Iñaki Artola. Asegarceko pilotaria

«Haren aldean, itzalean egon naiz ni udan»

Orain arte lau aldiz neurtu dituzte indarrak lau t'erdian alegiarrak eta Altunak. Asegarcekoak irabazi ditu laurak, baina ez da fio. «Gora egin du Altunak, eta gertuago du lehen garaipena»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Geratzeko iritsi da Iñaki Artola (Alegia, Gipuzkoa, 1994) pilotari onenen artera. Lau t'erdian Bigarren Mailako txapela jantzi zuen iaz. «Bada zerbait», aitortu du. Baina gehiago da Lehen Mailan zortzi onenen artean egotea. «Ez dago konparatzerik». Bihar jokatuko du final-laurdenetako ligaxkako lehen partida Jokin Altuna lagunaren aurka, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Baikor dago. «Faboritoa ni izango naiz akaso, baina partida zaila daukat. Halere, konfiantzaz nago, eta horri eusten saiatuko naiz».

Hasteko, hautatutako pilotekin gustura geratu al zara?

Ez zait asko gustatzen pilotei buruz hitz egitea. Sekula ezin da jakin partidako egunean bertan pilota horiek nola erantzungo duten, ez eta pilotari bakoitzari ze pilota komeni zaion ere. Egia da orain arte material biziagoa sumatu dudala saskian, baina ez dago aitzakiarik. Nik bizixeagoak hautatu ditut; hark, motelagoak.

Nolako partida espero duzu?

Gogorra. Faboritoa ni izango naizela esan dut, elkarren aurka lau t'erdian jokatu ditugun lau partidak nik irabazi ditudalako. Baina ostiralekoak ez du horien antzik izango. Ez zait iruditzen. Altunak gora egin du nabarmen, fisikoki askoz indartsuagoa da orain, eta nire aurkako lehen garaipen hori gero eta gertuago dauka. Partida berdindua izango da.

Orain arteko partidetatik, beraz, ezin da ondoriorik atera.

Gehiegi ez, behintzat. Afizionatuak ginela, Bergaran jokatu genuen lehenbizikoz elkarren aurka kaiolan. Gero sanferminetan aritu ginen, eta iazko Bigarren Mailako txapelketan birritan. Guztietan ere nahiko aise irabazi nuen. Orain kontuak aldatuta daude. Biok egin dugu jauzia gora, eta sakeak berebiziko garrantzia izango du. Sakeak eta erremateak ere bai.

Sekulako uda egin du Altunak. Inbidiarik sentitu al duzu? Izan ere, torneoetan protagonista izan da.

Halakoxea da pilota. Binakako txapelketa nik jokatu nuen, eta berak ez. Udan, ordea, aukera gehiago izan ditu berak nik baino. Sekulako partidak jokatu ditu, eta ondo merezita lortu du lortu duena. Nik ere uda ona egin dut, baina gehiago ibili naiz itzalpean. Uste dut egun zailagoa dela Asegarcen aurrelari onenen artean egotea Aspen baino. Baina, tira, lanean gogor segi behar dut.

Lau t'erdian egin dezakezun lanak baldintza al dezake epe motzeko etorkizuna?

Akaso bai. Binakako txapelketan postu bat lortzeko aukera izan dezaket lau t'erdian lan ona eginez gero. Baina ez daukat presiorik. Final-laurdenetan sartzea zen nire helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.