Urkullu eta Remirez, Espainiak Saharari buruz azaldu beharrekoen zain

Urkullu «nahastuta» agertu da Pedro Sanchezen erabakiarekin, eta Remirezek azaldu du «Espainiako atzerri politikaren kontua» dela

Atzo iluntzean Iruñean egindako elkarretaratzea. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
«Zer esan ez dakiela» eta «nahastuta». Horrela agertu da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Espainiako Gobernuak Marokorekiko agertu duen jarrerarekin. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, berriz, azaldu du Espainiako Atzerri ministroaren azalpenen zain dagoela: «Hau Espainiako Gobernuaren atzerri politikei dagokien kontu bat da».

Bilboko Herri Irratian atzo eman zuen elkarrizketa batean, Urkulluk azaldu zuen Espainiako Gobernua egoera «delikatuan» dagoela; Podemos eta PSOEren arteko tirabirak, Ukrainako gerra eta egoera ekonomikoa aipatu zituen, eta horri Saharako auzia gehitu zaiola azaldu zuen: «Horrek ekartzen duen egoeraz jabetu behar du Sanchezek, eta inbestidura blokeari nola eutsiko dion aztertu».

Saharari dagokionez, gainera, esan zuen Espainiaren «azalpen bat» espero duela, Marokok aurkeztutako Autonomia Plana «sinesgarritzat eta errealistatzat» jo duela ikusita. «Saharako herriarekiko konpromisoa» ere nabarmendu zuen lehendakariak, eta azaldu zuen 1991. urtetik NBEren erresoluzioak noiz beteko zain dagoela Sahara.

Esan duenez, Espainiaren erabaki batzuek zerikusia izan dezakete «Espainiako Gobernuak NBEren aurrean hartutako konpromisoekin», baina beste interes batzuk ere badaude: «Agian, eremu geoekonomikoekin lotura handiagoa duten beste egoera batzuen ondorio dira. Badirudi egoera horrek zerikusia duela Marokotik edo Sahara hegoaldeko herrialdeetatik Espainiara iragaten diren migratzaileen sarrerarekin».

Remirezek, ordea, ez du Espainiaren erabakiaren gaineko baloraziorik egin: «Gobernuaren barruan, alderdi politikoek iritzi desberdinak dituzte, eta Nafarroako Gobernua osatzen duten taldeetan ere hala da». Hala ere, azaldu du gobernuak Saharako herriarekin dauzkan «kooperazio proiektuak» bere horretan mantenduko dituztela.

Atzo arratsean elkarretaratzea egin zuten dozenaka herritarrek Iruñeko Merindadeen plazan, Espainiako Gobernuak hartutako bidearen aurka. Sahara «ez saltzeko» eskatu zuten. Han izan ziren Unai Hualde parlamentuko presidentea eta Ana Ollo kontseilaria, baita Navarra Suma, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerrako ordezkariak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.