«Ezin da burua galdu»

Eibarren denboraldia «bikaina» izan dela esan du Fran Garagarza kirol zuzendariak, eta helburuak mailari eustea izan behar duela gero ere

Fran Garagarza, atzo, Ipuruan egindako prentsaurrekoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Sasoi amaiera bakoitzean bezala, Fran Garagarza Eibarreko kirol zuzendariak agerraldia egin zuen atzo, denboraldia nolakoa izan den kontatzeko eta datorrenari begira zein asmo dituen azaltzeko. Bukatu berri den ligari begira jarri zen lehendabizi, eta «bikaina» izan dela esan zuen. Aparteko balioa eman zion Euskal Herriko lehen taldea izateari: «Kontuan izanda alboan zer-nolako klub handiak dauzkagun, sekulako meritua dauka gu aurrena izateak». Gutxi jokatu duten jokalariak izan zituen gogoan: «Egunero jarraitu dute ondo lanean, eta prest egon dira jokatzeko aukera izan dutenean. Horrek garbi erakusten du talde bat garela».

Jokalari multzo horrek hain ondo jokatu eta gero, klubarentzat onena litzateke denek jarraitzea, baina ez da horrela izango. Capa, Dani Garcia, Inui, Junca, Rico, Jovanovic eta Lomban dira oraingoz jarraituko ez dutenak, eta oraintxe bertan, utzita dauden jokalariak barne, 25eko taldea dauka Jose Luis Mendilibarrek. Garagarzak argi esan zuen honen inguruan: «Denak ez dira izango Eibarren datorren denboraldian, eta 25 jokalariko kopurua ere ez dugu izango». Batzuek alde egingo dute, edo utzita joango dira beste talde batzuetara, eta fitxaketak ere izango dira: «Nahiko zehaztuta daukagu nolako taldea nahi dugun, baina ez da erraza izango nahi dugun guztia ondo ateratzea». Aurreratu zuen fitxaketa batzuen kasuan Eibar leku onean dela: «Ondo kokatuak gaude, baina gero, zenbaitetan, beste kontu bat izaten da gauzatzen diren edo ez».

Eibarreko kirol zuzendaria ez dago kezkatuaalde horretatik: «Ez dugu ibili beharko beste denboraldi batzuetan bezala hamazazpi jokalari ekartzen, eta horrek lasaitasuna ematen digu». Onartu zuen, hala ere, beste egoera bati egin beharko diotela aurre: «Taldean dauzkagun 25 jokalari horietako batzuei joateko atea ireki behar izatea nahiko berria da guretzat».

Multzo horretan ez omen da hiru atezainetako inor egongo, oraingoz: «Hirurek esan digute oso pozik daudela, eta jarraitzekotan direla». Kutsu misteriotsua izan zuen esaldi bat bota zuen Garagarzak: «Garestitzen ari zaigu taldea, eta ez gaude diruz jendeak uste duen bezain ondo». Salmentaren bati ateak irekitzen ariko balitz bezala bota zuen hori.

Inuiren inguruan kontatu zuen hitzez baiezkoa eman ziola kontratu berritzeari, baina gero kontrakoa erabaki zuela. Bi gaitan hitz egin zuen oso irmo: «Kirol Hiria behar du klubak, lau zelaikoa, bi lehen taldearentzat eta beste biak harrobiarentzat». Kirol helburuaz, hauxe esan zuen: «Ez jaistea da helburua; ezin dugu burua galdu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.