Erreinu begetala, bizi-bizi

Udaberriarekin batera, Euskal Herriko lorategi botanikoak zabaldu dituzte landareen ezagutza eta garrantzia dibulgatzeko. Arabakoan, gizarteratze lana ere egiten dute.

Donibane Lohizune - Aia
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Hortus botanicus. Edo bestela esanda, lorategi edo baratze botanikoak. Latinezko izenak nonahi irakur daitezke erreinu begetal bizi horietan, munduko kontinente guztietako landareak tokiko landareekin batera dauden espazio berdean. Ikusmena alaitzeaz harago, landareen kontserbaziorako eta ingurumen hezkuntzarako tresna garrantzitsuak dira, naturarekiko kontzientzia pizteko iturriak diren heinean.

Bide horri erabat lotuta daude Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paul Jovet baratze botanikoan. 2,5 hektareako eremuan, 1.000 landare espezie inguru dituzte, gehienak itsasbazterrekoak, hain zuzen hori baita euren helburuetako bat: tokiko ingurumena aurkeztea. Itsasertzean landaredi mota berezia dago, ez beti jendearen gustukoa, Jon Sudupe Paul Jovet baratze botanikoko baratzezainaren hitzetan: «Itsasertzeko larre deitzen dioguna erlaitzetan aurkitzen da, Urruña eta Hendaia artean, Jaizkibelen... Zuhaitzik ez dago, eta landareak altueran ezin direnez hedatu, zabalean hedatzen dira. Apala eta trinkoa izaten da, eta, arantzatsua izaten denez, itxura txarra ematen duen landaredi mota da». Zikina ere izaten da jende askorentzat, sasiek badute konnotazio negatibo bat, baina ideia hori aldatzen saiatzen da Sudupe: «Landaredi mota nahiko aberatsa da, espezie anitz badira, eta, ondorioz, habitat bat sortzen da animalia batzuentzat. Txilarrak, oteak, endalarra... atzeman ditzakegu, eta, estetikoki, biziki polita da; paisaia anitz markatzen du». Dena den, asko murriztu dela ohartarazi du, batik bat egin diren eraikuntzekin eta landare exotikoekin: «Landare exotikoak kaltegarriak dira itsasbazterreko larrean; dinamika bortitza dute. Pixkanaka, tokiko landareen lekua hartu dute, gune pobreak bilakatzen dira, eta faunarentzat ez dira interesgarriak». Horietako gehienak gizakiak ekarritakoak direla nabarmendu du, lorategien apainketarako, eta, jakin gabe ere, inbaditzaileak dira asko. «Baratze botanikoen erronketako bat da jendeari azaltzea landare inbaditzaileekin zer gertatzen den», adierazi du.

Datu kezkagarri bat eman du Sudupek: «Ipar Euskal Herriaren itsasertzean, landareen %15 exotikoa da; Frantziako Estatuan, %10-12 da. Gu, beraz, batezbestekotik gora gaude».

Jendea gero eta kontzientziatuagoa dagoela pentsatzen du: «Publiko mota desberdinak ditugu baratze botanikoan. Baratzezaintzari lotuak daudenak dira batzuk, apainketara bideratuak daudenak. Horiei tokiko landareekin ere apainketa egin daitekeela erakusten diegu». Beste publikoa ikasleak dira; urtean, 1.500-1.700 inguru izaten dituzte, eta horiekin lan pedagogiko handia egiten saiatzen dira.

Aiako (Gipuzkoa) Iturrarango25 hektareako lorategi botanikoak ere landare inbaditzaileei kasu ematen die. Garai batean, panpa-lezka (Cortaderia selloana) landareak bazituzten ere, inbaditzaile bihurtu ziren, eta kentzea erabaki zuten. «Lorategi botanikoek ere horretarako balio dute —baita urtero apirilean antolatzen dugun Landare Berezien Azokak ere—, gomendagarriak ez diren landareez ohartarazteko», azaldu du Jose Almandoz Iturrarango lorategi botanikoko baratzezain nagusiak. Azoka hori hilaren 28an eta 29an izango da, lorategi botanikoan bertan. Hala ere, bada kezkatzen dituen beste gai bat, eta horretan indar berezia jartzen dute: arriskuan dauden landareen kontserbazioa. Iturraranen haritzetan berezituak daude, munduko 350 espezie dituzte, eta horietako batzuk egoera kritikoan daude, desagertzear. Halaxe azaldu du Paco Garin Iturrarango lorategi botanikoko sortzaileak: «Haritzen bilduma propioa duen Uztaritzeko [Lapurdi] gizon batekin harremana dut, eta Costa Ricara, Panamara eta beste, asko bidaiatu dugu. Mexikon, Veracruzaldean, ustez desagertuta zegoen haritz bat topatu genuen. Haziak hartu genituen, landatu eta hibrido bat atera zen. Horrelako espezieek oso aukera gutxi dute bizirik irauteko, eta horrelako zuhaitzak mantentzea da gure helburuetako bat. Lorategi botanikoek funtsezko garrantzia dute arriskuan dauden landareen kontserbazioan». Txileko palmera (Juania australis) ere desagertzeko arriskuan dago, eta Iberiar penintsulako handiena Iturrananen dago. «Bakarra dugu, eta beste bat edo pare bat lortu nahiko nituzke elkarren artean gurutzatu eta hazia eskuratzeko», adierazi du Almandozek.

