak harilkatzea, eta luze jokatzea beste modurik ez zegoen baloia arriskuzko tokietara eramateko. Eta agintea hartzeko, erabateko garrantzia zuten bigarren jokaldiek. Horren guztiaren ondorioz, norgehiagokak gutxi izan zuen ikusgarritik. Apenas ikusi zen jokaldi landurik, eta gol aukerak tantaka iritsi ziren.

Egoera horretara ondo egokitu zen Deportivo; ez, ordea, Osasuna. Ia ezinezkoa izanagatik, jokaldiak barrutik sortzen tematu zen, eta hegalak ez zituen behar bezainbeste ustiatu. Horretaz landa, zehaztasuna falta izan zitzaion estrategiako jokaldietan. Atzokoa bezalako partidetan, alimaleko garrantzia du geldikako jokoak. Nafarroako taldeak falta eta korner ugari izan zituen arriskua sortzeko, baina oso gutxitan urduritu zuen Deportivo. Jaurtitzaile bikainak dira Torres eta Ruben Garcia, baina ez ziren ohi bezain fin aritu. Erdiraketa gehienak arazorik gabe defendatu zituen Galiziako taldeak. Falta batzuk motzean atera zituzten gorritxoek baina alferrik.

Edonola, partidako lehen gol aukera falta batean izan zuen Osasunak, 15. minutuan. Burukada gora joan zitzaion David Garciari. Hortik gutxira, Torresek jaurtiketa indartsua egin zuen urrundik, baina ondo erantzun zion Dani Gimenez atezainak. Ahalegin horien ondotik, Arrasaterenei asko kosta zitzaien Deportivori min egitea. Zelaiaren egoerak ez zien erasoko jokalariei distira egiten utzi: Torres, Barja eta Ruben Garcia zorterik gabe ahalegindu ziren, eta oso gutxi agertu zen Villar.

Emaitza txarra

Defentsan, berriz, Nafarroako taldeak ez zuen lan handirik izan. Haatik, zorteak bizkarra eman zion 43. minutuan, atsedena ate joka zela: Quiqueren jaurtiketa baten aldaratzea Cartabiari iritsi zitzaion, eta haren pasea 1-0ekoa egiteko baliatu zuen Carlos Fernandezek. Lehen zatiko azken jokaldian, berdinketa berrezartzear izan zen Unai Garcia korner batean, baina haren burukada bikain gelditu zuen Dani Gimenezek.

Bigarren zatian, ekimena Osasunak izan zuen, baina erabilera txarra eman zion baloiari. Gehiegi ukitu zuen motzean. Sistema aldatu, eta aulkia mugitu zuen Arrasatek, baina gorritxoek ez zuten erantzun. Defentsan sendo eta eroso jardun zuen Deportivok, eta 74. minutuan korner bat baliatu zuen Pablo Marik 2-0ekoa egin eta lehia erabakita uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.