Arrosa eta morea, berriz batera

San Juan eta San Pedro 1999an aritu ziren elkarren aurka azkenekoz Kontxako Banderan, eta aurten berriz ariko dira. Joseba Arbona zen sanjuandarren patroia, eta Aitor Balda arraunlaria zen San Pedron.

San Pedro, Urdaibai, Koxtape eta Orio, 1999ko Kontxako Banderako txanda nagusian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Osteguneko Kontxako Banderarako sailkatze estropada bukatu zenean, datu batek eman zuen atentzioa. Hamasei urte geroago, Kontxako estropadetan lehiatzeko sailkatu ziren San Juan eta San Pedro. Biak batera ez dira aritu harrezkero. Hamasei urte geroago, bat egingo dute bihar eta datorren igandean.

Joseba Arbona (Pasaia, Gipuzkoa, 1974) zen Koxtapeko patroia 1999an—hala zuen izena orduan klubak, eta beste bat ere bazen: Donibaneko Arraunlariak—, eta Aitor Balda (Donostia, 1972) arraunlaria zen San Pedron. «Ez daukat ahazteko urte hartako Kontxa hura», aitortu dio patroiak BERRIAri. Azalpenak indar handia dauka: «Irabazi egin genuen bandera». Hala ere, beste estropada batzuk bezala gogoratzen duela gehitu du: «Kontxako guztiak dauzkat buruan, ez bereziki hura». Iraileko bigarren igandean, ohorezko txandan, batera aritu ziren Pasaiako bi taldeak; Orio eta Urdaibai zituzten aurkari. Bizkaitarrentzat ere berezia izan zen estropada hura, aurrenekoz sailkatu zelako Kontxan lehiatzeko. Pasai Donibane Koxtape izan zen azkarrena lehen igandean, eta zazpi segundorentartea zuen Oriorekiko.

Bitxia da ondorengoa: garaiko kroniketan, ezustetzat hartua izan zen pasaitarrek Orio menderatzea. Arbona ez dator bat horrekin: «Ez zen ezustea izan. Bandera asko irabazi genituen urte hartan, eta garai hartan jokatzen zen liga ere guretzat izan zen». Kontuak kontu, bigarren igandean, Oriok bereak eta bi eman zituen zazpi segundoren tartea jateko: «Estu hartu gintuzten, bai. Uste dut kanpoko balizan aurretik zirela. Gogoan dut badia barruan joan ginela beraien aldea txikitzen, eta, azkenean, hiruzpalau segundo atera zizkiguten. Guretzat zen bandera».

San Pedrok, berriz, laugarren egin zuen bi egunetako jarduna kontatuta. Hala oroitu du, behintzat, Baldak: «Ohorezko txandan sartzea lortu genuen, eta azkenean, laugarren lekuan bukatu genuen». Pasaiako ontzi morearen asmotan ez zegoen bandera irabazteko lehian egotea, zintzo onartu duenez: «Urte hartako martxoan osatu genuen taldea. San Pedroko talde handiaren azkeneko urtea izan zen, eta jarraitu egin behar izan genuen, talderik ez zelako osatuko bestela». Egoera horretan, Kontxan ohorezko txandan sartzea lorpen handitzat dauka San Pedroko egungo entrenatzaileak: «Ikusirik nola geunden martxoan, emaitza polita izan zen Kontxako hura».

Beste aldarte eta egoera batean zen Koxtape, Arbonak aitortu duenez: «Oso talde gaztea zen gurea. Batez besteko adina 23 bat urte izango genuen, eta bandera hura irabaztea sekulakoa izan zen». Talde haren sekretua zein zen esan du: «Gazteak izan arren, urte asko genbiltzan batera arraunean, harrobian, eta talde sendoa ginen». Hala ere, komeriak ere izan zituztela gogoratu du: «Donibaneko Arraunlariak 1991n sortu zen, eta orduan hautsi zen taldetik bi bakarrik geunden 1999an: Igor Makazaga —Orioko egungo entrenatzailea— eta ni».

Arbonaren aurreneko garaipena izan zen Kontxan, «eta bakarra». Baldak bazituen ordurako bi irabazita. San Pedroko arraunlariak utzi egin zuen arrauna denboraldi amaieran, garai loriatsuak bukatu eta gero: «Hiru urtez egon nintzen utzita, eta 2002an Urdaibaira joan nintzen». Arbonak Koxtapen segitu zuen beste lau urtez, beste talde batzuetan ibili aurretik.

Biharkoak izango du kutsu historikoa, edo nostalgikoa, nahi bada. Hamasei urte elkarren aurka Kontxan aritu gabe egotea asko da. Arbonak oso garbi eman du iritzia: «Kontxa handia da berez, baina San Juan eta San Pedro egoteak ematen dio halako zerbait berezia. Behar duela esango nuke». Baldak ere antzeko ustea dauka, eta balioa eman dio biak berriz sailkatzeari.

Urte hauetan guztietan, bat sailkatu izan da batzuetan, eta bestea beste zenbaitetan, baina ez dira urte on-onak izan bi taldeentzat. Koxtape berriz igaro zen San Juan izatera duela urte gutxi, eta behetik gora zetorren taldea orduan. KAE 1 ligan ere aritu behar izan zuen, TKE ligan maila galdu eta gero. San Pedrok ere ezagutu du zuloa urte hauetan, eta, hain zuzen, Balda bera entrenatzaile zela igo zen 2006an liga nagusira.

Garai berrien menpe

Gorabehera horien azpian zer dagoen ere aztertu dute, eta biak bat egin dute honetan: «Arrauna aldatu egin da. San Miguel ligak sekulako aldaketa ekarri zuen, lehiakortasuna ikaragarri gogorra da, ezin da arraunlariak fitxatu arau batzuk errespetatu gabe, eta San Juani eta San Pedrori tokatu zaigu urte batzuetan behean ibiltzea».

Goian dira, ordea, berriz ere. Urte batzuk badaramatzate hor, eta Kontxako sailkatze bateratu honek nolabaiteko sendotasuna eman die bien bide onei. Bihar ez dira txanda berean izango. Bihar zortzi «bai», Baldaren ustez: «Ez dut uste ohorezko txandan sartuko garenik». Arbona ikusle joatekotan da bihar, aspaldian joan gabe egon eta gero. Baldak trainerutik, eta Arbonak bertatik bertara, biek ikusiko dituzte arrosa eta more koloreak zaleen artean. Hamasei urte geroago. Eta bi taldeen artean lehia historikoa egon arren, Arbonaren hitzek balio bezate lehia sanoa izateko: «Poztu egin nintzen San Pedro sailkatu zela ikustean. Lehia egotea polita da, baina neurrian izan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.