Uxue Razkin.
PLAY ETA ENTZUN

Podcast-zopa

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bonbardaketa informatiboari buruz idatzi nuen aurrekoan. Horren aurrean, bi podcast hautatu ditut. Ez dira uharteak, deskonektatzeko aproposak diren arren. Ordu erdiz gure bizitza frenetikoa pausatzeko egokiak; fikziozko istorio batean murgildu edo umorea galdu dugunontzat, sikiera, berreskuratzeko.

Bat. Iruñerriko gazteak fuerte dabiltza, Juan Kruz Lakasta kazetariak esango lukeen moduan. Ez da gutxiagorako, «Nafarroako Erresumako monarkak» heldu dira podcastaren mundura: Garagortea aurkeztu dute Haritz Larragetak eta Yasmine Khris Maansrik berriki. Batez ere, umorea da entzuleek parez pare aurkituko dutena, gaurkotasuna duten gaiak zein iraganekoak—Amadeo I.a Savoiakoa benetan ederra al zen?—, eta bitxikerien inguruan arituko dira hogeita hamar minutuko saioetan.

Bien arteko solasaldia da aipatzekoa: naturala, oso freskoa; taberna batean gure lagun minarekin izango genukeen elkarrizketaren tankera dauka, noraezekoa; baina, era berean, mamitsua. Hari batetik bestera doaz arnasa hartu barik. Zer-nolako hitz jarioa duten bi esatariek: aske mugitzen dira, oso ausart euren aurkezpenean. Erronka itzela da entretenimendu hutsa helburu duen podcast bat egitea, baina bide onetik doaz. Bigarren kapituluaren zain.

Bi. Podium Podcastek zuzentzen duen Guerra 3 fikziozko istorioa nabarmendu nahiko nuke. Gidoi interesgarria eta indartsua du, zalantzarik gabe. Jimena Torres (Adriana Ugarte) eskarmentu handiko gerra-kazetaria da. Urteetan, saiatu izan da Ipar Korean sartzen, baina beti ukatu izan diote baimena. Azkenean, lortu egiten du, gimnasia jaialdi bati buruzko kronika egitea aitzakia izaki. Alabaina, kazetaria herrialde hermetiko horretan benetan gertatzen ari dena islatzen saiatuko da, hots, Ipar Koreak ezkutuan gordetzen duen sekretua azaleratzen. «Inoiz ez da gerrarik hasi bonba batekin, ezta tiro batekin ere. Beste modu sotilago batean egiten du, inor konturatu gabe», ohartarazten digute hasieratik. Premisa egokia entzuleak harrapatzeko. Hiru denboraldi dira guztira, publikoa asetzeko beste.

Ildo horri jarraikiz, agerikoa da distopia eta thrillerra lantzen duten edukiek, adibidez, bereziki ondo funtzionatzen dutela formatu horretan, entzuteko xedez sortzen diren istorioetan, alegia. Fikzioak badu bizitza pantailatik landa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.