Albistea entzun

Sergi Vidal eta Javi Salgado. Saskibaloi jokalari ohiak

«Derbiek sanoak izan behar dute, eta onenak irabaz dezala»

Derbia dago gaur Miribillan: Surne Bilbo Basket-Bitci Baskonia (17:00). Vidalek Baskonian jokatu zuen. Salgado entrenatzaile laguntzaile da orain Bilbon.
Sergi Vidal eta Javi Salgado
Sergi Vidal eta Javi Salgado /BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko martxoak 27

Sergi Vidal (Badalona, Katalunia, 1981) pantailaren alde batean, eta Javi Salgado (Bilbo, 1980) bestean, solasaldirako prest. Taldekideak Gipuzkoa Basketen 2011-2012ko denboraldian. Pandemiaren aurretik ikusi zuten elkar azkeneko aldiz. Baliteke gaur Miribillan izatea kataluniarra, Bilbo Basket-Baskonia derbia ikusten (17:00).

Nolakoa izango da derbia?

SERGI VIDAL: Javik informazio asko dauka, barruan dagoelako, baina ez diogu asko kontatzeko eskatuko [barrezka]. Berezia da, derbia delako. Berez, Baskonia hobea da, baina horrelako partidetan gauzak alda daitezke. Gainera, irregularra izaten ari da, bere nortasuna aurkitu nahian ari da, eta, hobetzen doan arren, azken asteetan, hazten dabil oraindik. Gogo bereziz jokatzen dira, lehia dagoelako bien artean. Azkenik, Miribilla dago.

JAVI SALGADO: Erabat ados nago. Derbiak bereziak dira, beste partidak baino beroagoak. Eragina izaten du, nola ez, talde bakoitza zer egoeratan dagoen, baina ez beste partidetan bezainbeste. Baskonia gorabeherekin dabil, eta partida asko jokatzen ari da martxoan: astean hiru. Baina gure aurka jokatzera bete-betean etorriko dira, Sergik dakien bezala. Politak dira partida hauek; giroa ere ezberdina izan ohi da, eta, batez ere, Miribilla aipatu behar da, hemen jokatuta gauzak berdindu egiten direlako. Ezin dizut esan zein den faboritoa.

S. VIDAL: Gauza bat daukat ba nik garbi: Baskonia ez bada ateratzen topera, gauzak zail izango ditu. Jokalariek jakin egin behar dute derbi bat zer den klub bakoitzarentzat, ez dela beste partida bat. Bi hirientzat zer den ere ezagutu behar dute, eta hori funtsezkoa da. Talde batean zaudenean, haren historia eta esanahia ezagutu behar dituzu. Beti dauka aparteko hori, eta, Baskoniako jokalariek hori ez badute barneratzen, desabantailaz jokatuko dute.

Bilbo Basketek aste guztia izan du partida prestatzeko. Baskoniak Euroligako bi partida jokatu ditu. Zenbateko eragina izan dezake horrek?

J. SALGADO: Guretzat garrantzitsua da. Ohituta gaude ligako partidak prestatzeko lauzpabost entrenamendu egitera, baina Euroligako taldeak lehiarako prest egoten dira hainbeste partida jokatuz, asko prestatu beharrik gabe. Gu gara haien aurka jokatzera moldatu behar dugunak. Partida asko jokatzea ona ere bada, lehiako ohiturak barneratuta izaten dituztelako jokalariek.

Jokalariak jokatu nahi izaten du, eta gustura astean bizpahiru partida jokatuz, ezta?

S. VIDAL: Txarrena da bidaiatzea, eskalak, autobusak, 04:00etan jaiki beharra ez dakit nora iritsi behar delako, oso goiz entrenatu eta, gainera, hurrengo egunean jokatu. Erritmo hori gogorra da. Bestela, jokalariak jokatu nahi izaten du. Entrenatzea zubi bat da partidak jokatzera ahalik eta ondoen iristeko. Are gehiago, gaurkoa bezalako derbia bada.

Zergatik izaten dira ezusteak tarteka talde handien eta apalen artean?

S. VIDAL: ACB ligan, koska dago talde onenen eta besteen artean, eta Euroliga jokatzen ari diren taldeentzat txarrena da badituztela jokalari batzuk uste dutenak ACBko talde apalenak ez direla onak. Erraz irabaziko dutela uste dute, eta intentsitatea eta kontzentrazioa gutxitu egiten dituzte. Baina aurkaria aste osoa ari da partida hori prestatzen, aparteko gogoarekin jokatzeko, eta galtzeko ezer gutxi edukitzen du. Euroligakoa zu zara, eta zuk irabazi behar duzu teorian. Hortik datoz ezusteak.