Trespondeko (Araba) Santa Katalina lorategi botanikoaren helburu nagusia jendea naturara hurbilaraztea da. Lau hektareako eremuan, Badaia mendilerroko landareak ezagutzeko aukera dago, bost kontinenteetako jatorrizko beste landareez gain, ia 1.000 espezie guztira. Sendabelarrei garrantzi berezia ematen diete, eta, etorkizunera begira, gune hori indartu nahiko lukete. Landareekin egiten duten lan guztia produktu kimiko guztietatik aparte egiten dutela nabarmendu du Blanca Ezpeletak, zeinak lorategian gida moduan lan egiten duenak: «Gure lorategian ez dugu pestizida edo produktu kimikorik erabiltzen. Mendian gaude, eta ezin dugu ezer erabili. Pentsa armiarma gorria dugula; horrek harrapari bat du, eta, pestizida botatzen baduzu, kate trofikoa apurtzen da, desoreka bat sortzen da. Landare batzuk galtzen dira, baina naturak bere bidea jarraitu behar du. Gu moldatu behar gara mendiari, eta ez mendia guri».

Bide horretatik, Donibane Lohizuneko baratze botanikoan ere produktu kimikorik erabiltzen ez dutela argitu du Sudupek: «Gainera, Frantzian lege bat pasatu zen iaz. Guk beti horrela lan egin dugu, ez dugu itxaron debekatua izatea. Gaia lehen ez zen hainbeste aipatzen, eta orain debekatua denez, ikasketetan ere aipatzen dute. Lehen, formulak ikasten ziren, zer eta zenbat bota behar zen jakiteko. Produktuen salmentaren debekua, gainera, heldu den urtetik goiti jinen da, horrek erran nahi du partikularrek ere ezingo dutela erabili».

Almandozek adierazi duenez, haiek produktu kimikoen minimoa erabiltzen dute. «Bide bazterretako belarra kentzeko erabiltzen dugu, lan handia baita eskuz egiteko. Horrez gain, azkenaldian ezpelak arazo handi bat du, bada sits bat ezpela jaten duena, eta,tratatzen ez bada, ezpela hil egiten da. Bakterio batekin tratatzen dugu, Bacillus thuringiensis deitzen dena. Egia da, hala ere, orain urte batzuk produktu kimiko gehiago erabiltzen zirela, asko debekatu egin dira. Iturraran lorategi ia landatarra da, eta, hosto batek zuloak baditu, bada, zuloak ditu, eta ez da ezer pasatzen».

Ezohiko negua izan da aurtengoa landareentzat. «Hemen lanean nabilen 24 urteetan, ez dut ikusi hainbeste min eman duen izozterik; izozte laburra izan da,gainera. Horrez gain, basurdearekin ere arazoa izan dugu negu honetan, eremu asko altxatu dizkigu. Kalte handia izan da», kezkatuta Almandozek. Santa Katalinakoan elurra izan dute protagonista, Ezpeletaren esanetan: «Elurra inausketa dela esan ohi da, eta bai: elurraren eraginez, adarrak puskatu dira».

Aldatuz eta garatuz

Lorategi botaniko bat ez da egun batetik bestera egiten. Landareek beren ibilbidea egin behar dute, hazteko denbora. Hirurek, gainera, zein baino zein hastapen kuriosoagoak dituzte. Donibane Lohizuneko baratze botanikoa, esaterako, 1980ko hamarkadan egin zuten; araztegi baten gainean eraikia dago, Sudupek kontatu duenez: «Hautu politiko bat izan zen, ez baitzuten nahi araztegia hiri barnean izatea, usainengatik eta. Helburua ahal bezainbat gordetzea zen». Ez zen izan politikoki hartu zuten erabaki bakarra: «Baratze botanikoa 1994an ireki zen, baina urtebete beranduago itxi zuten, tartean udal hauteskundeak izan baitziren, eta talde berriak pentsatzen baitzuen diru anitz kostatzen zela baratzea mantentzeak. Elkarte batek hartu zuen baratzea kudeatzeko ardura, eta, 2013tik goiti, herriko etxearen esku dago». Paul Joveten izena tokiko botanikariarengatik da. Hark bultzatu zuen baratze botanikoaren ideia 1970eko hamarkadan; eraikuntzen mehatxuez ohartuta, kontserbatorio moduko bat sortu behar zela zioen.

Iturrarangoa ia kasualitatez sortu zen, haren sortzaile Garinen hitzetan: «1987an, Gipuzkoako Foru Aldundiak Iturraran baserria erosi zuen —ingurumen teknikaria zen orduan Garin—, eta,han bertan interpretazio zentroa egingo zenez, zuhaitzak landatu genituen, baina apaingarri gisa. Pixkanaka zabaltzen joan ginen, eta, urte batzuetara, bilduma botaniko garrantzitsu bat genuela konturatu ginen».

Santa Katalinakoan naturak eta historiak bat egiten dute, Erdi Aroko komentu zahar bat baitago lorategiaren erdian. Dorretxea Iruña Okako familia boteretsuenak eraiki zuen XIII. mendean, eta gero monje agustindarrek hartu zuten. Hirurek landareen ezagutzaren eta garrantziaren dibulgazio lan horretan tailerrak ematen dituzte, eta, Santa Katalinakoan, gizarteratze funtzioa ere betetzen dute. Orain dela bost urtetik Langraiz Oka espetxeko hainbat presok lorategia zaintzen dute; «guretzat, oso garrantzitsua da gizarteratze lan hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.