Koronabirusa

Aurreikusitako egutegia ez da beteko Iparraldean, egoera ez baita hobetu

Etxeratze aginduak bere horretan iraunen du urtarrilaren 20ra arte, eta ostatuak ez dituzte irekiko

Jean Castex Frantziako lehen ministroa eta Olivier Veran Frantziako Osasun ministroa. LUDOVIC MARIN / EFE.
Oihana Teyseyre Koskarat - Edurne Begiristain
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 20an irekitzekoak zituzten jatetxeak Ipar Euskal Herrian, baita publikoa hartzen duten bestelako lekuak ere. Baina egoera ez da aski hobetu, eta konfinamendutik ateraz geroko plana ez du beteko Frantziako Gobernuak. Hala iragarri zuten atzo arratsaldean Jean Castex Frantziako lehen ministroak eta Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak. Halere, neurri murriztaileagorik ez dute iragarri oraingoz: abendutik indarrean dagoen etxeratze agindua, ordea, bere horretan atxikiko dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Herritarrek 20:00etatik 06:00ak arte egon behar dute etxean.

Neurri murriztaileagorik ez da izanen oraingoz, eta urtarrilaren 20an beste hitzaldi bat emanen dute Frantziako ministroek, kulturguneak eta publikoa hartzen duten lekuak irekitzen ahalko dituzten erabakitzeko. Ostatuak eta jatetxeak, berriz, otsailaren 15era arte egonen dira hetsirik, gutxienez.

Castexek eta Veranek egoera epidemiologikoak har dezakeen bilakaerari buruzko kezka adierazi zuten. Izan ere, «Eguberrietako besten ondorioz gertatuko diren kutsatzeen kopurua datorren astean» zenbatzen ahalko dutela zehaztu zuen Castexek. Bestalde, birusaren aldaera berriekiko kezka adierazi zuten. Erresuma Batuan atzemandako SARS-CoV-2 birusaren aldaera«kutsakorragoa» dela esan zuen Veranek, eta «ezinbestekotzat» jo zuen aldaera hori kontrolpean atxikitzea. Atzo, bestalde, Nafarroako osasun agintariek jakinarazi zuten birusaren aldaera berriaren lehen hiru kasuak detektatu dituztela.

Txertaketa kanpaina

Herenegun hasi zen txertaketa kanpaina Ipar Euskal Herrian, baina oraingoz «emekiegi» ari direla salatu dute batek baino gehiagok. Miarritzeko (Lapurdi)auzapez Maider Aroztegik, esaterako, esan zuen hiria «prest» dagoela txertaketa gune bat martxan jartzeko. Baina salatu zuen Frantziako Gobernuak ez duela egutegi finkorik ezarri oraindik eta, beraz, prest egon arren, ezin dutela txertaketa kanpainarekin hasi.

Kritikei aurre eginez, honela mintzatu zen Veran: «Txertaketa kanpainaren estrategiaren funtsa ez dugu aldatuko, baina protokoloa arinduko dugu, azkarrago aritzeko». Hala, txertaketa kanpainaren bigarren fasea hasiko dute laster. Datorren astelehenetik aitzina, 75 urtetik gorako herritarrak txertatzen hasiko dira, eta hilaren 18tik aitzina, 65 urtetik gorako edonork jasotzen ahalko du txertoa.

Gisa berean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak txertaketa kanpainaren inguruko hainbat datu eman zituen atzo. Azaldu zuen txertaketa kanpaina «behar bezala» ari direla egiten, modu «zuhur eta mailakatuan», eta espero dutela otsail erdirako zahar etxeetako egoiliar eta langile guztiak txertatuta egotea.

Txertaketa kanpaina hasi zenetik Eusko Jaurlaritzak txertoaren 10.692 dosi jarri dituela azaldu zuen Sagarduik. Emandako datuen arabera, Pfizer-BioNTech botika etxearen txertoaren 405 dosi jaso zituzten Jaurlaritzak lehen egunetan, beste 15.600 dosi abenduaren 29an, eta beste 15.600 joan den astelehenean. Jaurlaritzak txerto horietako batzuk gorde egin ditu, pertsona bakoitzak bi dosi jaso behar dituelako eta bigarren dosia 21 egunera eman behar delako. Sailburuak azaldu zuen horniduran arazorik egonez gero lehen dosia jaso dutenei immunizazioa behar bezala bermatu ahal izateko «erreserba estrategikoa» egiten ari dela Jaurlaritza.

Zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak dira txertoa jasotzen lehenak; ondoren jasoko dute osasun langileek eta «egoera zaurgarrian» dauden beste kolektibo batzuek, Osasun sailburuaren arabera. Talde horien txertaketa hasten denerako merkatuan dauden txertoen arabera erabakiko du Jaurlaritzak txertaketa nola egin. Izan ere, orain Pfizer etxearen txertoa ari da jartzen, baina aurki Moderna etxearena ere izango du. Espainiako Gobernuko Osasun ministro Salvador Illak atzo jakinarazi zuen gobernuak astebete inguruan jasoko dituela Moderna txertoaren lehen dosiak, eta erkidegoen artean banatuko dituela. Sagarduik gero baieztatu zuen Jaurlaritzak Modernaren 24.900 dosi jasoko dituela urtarril eta otsail artean.

Bestalde, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak jakinarazi zuen asteazkenera arte 2.947 txerto jarri dituztela, iritsitako txertoen %25, eta iganderako erdiak jarrita egongo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.