Realak galdu egin du etxean; Athleticek, berriz, berdindu

Natalia Arroyoren taldea argitasunik gabe aritu da Madrilen aurka (0-1). Zuri-gorriak atzetik hasi dira, eta, partida irauli arren, 2-2 egin dute

Manuela Vanegas Realekoa, baloia aldentzen atzoko partidan. JON. URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Ez zen larunbat ona izan atzokoa Realarentzat eta Athleticentzat. Atzo irabazita, ia eskura zuen Realak Txapeldunen Ligarako sailkapena. Baina 0-1 galdu zuen Natalia Arroyoren taldeak Madrilen kontra. Ondo ekin zion norgehiagokari, eta gertu izan zuen aurretik jartzea, Nerea Eizagirreren jaurtiketa bat langara joan baitzen. Sanni Franssik ere abagune argia izan zuen, baina ez zuen erremate ona egin.

Hortik aurrera, partida aldatu egin zen. Txuri-urdinek baloi jabetza izan zuten, baina argitasuna falta izan zitzaien, eta Madrilek bila zebilena aurkitu zuen. Jokaldi isolatu batean Ane Etxezarretak ez zuen asmatu baloia jasotzeko orduan, eta ondo baliatu zuen Geysek 0-1ekoa egiteko, 28. minutuan.

Reala saiatu zen buelta ematen. Baina ezin Madrilek zelaian jarritako armiarma sarea gainditu. Bisitariak, gainera, ahal zuteneanbizi atera ziren kontraerasora, Geyseren abiadura baliatuz. Partida amaieran, Realak gehiago estutu zuen, eta Madrilen atera pare bat aldiz gerturatu zen. Baina 0-1ekoarekin amaitu zen lehia.

Puntu bat eskuratu zuen, berriz, Athleticek. Zuri-gorriek ere etxean jokatu zuten, eta bina berdindu zuten Valentziaren kontra. Herrialde Katalanetako taldea 5. minutuan jarri zen aurretik. Maldan gora zen lehia, baina lan handia eginez zuri-gorriak aukera sortuz joan ziren, eta lehen zatia amaitzear zela buruz sartu zuen gola Irene Ogizak, Nekane Diezen falta jaurtiketa on baten ostean.

55. minutuan, antzeko jokaldi batean, Ogizak berak bigarrena sartu zuen. Baina gutxi iraun zien poza zuri-gorriei, handik bi minutura bisitariek berdindu egin baitzuten. Bi taldeek ekinean jarraitu zuten. Baina ezin izan zuten gola sartu. Neurketa amaitzear zela, Ane Azkonak lortu zuen, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen gola, ustez falta egin zuelako. Erabakiak haserrea eragin zuen, eta korapilatu egin zen neurketaren amaiera. Iraia Iturregi zuri-gorrien entrenatzailea kaleratu egin zuen epaileak, protesta egiteagatik.

Gaur, derbia

Beste bi euskal taldeek, Eibarrek eta Alavesek, elkarren aurka jokatuko dute gaur Unben (11:30). Behar gorrian dira gipuzkoarrak, bost puntura baitituzte salbazio postuak, beste horrenbeste jardunaldiren faltan. Arabarrak, berriz, lasai dira, eta baliteke gaur bertan mailari eustea punturen bat urratuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.