«Bost axola zaie jendea»

River Plateko bazkidea da Ignacio Aznarez, eta estadiora abiatu zen Libertadores Kopako partida bertan behera gelditu zen bi aldietan. Zale arruntaren ahotsa da, haserrearena.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Zortzi urte dira River Plateko bazkide dela, eta, abenduaren 2an, Argentinako ligako azken partidan, Gimnasia La Plataren aurkakoan, aurretik bizi izangabeko eszena bat ikusi zuen Ignacio Aznarezek estadioan. «Jendeak txistu egin zion Barra Brava-ri. Iraindu egin zituzten, ulu egin zieten, haien abestiak ez zituzten abestu... Itxaropen izpi bat da, baina ez dut uste 50.000 pertsona arruntek hori egin zutelako muturreko zaleak joango direnik, boteretsuak dira». Aznarezena River Platen zale arruntaren ahotsa da, bortizkeriarekin, eta hura ahalbidetzen duten agintariekin, nazkatuta dagoen zalearena.

«Niretzat, horrek guztiak garrantzia galdu du», aitortu duMedikuntza ikasle gazteak (24 urte ditu). «Conmebolek enkantea egin du Libertadores Kopako finalarekin, eta Madrilen aurkitu du eroslerik onena. Jendeak bost axola dio. Partida parekatua izango zela zioten, eta Bernabeun Boca Juniorseko muturreko zaleak egongo dira, eta ni ez. Hori guztia orban handia da Conmebolentzat». Izan ere, Aznarezentzat, Riverreko zale askorentzat bezala, goitik behera aldatu da partidaren esanahia. «Riverzalearentzat hau futbolaren historiako partidarik garrantzitsuena zen. Argentinak jokaturiko Munduko Kopako finalak baino gehiago. Lagunei esaten nien, 'partida hau irabazi behar dugu, berdin zait beste guztiak galdu eta Hirugarren Mailara bagoaz, hau da irabazi beharrekoa'. Orain, guztiak zentzua galdu du».

Partida lehen aldiz bertan behera gelditu zenean, azaroaren 24an, Aznarez Monumental estadioan zen. «Bi ordu lehenago sartu, eta ordurako beteta zegoen. Festa handia izateko prest zegoen dena. Muturreko zaleak falta zirela zen gauza deigarri bakarra; geroago sartu ziren». Barruan zirela entzun zuten irratiz, Bocaren autobusa harrikatu zutela. «Argentinan partida guztietan harrikatzen dituzte autobusak. Ez ninduen arduratu, baina Bocako jokalari bat ospitalera eraman zutela jakin nuenean esan nuen, 'kito, ez da jokatuko. Eta ondo iruditzen zitzaidan ez jokatzea'. Hori ez zen berdintasunean jokatzea».

Aznarezek bost ordu egin zituen eguzkipean. «Munduko bazter guztietatik etorritako jendea zegoen, sarrera bategatik dirutza ordaindutakoa... Botata egon ginen, berriz diot, futboleko agintariei bost axola die jendeak». Partida 15:00etan hastekoa zen, eta hasiera nola atzeratzen entzun zuten megafoniatik: 15:00ak, 17:00ak, 18:00ak, 19:00ak, 19:45... «Lagun batek zioen jendea nekatzeko zela. 60.000 pertsona 17:00etan batera atera izan balira sekulako istiluak egongo zirelako». Eta hala ere, aurretik, egon ziren istiluak kalean, estadioa aurretik utzi zuten zaleen, muturreko zaleen eta Poliziaren artean. «Arrastoak ikusi genituen 20:00etan. Gerra Zibila zirudien; harriak, kristal hautsiak... Dena den, handiagoak ikusitakoa naiz. 2012an, River Bigarren Mailara jaitsi zenean, anarkia zen nagusi. Egun hartan, lau metroko suak zeuden kalean».

Partida hurrengo egunean jokatuko zela esan zuten antolatzaileek, eta Aznarez berriz abiatu zen estadiora igandean. «Autoa uzteko toki bila nenbilela jakin nuen ez zela jokatuko. Hobeto. Atzeratzearen aldekoa nintzen, logikoena zen. Ezin zen jokatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.