Emakumeen Nazioarteko Eguna. UDIARRAGA GARCIA

Ezezkoaren aurka, baietza

GIBa eta C hepatitisa, biak ditu: 1980ko urte nahasietako aztarna. Baietza armatzat hartuta, ordea, etorkizuna ukatzen zioten iragarpenak hausten asmatu du, bere bidea eraikitzen.

arantxa iraola
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Orain hiru urte erabaki zuen Udiarraga Garciak (Bilbo, 1965) «armairutik irtetea», biluztea: GIBa eta C hepatitisa dituela kontatzea, 1980ko hamarraldi amaieran heroinarekin lardaskan ibili zenetik bi gaixotasun horiekin bizi behar duela argi esplikatzea. Gizarte hezitzailea da, eta hamarkada ugari daramatza aktibista eta profesional gisara bi gaitz horien aurka, baina dio aita hil zen arte ez zuela bere kasuaz argi —denek ezagutzeko moduan— hitz egiteko adorerik izan. Luzea da haren itzala: «Oso kontserbadorea zen, mezetara joaten zen horietakoa». Ahoan korapilatzeko modukoak, berriz, bi diagnostikoak, bereziki andreentzat: «Lehendabiziko urte haietan, andre bat ateratzen zenerako hamarnaka gizon ateratzen ziren gaixo zeudela esaten». Argi du zioa: «Gizonak ez dituzte epaitzen emakumeak adina».

Odolaren —xiringak partekatuta, besteak beste— eta sexu harremanen bidez kutsatzen dira bi gaitzak, eta horien gaineko estigma handia zela dio. «Eri bazeunden puta bat zinen, junkie bat, bizimodu txarreko norbait». Eta horren lorratza hor dago; ez du dudarik. «Egun estigma hor da, eta, bereziki, autoestigma; indartsuagoa da emakumeengan».

Oroitzapen mingotsak ditu. Dioenez, etxekoek, gertukoek, ezezkoz josi zuten bere bizitza eritasunen berri izan orduko. «Esaten zidaten ez nuela inoiz senargairik izango, ez nintzela inoiz ezkonduko, ez nuela inoiz umerik izango; inoiz, horixe zen hitza». Hilzorian ere egon zen GIB birusaren kontrako botikak erabiltzen hasi aurreko garaian, gaitza sendatzea ia kimera bat zenean.

Ezaren tokian, ordea, baietza jartzen asmatu du Garciak. Bizirik dago: «Gizakia Helburun drogak uztea lortu nuen; beste aro bat hasi zen». Nobioak izan ditu: «Ez naiz senargai askokoa izan. Batek, nire egoeraren berri izan zuenean, ihes egin zuen». Senarra du: «1999an ezkondu ginen; aparta da, gizon bikaina». Ez du ukatzen, hala ere, latzak entzun behar izan zituztenik. «Beti preserbatiboa erabiltzera behartuko nuela esaten zidaten, ezingo niola inoiz umerik eman...». Hortxe, bete den iragarpen bakarra: ez dute umerik izan. «Egungo teknikekin posible litzateke nik GIBik gabeko haur bat izatea. 49 urte beharrean 30 banitu, murgilduko nintzateke horretan: berandu heldu da hori niretzat». Horrek ez diela zoriontasunik urratzen dio, ordea.

Ukazioaren zama hori guztia beste emakume askorengan ere ikusi du. Esaterako, bera eta senarra salbuespena direla dio. Duen lanarengatik —Itxarobide elkartean C hepatitisa eta GIBa dutenak artatzen ditu—, eri asko ezagutzen ditu, eta gutxi dira birusak izanda birusik gabeko gizonekin ezkondutako andreak. «Kontrako adibideak, ordea, asko dira». Ugariak izaten dira, halaber, gizon gaixoen inguruan agertzen diren emakume zaintzaileak: «Ia beti agertzen da ama, arreba, emaztea... Andreren bat». Andrazkoen inguruan, aldiz, ez dira hain ohikoak gizon zaintzaileak. «Emakumeek askoz ere gaitasun handiagoa izaten dute beren burua zaintzeko. Normalean, aski izaten dute hartu beharreko botikak eskura izatearekin. Gizonen atzean askotan emakumeak egoten dira: zaintzen».

Aktibista gisara ere, GIBaren eta C hepatitisaren kontrako elkarteen barruan, gizon eta emakumeen arteko aldea amildegi iruditu zaio maiz. «Elkarte barruko eguneroko lana —bere ederrean, bere gogorrean— %70etan andreek egiten dute; gero elkarteetako buruak ia beti gizonak izaten dira, ordea. Egiten diren batzarretan-eta askotan errepikatzen da irudi bera; emakume bat, eta berrogei gizon».

Ezkutatu ezina

Bagenekien. Garciak ikusi du familia eta lagunarte askotan, hitz horiekin hartu dituztela eriak, orain, urteak pasata GIBdunak edo C hepatitisdunak direla esatera ausartu direnean. «Ezkutatu ezin diren gauzak dira». Ahopeka esaten segitzen da, ordea: zeharka aipatzen. Ozen mintzatzen hastea garrantzitsua dela dio. «Lasaigarria izan da; babestua sentitu naiz, maitasunez hartua. Lehenago egin behar nuen!». Baina ulertzen du eri askoren, eta bereziki, andre askoren errezeloa. Neska gazte bat besterik ez zenean entzun behar izan zituen ezezkoak oroitu besterik ez ditu egin behar. Baiezkoan indarra jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.