Bigarren zatira arte eutsi ahal izan dio Athleticek Bartzelonari (4-0)

Zuri-gorriak ondo aritu dira aurreneko zatian defentsan. Reala, Alaves eta Eibar, gaur

Lucia Garcia Athleticekoa eta Andrea Pereira Bartzelonakoa, lehian. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Aurreko denboraldian bezala, Bartzelona nagusitasunez ari da mendean hartzen aurkariak. Bata bestearen atzetik. Athletici ere hala gertatu zitzaion atzo, Johan Cruyff estadioan. 4-0 galdu zuen. Iraia Iturregiren taldeak lehen zati txukuna egin zuen, defentsako lan on bati esker. Bigarren zatihasieran, ordea, Jeniffer Hermosok aurretik jarri zuen Herrialde Katalanetako taldea, burukada on bati esker. Hortik aurrera, Bartzelona are nagusiago izan zen, baina ez zuen norgehiagoka erabaki azken ordu laurdenera arte. Hermosok berak (76. min), Claudia Pinak (87. min) eta Aitana Bonmatik (92.min) sartu zituzten beste hiru golak.

Erritmo bizia izan zuen lehen zatiak. Bartzelonak oso goian egin zuen presio hasieratik, eta Athleticek zailtasunak izan zituen baloia atzetik ateratzeko. Etxekoei, ordea, ohikoak dituzten argitasuna eta eraginkortasuna falta izan zitzaizkien erasoan, Athleticek ondo estali baitzituen espazioak. Gainera, zuri-gorriek aurretik jartzeko aukera ona izan zuten lehen zatiko azken txanpan. Baina Lucia Garciaren errematea Sandra Paños atezainaren eskuetara joan zen. Marta Torrejonek, berriz, bi abagune oso garbi izan zituen etxekoei abantaila emateko. Aurrenekoan, Ainhoa Moraza atzelariak ondo atera zuen baloia, eta bigarrena zutoinera joan zen.

Bartzelona aurretik jarri zen aldagelatik bueltan. Horrek patxada eman zion. Partidaren erritmoa jaitsi egin zen apur bat, aldaketak tarteko. Blaugranek luzeago jokatu zuten, eta argitasun handiagoarekin aritu ziren. Hala iritsi ziren beste hiru golak, eta Athletic esku hutsi irten zen Johan Cruyff estadiotik.

Gaur jokatuko dute beste hiru euskal taldeek. Bigarren postua sendotzeko helburua du Realak Madrilen zelaian (13:00, Teledeporte). Nerea Eizagirre deialdian da, eta Natalia Arroyo teknikariak honela aztertu du partida: «Arreta eta zehaztasun handia eskatuko digun neurketa izango da. Etxean sendo ari da Madril, eta buruz buruko jokaldi eta lehiak erabakigarriak izango dira».

Beheko postuetatik irteteko borrokan, Eibarrek aurkari zuzena du Sporting Huelva, eta haren zelaian jokatuko du (11:30). Ane Junyeten arabera, «partida zaila» izango da. «Sporting Huelva oso talde fisikoa da, zuzen jokatzen du, eta oso jokalari bizkorrak ditu erasoan. Baina ondo ari gara lanean, eta ziur nago berriro ere puntuak batzen hasiko garela».

Alavesek Valentzia hartuko du (12:00). Mikel Cresporen taldeak puntu baliotsua eskuratu zuen aurreko jardunaldian Real Madrilen zelaian (1-1), eta horri segida eman nahi dio. «Etenaren ostean indarberrituta eta ilusioz gaude. Valentzia talde oso sendoa da atzean, eta bizkor ateratzen dena erasora».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.