Euskal Herriko Itzulia

Lurrak Adam Yates irentsi du

Australiarrak zulatua izan du azken lurbide zatian, eta 1.12 galdu du. Julian Alaphilippek irabazi du Gorraitzen, eta Maximilian Schachmannek lidergoari eutsi dio. Astanak asko gogortu du etapa

Lurrak Adam Yates irentsi du.
Imanol Magro Eizmendi.
Gorraitz
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
«Lurbideetan inork ez du Itzulia irabaziko, baina norbaitek gal dezake». Milaka iritzi eman dira azken egunetan Nafarroako etapako ibilbidearen zati makurren inguruan. Batzuk, apokaliptikoak; beste batzuk, baikorragoak. Baina esaldi hori askotan errepikatu da. Hainbeste, ezen azkenean iragarpen bilakatu baita. Astanak infernu gorri bilakatu zuen etapa, lurbide guztietan erritmoa bizitu eta faboritoren batek penitentzia ordainduko zuen esperoan. Eta hala izan zen. Lurrak Adam Yates (Mitchelton) irentsi zuen. Azken lurbide zatian egokitu zitzaion, helmugatik hamazazpi kilometrora. Gurpil bat zulatu zuen, eta taldeak ez zuen garaiz erreakzionatu. Helmugan 1.12 galdu zuen, eta sailkapen nagusirako borrokatik kanpo dago. Herenegun Mikel Landa (Movistar) geratu zen jokoz kanpo, eta atzo, Yates. Lehen bi egunek faborito handi bana irentsi dute.

Yatesek jota gurutzatu zuen helmuga, egun oso txarra izan baitzuen. Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step), aldiz, poz bete-betean iritsi zen, etapa irabazi baitzuen. Helmuga ia perfektua zen harentzat, eta ez zion aukerari ihes egiten utzi. Duela bi urte gurpila zulatu zuen Sarrigurendik gertu, eta atzo egin zuen bakea Nafarroarekin. Garaipenarekin batera, hamar segundoko gainsaria lortu zuen. Horri esker, jauzia eman du sailkapen nagusian, eta, orain, bigarren da, Maximilian Schachmannengandik (Bora) bost segundora. Frantziarrak hirugarren etapa garaipena du Itzulian, eta sailkapen nagusia du orain helburu. «Ez dakit lortuko dudan. Nire helburua etapa bat irabaztea zen, ez sailkapen nagusia. Helburu hori lortu dut eta orain are presio gutxiago sumatzen dut». Pedal kolpe horrekin gaur ere ez da urrun ibiliko.

Liderrak, berriz, argi utzi zuen txirrindulari sendoa dela, eta garesti salduko duela bere lehen postua. Hanka onak dituela erakutsi zuen, eta adi egon zen esprint berezietan. Bi zeuden, eta lau segundo urratu zituen guztira. Lasterketa liburua ondo ikasia darama Schachmannek. Ion Izagirre (Astana) ere erne ibili zen, eta hiru segundo lortu zituen. Orain, bosgarren dago, liderrarengandik 23 segundora.

Lurbideak, ziztu bizian

Astanak talde oso indartsua ekarri du Itzulira, eta atzokoan gihar erakustaldia egin zuen. Ikustekoa izan zen lurbide zatietan ezarri zuen erritmoa. Tropelaren buruan sartu eta banakako ilaran eraman zituen txirrindulari guztiak. Hainbesterainokoa izan zen, ezen helmugatik 30 kilometrora 25 kideko tropeltxoa gelditu baitzen buruan. Geroago, dena den, su-eten txikia egin eta hogei kideko beste multzo bat gehitu zitzaion tropel nagusiari. Urdinen liderra Ion Izagirre da, eta hark ez du Alaphilippek edo Michal Kwiatkowskik (Sky) amaieretan duten abiadurarik; beraz, aurrerago egin beharra dauka galbahea, tartea lortzeko.

Yates izan zen biktima bakarra. Alaphilippe eta Kwiatkowski lehen eta hirugarren sailkatu ziren, oso trebeak baitira bide makurretan. Frantziarrak Strade Bianche irabazi du aurten, eta poloniarrak bitan. Proba hura da lurbideen moda ezarri zuena, eta, haiekin alderatuta, Nafarroakoak ez ziren apartekoak. Hala ere, Alaphilippek ere izan zuen bere sustoa, eta bi aldiz aldatu behar izan zuen bizikleta. Aurrenekoan, taldekide batena hartu zuen, eta bigarrenean, bere neurriko batengatik aldatzeko.

Etapa bizia izan zen, eta Yatesen arazoak are biziago bilakatu zuen. Helmugarako hamazazpi kilometro falta ziren, eta Sky taldeak zauria handitzeko aukera ikusi zuen. Jonathan Castroviejo (Sky) jarri zen tropeleko buruan, eta erlojupeko saio motza egin zuen. Faboritoen multzoaren eta Mitchelton taldearen arteko jazarpen proba bilakatu zen, eta aurrekoek irabazi zuten.

Behin Gorraitzen, Alaphillippek zituen begi guztiak gainean, baina nagusitasunez irabazi zuen. Segundo baten aldea atera zion Bjorg Lambrechti (Lotto-Soudal). Flandriarrak urrundik jo zion enbidoa, baina ezin izan zion erritmoari eutsi. Nabarmentzekoa izan zen, halaber, Omar Fraileren (Astana) laugarren postua. Santurtziarrak ondo ezagutzen zuen helmuga, baina pedal kolpe batean kale egin, eta hori nahikoa izan zen Alaphilippe ez harrapatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.