Athleticek jaitsieratik aldentzeko beste urrats bat egin gura du, Sevillan

haritz gallastegi
2019ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gaizka Garitanok Athleticen entrenatzaile kargua onartu zuenean larria zen taldearen egoera. Sei partidatan hamabi puntu bildu ostean beste era batera ikusten dira gauzak. Bai taldeko kideak eta bai ingurua lasaiago daude. Horrek ez du esan gura zuri-gorriak arrisku eremutik aldendu direnik. Jaisteko postuek gertu jarraitzen dute. Hortaz, hankak lurrean jarri eta lanean jarraitzea baino ez daukate. Betisen kontra beste aurrera pauso bat ematea da helburua. Athletic sendo agertu da azken jardunaldietan. Atea ondo ari da zaintzen, eta horrek ia lehia guztietan irabazteko aukerak eman dizkio. Bada, San Mamesen babesarekin sailkapenaren erdialdean egonkortzeko balioko dion garaipena eskuratzen ahaleginduko da.

Jokatzeko era ezberdinen arteko lehia izango da gaurkoa. Athleticek ez dio aparteko garrantzirik ematen baloiaren jabetzari. Zuzen jokatu eta hegalak baliatuta aurkaria estu hartzea du helburu. Betisek, berriz, baloiaren kontrolaren bueltan antolatzen du defentsako zein erasoko jokoa. Ligan baloia gehien duen taldea da. Iragan sasoian oso ondo ibili zen, etahiru lehiaketatan jarraitzen du bizirik. Talde ona dela erakusten duen datua da, baina Kopa jokatu du aste barruan, eta baliteke zenbait jokalarik pilatutako nekeak Athletici mesede egitea. Hamaikakori dagokionez, Beñatek harmailatik ikusi beharko du lehia txartel pilaketa tarteko. San Josek hartuko du bere lekua euskarrian. Partida hasi aurretik, berriz, klubak merezitako omenaldia egingo dio elastiko zuri-gorriarekin 500. lehia bete berri duen Susaetari.

ATHLETIC-BETIS

Athletic. Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo, Yuri; Danio Garcia, San Jose, Ibai, Muniain, Cordoba; eta Williams

Betis. Pau Lopez; Mandi, Bartra, Feddal; Tello, Francis, Carvalho, Canales, Gaurdado, Lo Celso; eta Loren

Epailea. Estrada Fernandez.

Lekua. San Mames (53.000 ik.).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.