Eurokopa. ANALISIA

Dante Panzeri eta Evaristo Paramos

Haritz Aranburu
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Badator Eurokopa, eta jarriko dira jokalariak zut, bakoitzak bere herrialdeko edo jokatzen ari den herrialdeko ereserkia entzuten duen bitartean. Ez da alferrik herrialde batekoa izatearen sentimendua plazaratzen duten txapelketetako bat. Ez da kontu hutsala, jokoan eragina izaten duelako. Herrialde batentzat jokatzea balio bat ematea da jokoari, eta zurrundu egiten du. Jokoak kalitatea eta ikusgarritasuna galtzen ditu, eta taldeak defentsiboak izatera ateratzen dira. Jokoa irensten du, azken batean. Bikain adierazi zuen hori Dante Panzerik La dinamica de lo impensado liburu zoragarrian: «Zenbat eta gauza gehiago izan jokoan, orduan eta eskasagoa da futbola».

Selekzioen estrategiak oso pragmatikoak izaten dira. Apenas izaten den trantsizio bizkorrik baloia berreskuratutakoan, baina, aldiz, azkar joaten dira lerroak atzeratuz talde gehienak, presioa egin beharrean. Ondorioa: partidak gorabeherarik gabekoak izaten dira. Eta, futbola ikusleentzat sortua dagoenez, arriskua dugu bidean mordo bat galtzeko selekzioen txapelketa hauetan, ez dietelako ezer ematen begira ari direnei.

Ikusi nahiko nuke XXI. mendeko futbol modernoa: taldeak ondo egituratuak, baloia ondo erabiltzen dutenak, presioa egiten dutenak, eta oso bertikalak. Ikusle neutroa naizenez Euskal Selekzioak parte hartu arte, mota horretako futbola ikustea gustatuko litzaidake. Baina ez. Iraultzaren bidean Ingalaterra ikusten dut, nahiko nukeen horri helduta ari baita. Bestela, Evaristo Paramosek dioena gertatuko da berriz: «Talde guztiak ordenatuta, eta, azkenean, luzapenak izaten dira politenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.