Nolakoa da Miribillaren eragina?

J. SALGADO: Saskibaloirako propio egindakoa da, eta Bilborentzat neurrikoa. Ikusleak oso gertu daude kantxatik, eta badakite estutzen. Osagai horiek osatzen dute Miribilla efektua deitzen zaiona. Zaleek badakite jokalariek zer laguntza behar izaten duten. Gehien estutzen duten pabiloietako bat da.

S. VIDAL: Ados nago Javirekin. Gainera, derbiak besterik ez ditut jokatu, Donostian eta Gasteizen arituta [barrezka]. Jende asko sartzen da, eta bete egiten da ia beti. Nortasun handiko zaleak dira, eta, gauzak estu doazenean, aurkari gisa sentitu izan dut zenbat tenkatzen duen Miribillak.

Javi, zerk kezkatzen zaitu gehien Baskonian?

J. SALGADO: Jokalarien kalitateak. Baldwin, Fontecchio, Giedraitis, Costello...

S. VIDAL: Esan ezazu nork ez zaituen kezkatzen, eta azkarrago bukatuko duzu [barrezka].

J. SALGADO: Jokoa aztertuta, Enoch eta Costello piboten aniztasuna handia da. Blokeoa eta jarraipena egin dezakete, baita ireki eta hirukoa bota ere. Horregatik da zaila jokaldi horietako defentsa; aukera asko landu beharko ditugu geratzeko. Gero, taldearen oinarria sendoa da, maila handikoak dira, saskiratzaile onak, eta esperientzia dute talde handietan, Enochek izan ezik.

Ondo-ondo ez dabil, hala ere.

J. SALGADO: Ematen du gorabeherekin ari dela, irregular. Entrenatzailez aldatu ondoren, garaipen bolada ona lortu zuten, baina orain kontrakoa gertatu zaie, partida asko jokatzen ari direlako denbora gutxian. Saiatzen ari dira taldea luzatzen, Kurucs eta Marinkovic errotazioan sartuz, eta, Peters osatuta, jokalari bat gehiago daukate. Talde osoa da, eta geratzen zaila, arlo askotan delako ona.

Sergi, nola ikusten duzu Bilbao Basket?

S. VIDAL: Javik Baskonia bezain ondo ez daukat aztertuta, baina hobetzen ari da. Kosta egin zitzaion jokalari berriak egokitzea, eta normala izaten da hori. Orain erakusten ari dira konpromisoa eta gogoa dutela, betiko grina. Rafa Luz nortasun handiko jokalaria da, eta izaera ematen dio taldeari. Sendoa da, eta uste dut hori beti izan dela horrela Bilbon. Izenak ez dira garrantzitsuak. Zaleekin bat egiten dute, eta denak norabide berean doaz.

Bi taldeen artean kirol lehia dago, baina hori baino gehiago ere bada?

J. SALGADO: Bilbo Basket ACB ligara igo zenean [2004an], Baskonia zen euskal talderik onena. Txapelketak irabazten zituen, Euroligako Lauko Finalak jokatu, eta goi mailako taldea zen. Orain ere horrela da. Gero, gu indartuz joan ginen, eta Baskoniak bereganatzen zuen arretaren zati bat hartu genuen. Orduan, urte batzuetan, kirol lehia baino zerbait gehiago egon zen, baina orain, egoera bere onera itzuli da. Kirol lehia dago, eta bakoitzak bere taldea bultzatzen du. Ez gara ikusten ari lehen ikusitako gauza batzuk, eta orain gauden bezala jarraitu behar dugu. Kirol lehiak sanoa izan behar du, eta onenak irabaz dezala. Galtzen duenak, berriz, bizilagunaren txantxak jasan beharko ditu.

S. VIDAL: Bat nator Javirekin. Bere garaian bizi izan zirenak horrela gertatu ziren, eta ez dauka bueltarik. Baina garbi dut kirol lehiaren graziak izan behar duela oinarri, kirol legeak, eta ez daitezela falta alde batetik bestera egindako txantxak. Bi hirien artean badago lehia antzeko bat saskibaloitik kanpo ere, eta nola ez da ba egongo saskibaloian. Behar da, gainera. Polita da. Jokalari gisa asko bizi izan nuen giro hori; haserretzen nintzen, eta gozatu ere bai.

