Kontxako Bandera

Ezusteak, beste baterako

Aurreikuspenak bete egin dira Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Zierbenak irabazi du estropada, eta Orio, Hondarribia, Santurtzi, Urdaibai, Cabo eta Zarautz ere sailkatu dira

Zierbenako izen bereko trainerua, atzo Donostian, Kontxako Banderako sailkatze estropadan. JUAN CARLOS RUIZ/ FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Kontxako sailkatze estropadan gertatu izan dira ezusteak, baina atzo ez. Halakoak gertatzeko, eguraldi aldaketak eta itsaso nahasiak izaten dituzte bidaide ezuste emaileek, eta, horrela izanda ere, beti ez da sorpresarik izaten. Atzoko baldintzak oso onak ziren. «Inoizko onenak», esan zuen Oscar Hermo Caboko patroiak. Itsasoa, eguraldia eta talderik handienen berezko dohainak alde zituztela, batere arazorik gabe sailkatu ziren kiniela guztietan zeuden bost traineruak: Zierbena, Orio, Hondarribia, Santurtzi eta Urdaibai. Cabo ere aurreikuspen gehienetan zegoen, eta Kontxan ariko da. Zarautz izan zen zazpigarren sailkatua, eta horrek ere bazuen aukerarikbeste talde batzuekin lehia estuan. Hain zuzen, azkeneko lekuaren bila aritzeko multzoan zen Ondarroa, eta hari tokatu zitzaion zortzigarren postu petrala, eta hutsagatik, gainera, 2,32 segundogatik.

Azkena sailkatu zena izan zen aurrena ateratzen, zozketak horrela erabakita. Zarautz itsu-itsuan atera zen, batere erreferentziarik gabe. «Gurea egitera gara atera gara», esan zuen Aitzol Garro patroiak. Bai egin ere. Arraunean ondo egiteko pentsamendua bakarrik buruan, hasieratik atera zen Enbata egurrean. Ziaboga bakarrean barruan izateko saritxoa eman zion horrek, eta bueltako luzean, sari txikia sari handi bilakatu zuen. Baina Igor Gurutxarri arraunlariak lanak bukatu eta lehorrean esan zuen bezala, «nire bizitzako hamar minuturik luzeenak igaro ditut beste taldeek lanak bukatu bitartean». Azkenean, merezi izan zuen zain egotea, eta Zarautzek Kontxa lehiatuko du hamahiru urteren ondoren. Asteburuan kolpea hartu zuen Galizian, Eusko Label ligako kanporaketa jokatzera bideratu baitzuten hango bi emaitzek, baina azkar jaiki da.

Zierbena zetorren Zarautzen atzetik hurrenkeran, eta airean ibili zen. Kanpoan, denbora onena egin zuen, eta beste horrenbeste egin zuen bukaeran. Sailkatzera baino zerbait gehiago egitera joan zen, Juan Zunzunegi arraunlari eta entrenatzaileak esandakoaren arabera: «Iganderako, taldeari heldutasun puntua eman nahi izan diogu». Emaitza historikoa da, lehen aldiz irabazi zuelako sailkatze estropada.

Oriok egin zuen bigarren. Atzoko emaitzei ez zaie buelta asko eman behar, baina oriotarren kasuan, azken estropadetako gorabeherak gozatzeko balioko die bigarren egin izanak, eta Zierbena indartsuak 3,88 segundo bakarrik atera izana datu ona da Jon Salsamendi bezalako motibatzaile on batentzat arraunlarien buruetan eragiteko.

Hondarribiak egin zuen laugarren, Orioren gainean, 88 ehunenetara. Lana bete eta barrura,baina ez edozein moduz eta zabarkeriaz. «Sailkatzeaz gain, aurkariengandik gertu ibili nahi genuen», esan du Mikel Orbañanos entrenatzaileak. Egin beharrekoa ondo taxutu zuen azken bi urteetan bandera ospetsua herrira eraman duen taldeak.

Santurtzik ere bete zuen berea. Kanpora uste baino gehiago sufritu zuela ematen dute aditzera denborek, Zarautzek baino lau segundo bizkorrago eman zuelako buelta, eta Ondarroak baino zazpi bizkorrago. Bueltako luzean hortzak estutu beharrean izan zen. Barrura denbora ona eginez, laugarren izan zen, Zierbenagatik 13,06 segundora. Mikel Azkarate arraunlariak atzoko estropadaren arriskuez hitz egin zuen: «Gure lana egin dugu, eta gustura. Sailkatzea da garrantzitsua, arriskutsua izaten delako».

Caboren atzetik, koska

Urdaibairi bukatu zaio halako batean abuztu madarikatua, gauzak aldrebes atera baitzitzaizkion aurreko hilabetean. Iraileko lehen estropadan, uztaileko itxura eman zuen, eta estutasun handirik gabe egin zuen barrura, aurrenekotik 14,38 segundora, nahiz eta ziabogan, Santurtziren denboretan ibili. Gustura azaldu zenn Jon Elortegi arraunlaria eta entrenatzailea: «Arraunean ondo egin behar izaten da sailkatzeko, eta horixe egin dugu»

Bizkaiko bi talde indartsu horiek baino segundo bat azkarrago ibili zen kanpoan Cabo. «Kanpora ondo joan gara», esan zuen Hermok gero, «barrura ez hainbeste, ordea», gehitu zuen segituan. Sailkatu zirenen artean, Galiziako taldea izan zen kaxkarrena bueltako luzean, baina sailkatu egin zen, eta urteko helburua beteta, pozik dira.

Atzoko egunez, beti izaten da kolpea hartzen duen norbait, eta Ondarroa izan zen. Iaz, garai honetan, poza eta algara zen nagusi herrian eta Donostiako arrapalan, sailkatze estropada irabazi eta 23 urteren buruan berriz ere sailkatu egin zelako. Atzo, kontrako sentimenduarekin ziren (duela bi urte bezala, zortzigarren izan baitziren 2,34 segundora), baina «harro», Iñaki Errasti arraunlari eta entrenatzaileak esan zuen bezala: «Gure lana egin dugu, baina ezin izan da.».

Ondarroaren atzetik Ares geratu zen, Zarautzengandik 9,82 segundora. Isuntza eta Pedreña sartu ziren gero, KAE 1 ligako aurtengo garailea. Sailkatzetik 17,56 segundora geratu zen. Azkena izan zen helmugan sartzen Pedreña, eta San Pedrok zeharkatu zuen helmuga haren aurretik. Mikel Arostegi pasaitarren arraunlari eta entrenatzaileakesan zuenez, haizeak gora egin zuen, «azken taldeak kaltetuz».

Lanak bukatuta, igandeko txanda zozketa egin zen, eta honela banatuko dira: lehendabizikoan, Donostiarra, Zarautz, Urdaibai eta Santurtzi joango dira. Bigarrenean, Orio, Hondarribia, Cabo eta Zierbena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.