Txantreako bestak (Iruñea)

Herri txosnak bueltan dira

Gaur abiatuko dira Iruñeko Txantrea auzoko bestak, txupinazoarekin eta neska-mutil nagusien dantzarekin. Aurten herri mugimenduak txosnak paratuko ditu.

Txantrearrak txupinazoaren ondoren auzoko dantza eskaintzen, iazko bestetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Azkenengo lanak bukatuta, prest dira Iruñeko Txantrea auzoan bestei ekiteko. Siñar Zubi elkarteko kideek eta Txantreako joaldunek botako dute aurten suziria, 20:00etan Txantrea plazan, eta orduan abiatuko da besta. Txupinazoa bota ondoren, neska-mutil nagusien dantza eginen dute adin guzietako auzokideek elkarrekin. Azken bi urteetan ez bezala, aurten txosna gune bat izanen da Maiatzaren 1a plazan. Herri mugimenduak bestarako eta aldarrirako gunea berreskuratu nahi izan du.

Ezagun da Iruñeko auzoetako bestetan urte luzez izan diren arazoak UPNko Yolanda Barcina eta, ondoren, Enrique Maia alkate ziren garaian. Hainbat herri eragile legez kanpo utzi zituzten 2000ko hamarkadan, eta horrek txosnak paratzeko zailtasunak ekarri zituen. 2003. urteaz geroztik, Txantrean ez da herri eragileek antolatutako txosna gunerik izan. Aurrerago, Jai Batzordeak hartu zuen bestarako eremu bat muntatzeko ardura, baina hori ere bertan behera geratu zen 2015. urtean. Egoera ikusirik, herri eragileak berriz ere batu dira, eta aurten txosnak itzuliko dira Txantreara. Oraingoz, sokatira taldea, talde feminista, gazte mugimendua eta euskal presoen lantaldea ariko dira.

June Etxeberria txosna batzordeko kidea da, eta txosnen itzulerari buruz mintzatu da. Haren aburuz, azken bi urteetan gaueko giroari «ezin eutsi» ibili dira Txantrean, Jai Batzordeak muntatzen zuen besta gunerik gabeko urteetan, alegia. «Festa lekuak lehenengo urteetan sekulako eragin positiboa izan zuen, batu gintuelako eta elkarrekin lan egin genuelako. Kontua da jaialdi bat sortzen ari zela, giro bat ez zena auzoko eragileek auzokoentzat egina. Kanpokoentzat zen». Horregatik kendu zuten.

Orain, txosnen itzulera bestelakoa izanen da. «Ikusi genuen txosnen gunea hartu behar genuela auzoarentzako, gure ekarpena egin eta gure presentzia bermatzeko». Lan egiteko modua ezberdina izanen bada ere, helburua besta lekuaren antzekoa dela onartu du, baina, aurten, talde horien aldarrikapenek toki nabarmena izanen dute: erasorik gabeko gunea, errepresioaren kontrako aldarria eta autogestioaren eta auzolanaren filosofia.

Astelehenera arte

Txosna gunea gaur bertan irekiko dute, eta egitarau zabala izanen du, auzoko beste gune batzuetan izanen denaren osagarri. Etxeberriak nabarmendu nahi izan du belaunaldi guzietako jendea elkartzen dela txosna batzordean. «Belaunaldi berriek beste ikuspegi bat ekarri dute, eta ongi dago». Herri eragileen txosna guneaz gainera, besta izanen da Armonia Txantreana peñan, Euskaldunon Biltoki elkartean eta auzoko hainbat plazatan. Astelehenera arte iraungo dute bestek, eta orotara 29 kontzertu eskainiko dituzte hainbat gunetan. Larunbateko kaldereteak dira arrakasta handiena duten ekitaldietako bat. Hori ere Barcinaren miran izan zen hainbat urtez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.