Ez bata, ez bestea

Bidasoak eta Anaitasunak galdu egin dute Benidormen eta Cuencaren aurka, hurrenez hurren; Espainiako Kopatik kanpo geratu dira

Goian, Esteban Salinas, burumakur. Behean, Leandro Borges, jaurti nahian. EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Bidasoa Irunek eta Helvetia Anaitasunak Espainiako Kopako bidezidorra hartu nahi zuten datorren denboraldian Europako lehiaketa batean parte hartzeko. Baina, ibiltzen hasi orduko, buelta eman behar izan dute. Biek galdu zuten atzo Madrilen, final-laurdenetan: Bidasoak, Benidormen aurka, 26-29, eta Anaitasunak, Cuencaren kontra, 21-26. Beraz, Asobal liga izango dute helduleku bakarra Europarako sailkatzeko. Horretarako, goiko postuetan bukatu beharko dute, eta horrek are zailagoa bilakatu du helburua.

«Porrot egin dugu. Ez gara ondo aritu». Jacobo Cuetara haserre zegoen partida amaieran. Bidasoko entrenatzailearen iritziz, «erasoan eta defentsan izandako eraginkortasun txikia» izan zen gakoa galtzeko. Irundarrek bigarren zatiaren hasieran sumatu zuten gehien hori, eta Benidormek ondo aprobetxatu zuen, sei gol jarraian sartzeko. Ordu arte parekatua zegoen partida (13-14), baina partzial horrek hautsi egin zuen neurketa: 14-20. Hortik aurrera, kontrakarrean aritu zen Bidasoa, eta, gol bakarrera gerturatu zen arren (23-24), ezin izan zion norgehiagokari buelta eman. Gipuzkoarrek bi kolpe jaso dituzte astebete eskasean, Txapeldunen Ligatik eta Kopatik at geratuta.

Anaitasuna ere ez da finalerdietan ariko gaur, hirugarrenez galdu baitzuen Cuencaren aurka sasoi honetan. Erasoko lan eskasak kondenatu zuen berriro, 21 gol baino ez sartuta. Nafarrek eutsi egin zioten lehen minutuetan(6-6), baina Cuencak berehala eman zien lehen kolpea: 7-11. Asko falta zen, baina, minutuek aurrera egin ahala, aldeak, behera egin beharrean, gora egin zuen: 15-20, 45. minutuan. Ahalegina egin, eta hiru golera gerturatu zen Anaitasuna, bost minuturen faltan (19-22), baina aurkariak bi gol sartu zituen jarraian, eta lehia erabakita utzi.

Bera Bera eta Zuazo, gaur

Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Bera Berak eta Zuazok Kanaria uharteetako (Espainia) taldeak hartuko dituzte gaur: Salud Tenerife (18:00) eta Ro'Casa (19:00), hurrenez hurren. Donostiarrek Elx bigarren sailkatuarekiko daukaten lau punturen aldeari eutsi nahi diote, eta barakaldarrek, jaitsiera postuak atzean utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.