Frantziako Tourra

Laugarrenean jarri dio ginga Van Aertek

Jumbo-Vismak erakustaldia eman du estrategia erasokor batekin. Van Aertek lider jarraituko du, eta aldea handitu. Gaur harbideen txanda izango da

Laugarrenean jarri dio ginga Van Aertek.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Lortu du. Iritsi da Wout van Aertentzat (Jumbo-Visma) egun handia aurtengo Frantziako Tourrean. Hiru aldiz bigarren postuan sailkatu eta gero, atzo, laugarren ahaleginean lortu zuen helmugan besoak gora altxatzea. Lehenengoan, Yves Lampaertek (Quick-Step) inork espero ez zuenean kendu zion garaipena Van Aerti. Bigarren egunean, Fabio Jakobsenek (Quick-Step) esprintean irabazi zion flandriarrari. Hala ere, hirugarren egunean ere saiatu zen etapa irabazten, baina Dylan Groenewegen (BikeExchange) gailendu zitzaion helmugako argazkian. Hirutan gailurra ukitzetik gertu, baina hiruretan kale. Laugarrenean, ordea, lortu du zapore garratza kentzea.

Eguna ihesaldiarekin hasi zen. Bertan izan zen laugarrenez segidan Magnus Cort Nielsen (EF Education), eta harekin batera aurrera egin zuen Anthony Perezek ere (Cofidis). Tropelak ihesaldia baimendu zuen, baina, erritmo bizkorra ezarri ez zuen arren, kontrolpean izan zuen bikotea une oro.

Atzokoan ere haize aldaketa zegoen iragarrita, behin Audinghen (Frantzia) igaro eta kostalderako bidea hartu ostean. Hala ere, haizeak ez zuen arazorik eman, eta alde horretatik salbu izan zen tropela. Berrogei kilometro falta zirenean, Perez bakarrik gelditu zen buruan, baina ezin izan zuen ezustekoa eman. Talde guztiak esprinterrentzat prestatzen ari zirenean, ordea, dena hankaz gora jarri zuen Jumbo-Vismak.

Hamaika kilometro falta zirenean, eguneko azken muinoa (bederatziehun metro, %7,5) baliatu zuen liderraren taldeak, eta estrategia erasokor batekin aztarrika sortu zuen tropelean. Nathan van Hooydonck (Jumbo-Visma) izan zen erritmoa bizkortu zuena, eta haren atzetik taldekideak banan-banan joan ziren. Christophe Laportek erantzuna eman zion beste erritmo aldaketa bortitz batekin, eta lan hori Van Aertek errematatu zuen. Jonas Vingegaard taldekideak eta Adam Yatesek (Ineos) eutsi zioten aurrenekoan flandriarrari, baina berehala gelditu zen bakarrik. Aldapan behera hegan joan zen, bakarrik. Erlojupekoan izarra, bere gaitasuna baliatu zuen helmugara bitarte tropelarekiko tartea areagotzeko, erakustaldia emanez.

Esprinterren taldeek ez zieten Van Aerten mugimenduari erantzun. Elkarri begira gelditu ziren, akordio batera iritsi gabe. Abantaila areagotu egin zuen Van Aertek, helmugan besoak altxatu arte. «Esprintekin nazkatuta nengoen. Ez nuen gehiago arriskatu nahi», esan zuen garaileak, etapa amaitu ostean.

Harbideei errespetua

Gaur harbideen txanda izango da, eta talde guztiek begiz joa zuten hasieratik. Horregatik, Tadej Pogacar (UAE), Primoz Roglic (Jumbo-Visma) eta Vingegaard harbideetako zenbait klasikotan aritu dira. 157 kilometro ditu bosgarren etapak: Lillen (Frantzia) abiatuko da, eta Arenbergen (Frantzia) amaitu. Hogei kilometro egingo dituzte harbideetan, hamaika zatitan banatuak. Azkena helmugatik zazpi kilometrotara bukatuko da, eta arazoren bat daukanak garesti ordainduko du.

Biharko, Paris-Roubaix klasikoan erabiltzen diren bizikletak erabiliko dituzte. Malguagoak dira, eta pneumatiko lodiagoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.