Turismo jasangarriaren alde

Udalbiltzaren Lurgida aplikazio berrian, ibilbideak, herriak, etxaldeak eta ondarea jaso dituzte. Euskal Herriko sustraiak ezagutarazi, eta bisitariak tokiko ekoizleengana hurbildu nahi ditu.

Lurgida aplikazioan, herriak, ibilbideak, etxaldeak eta ondarea topatuko dituzte erabiltzaileek. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Gogor jo du turismoa koronabirusaren krisiak, eta kinka larrian dago sektorea. Testuinguru berezi honetan, Lurgida aplikazioa kaleratu du Udalbiltzak, tokiko turismo jasangarria sustatzeko xedearekin. Joan den astean aurkeztu zuten proiektua, eta dagoeneko 1.000 deskargako langa gainditu du aplikazioak.

Osasun krisialdi betean kaleratu den arren, 2017koa da Lurgida sortzeko ideia, «Euskal Herria sustraietatik eta sakonki ezagutzeko» gida turistikoa. Jabi Asurmendi Udalbiltzako lehendakariaren esanetan, bestelako turismo eredu bat sustatzea du helburu aplikazioak: «Turismo jasangarriago bat, gaur egun dagoenaren aldean bestelakoa» eta Euskal Herria bere osotasunean hartzen duena.

Hasieran, hemengo zein kanpoko turistei begira pentsatu zuten aplikazioa. Kanpoko bisitariei «Euskal Herria herri bezala» erakustea zen asmoa; Asurmendiren iritziz, orain arte hori ez baita «lan erraza izan», beste erakunde publikoek «ez dutelako» halakorik egin. Halaber, barne turismoak lehentasuna hartu du uda honetan, eta Lurgidak «bere ekarpentxoa» egin dezakeela uste du: «Lurgida planteatu zenean, bai barne turismoari eta bai kanpo turismoari begira planteatu zen, baina egoera honetan argi dago barne turismo hori bultzatzea tokatzen zaigula; gure mugimenduak murriztea, zero kilometroren aldeko apustua egitea, eta gure ekoizleak eta baserritarrak babestea».

Aukera zabalak eskaintzen ditu aplikazioak Euskal Herriko ondare materiala eta immateriala ezagutzeko. Erabiltzaileak Euskal Herriko mapa topatuko du aplikaziora sartzean, eta, bertan, lau atal. Alde batetik, herrien atala dago. Hainbat herriren fitxak daude, eta, horietan, interesguneak, data garrantzitsuak edota herriaren historia topa daitezke.Hain zuzen ere, herri horietako batzuk ibilbideen abiapuntu ere badira. Lurgidak 11 ibilbide tematiko eskaintzen ditu, oinez edo autoz egitekoak, eta, ibilbide horien bitartez, «Euskal Herriko istorio bat» kontatzen da. Oihanetik itsasora ibilbidean, esaterako, erabiltzaileak aukera izango du egurra basotik itsasora nola garraiatzen zuten jakiteko.

Ondare immaterialari ere toki berezia eskaini nahi izan diote aplikazioan, leku bateko kultura ezagutzeari beharrezko baiteritzo Asurmendik: «Kultura ezagutu behar da, horrek adierazten baitu, askotan, herri baten aniztasuna». Horregatik, Euskal Herri osoko kultura eta adierazpen ezberdinak jasotzen ahalegindu dira.

Lehen sektoreari bultzada

Bisitariak lehen sektorera hurbiltzea da aplikazioaren beste ardatzetako bat. Horretarako, etxaldeen atala topatuko dute erabiltzaileek. Europan oso errotuta dagoen proiektu bat jarri nahi izan dute martxan horrekin: etxaldeek leku bat uzten diete bisitariei autokarabanekin edo furgonetekin gaua pasatzeko, eta, trukean, ekoizleek eta baserritarrek haien produktuak ematen dituzte ezagutzera. Turismoa egiteko era berri hori da, Asurmendirentzat, aplikazioaren gauza «onenetako bat»; izan ere, garrantzia eman nahi izan diote «tokiko produktuak eta ekoizleen bizimodua» ezagutarazteari.

Kalean egun gutxi badaramatza ere, Lurgidak harrera «oso ona» izan du, eta 1.000 deskargako langa gainditu du dagoeneko. Jasotako mezuak eta balorazioak ere «orokorrean oso onak» izan dira, eta sortzaileak «oso pozik daude» lanarekin. Aplikazioa IOS eta Android plataformetan dago eskuragarri, eta baita lurgida.eus webgunean ere. Eduki guztiak, gainera, nahieran berrerabili eta parteka daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.