Koronabirusa

Positiboek koska bat gora egin dute Hego Euskal Herrian: beste 734 kasu

Gabonetarako neurriak arindu diren honetan, kutsatu gehiago atzeman dira, eta %6,7ra igo da positiboen ehunekoa. ZIUetan 134 lagun daude

Antigeno probak egiten Zarauzko (Gipuzkoa) laborategi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Kutsatuen kopuruak goranzko joera hartu du berriro Hego Euskal Herrian: beste 734 positibo erregistratu zituzten herenegun, bezperan baino 31 gehiago. Abenduaren 3tik ez zegoen halako positibo kopururik. Orduko hartan, 748 positibo zenbatu zituzten, eta ordutik kopuru horren azpitik ibili dira datuak. Azken bi egunetan, baina, eten egin da beheranzko joera, eta 700 positiboen langa gainditu egin da berriro.

Egoera epidemiologikoa ez da lasaitzeko modukoa, are gutxiago kontuan hartuta azken orduetan COVID-19a atzemateko 10.854 PCR eta antigeno proba egin dituztela Osasunbideak eta Osakidetzak, bezperan baino 1.711 gutxiago, baina positiboak gehiago izan direla. Zehazki, ostiralean egindako testen %6,7k eman dute positibo. Ostegunean, berriz, positiboen ehunekoa %5,6koa izan zen.

Kutsatuen kurbak gora egiten jarraitzen badu ere, COVID-19ari aurre egiteko neurriak arindu egin dira Euskal Herri osoan. Atzo bertan, ostalaritza eta udalerrien konfinamendu perimetrala ireki zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, hain justu, hiru lurralde horietako datuak dira kezkagarrienak.

Eusko Jaurlaritzako osasun agintariek jakinarazi dutenez, azken orduetan beste 636 positibo zenbatu dituzte, eta positiboen ehunekoa %7,2 da. Bezperako datuekin alderatuta, okerrera egin du egoerak, bai positiboetan —39 gehiago zenbatu dituzte—, bai positibo tasan —%5,6koa izan zen ostegunean—. Kontuan hartu behar da OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean duela ezarria muga izurria kontrolpean hartzen hasteko.

Bizkaian eta Araban gora

Datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dira kasu gehien: 295 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 65 gehiago. Gipuzkoan, beste 209 kasu erregistratu dira, aurreko egunean baino 34 gutxiago. Araban, berriz, 129 dira zenbatutako positiboak, bezperan baino zazpi gehiago. Nafarroan, bestalde, beste 98 koronabirus kasu zenbatu dituzte, bezperan baino zortzi kasu gutxiago.

Nafarroaren egoerak apur bat hobera egin du, baina ez gehiegi. Izan ere, azken bi egunetan, ehun positiboren bueltan daude datuak, aurreko egunetan 90 kutsaturen langa gainditu gabe egon ondotik. Eskualdeka, Iruñean eta Iruñerrian atzeman dituzte positibo berri gehienak azken orduetan: %46 .

Ospitaleratzeei dagokienez, herenegun 78 lagun sartu zituzten Hegoaldeko erietxeetan, bezperan baino hiru gehiago. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 134 lagun daude oraintxe bertan. Osasunbideak jakinarazi du azken orduetan bi pertsona hil dira birusarekin: 71 eta 94 urteko bi gizonezko. Aurreko egunetan 86 urteko beste emakume bat ere zendu dela eman du jakitera.

Bestetik, Bizkaiko Aldundiak zabaldutako datuen arabera, bigarren oldea hasi zenetik 111 egoiliar hil dira Bizkaiko adinekoen egoitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.