J. SALGADO: Honelako partidak jokatu nahi izaten genituen, sekulako giroarekin. Derbiek beste zerbait izaten dute. Zaleentzat ere ederra da, Bilbokoak Gasteiza joatea, hangoak hona etortzea. Erakargarritasuna ematen diote derbiek eta inguruko gauza guztiek.

S. VIDAL: Jokalari gisa ez bazaizu gustatzen horrelako partidak jokatzea, utzi saskibaloia.

Zaleentzat ez dago edukiera mugarik orain, gainera. Garai onean dator derbia alde horretatik ere.

J. SALGADO: Gogorra izan da zalerik gabe jokatzea, girorik gabe. Dena entzuten zen. Etxean jokatzea ez zen erabakigarria: epaileekin egindako entrenamenduak ematen zuten. Denok egokitu behar izan genuen horretara. Gero, zale batzuk sartzeko aukera egon zenean, 2.000 zale edo, asko iruditzen zitzaizkidan, pentsa! Miribilla eta beste pabiloi guztiak berriz bete ahal izatea gauza handia da. Energia berezia sortzen da. Ea behingoagatik dena normalizatzen den, eta iraun dezala.

S. VIDAL: Ikusi nuenean aurreneko partida telebistan eta harmailak hutsik zirela, pena ematen zidaten jokalariek. Nahiago dut Miribilla gainezka dela aurkari gisa jokatu, zalerik ez dagoen beste batean baino. Zaleak gure kirolaren parte dira, eta beharrezkoak dira. Entrenamenduak ematen zuten, eta horiek eta partidak bereizten dituena giroa da, hain zuzen. Berdin zitzaidan ni iraintzea ere, baina zaleak behar nituen. Eskertuta izango dira jokalariak orain, zaleak itzuli direlako harmailetara. Niretzat ere ez da gauza bera etxean telebistan ikusi, edo zuzenean.

Bilbo Basketek taldea hobetu du fitxaketekin, baina Baskonia azkenaldian gutxi mugitzen ari da, eta beti kontrakoa izan da. Jokalarien ordezkaria zarenez, izango duzu zer esan, Sergi.

S. VIDAL: Gauzak aldatu egin dira. Orain, ia edozein taldek dauka jokalariak aldatzeko gaitasuna. Talde gehiagoren artean banatu behar da merkatua, eta eskuragarri zeudenak orain ez daude, adibidez, Baskoniaren kasuan. Ez dauka lehengo erraztasunik, gaitasun ekonomikoa ez duelako lehengo bera, eta beste taldeena handitu egin delako.

J. SALGADO: Ligako aurrekontu txikienetako bat daukagu, eta asmatu egin behar dugu fitxaketetan. Beti egoten dira lesioak, edo jokalari bat gustura ez egotea, edo gu ez izatea pozik baten batekin, eta merkatura joan behar izaten da. Guk geurea daukagu, eta Baskoniak, berea, eta Euroligako talde handiek, haiena. Badakigu zer daukagun, eta gure merkatua txikiagoa da. Hala ere, izen ezagun bat edo beste ekartzeko aukera izaten dugu, gure balioak Bilbo eta Miribilla direlako. Jokalariak gustura egoten dira hirian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ondarroako arraunlariak arraunak gora, eta Iñigo Larrinaga patroia banderarekin, atzo, herrian, garaipena zaleekin ospatzen. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ametsa baino hobea

Aitor Manterola Garate

Ondarroak etxean irabazi du Eusko Label ligako estropada, lehen txandatik. Marea eta haize aldaketa, eta itsaslaster handiak erabakigarriak izan dira
Orioko eskifaia poz betean atzo, Ondarroako estropada irabazi berritan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Oriok gaur bertan irabaz dezake Euskotren liga

A. Manterola Garate

Nahikoa izango du Arraun Lagunaken aurretik sailkatzea Castro Urdialesen, atzo Ondarroan bederatzigarren estropada irabazi eta gero
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Denboraldi hau niretzat azkena balitz bezala gozatuko dut»

Pettan Uralde

Hamalaugarren denboraldia du De Marcosek Athleticen, eta egunez egun gozatzeko ideiarekin ekin dio sasoi berriari. Guardiako jokalariak Europan kokatu du taldearen helburua, eta lortuko dutelakoan dago.
<b>Mikel Larrañaga, iaz, Urrezko Kopa irabazi berritan.</b> ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sei aizkolari ariko dira bihar Donostian, Urrezko Kopa xede

Berria

Aurrez kanporaketa gainditutako kirolariek udako garaikur nagusia izango dute jokoan, 19:30ean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...