Emakume batek salatu du bortxatu egin dutela Bilboko Abando auzoan

Ertzaintza zer gertatu zen ikertzen ari da, eta ez dago atxiloturik. Bihar, 20:45ean, Arriagan, protesta egitera deitu du mugimendu feministak

Eraso baten aurkako mobilizazioa, 2019an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
Bilbo
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Emakume batek salatu du gizonezko batek bortxatu egin zuela joan den asteburuan, Bilbon. Abandon gertatu zen erasoa, hiriburuko erdigunean, larunbat goizaldean, El Correo kazetak jakinarazi duenez. Emakumearen esanetan, gizonezkoak kale txiki eta ilun batera eraman zuen, eta bertan bortxatu egin zuen. Adierazi zuenez, gizona ezagutu berri zuen, eta sakelako telefonoa eta diru zorroa ere lapurtu egin zizkion. Emakumeak salaketa jarri zuen erasoa gertatu eta berehala:kalean zeuden udaltzainengana jo zuen, eta handik Ertzaintzaren egoitza batera zuzendu zen, salaketa jartzera. Ertzainak arduratuko dira erasoaren ikerketaz. Oraindik ez dute inor atxilotu.

Bilboko mugimendu feministak «nazkatuta» daudela salatu du. Bihar, 20:45ean, Arriaga antzokiaren parean, Erasorik ez, erantzunik gabe! lelopean elkarretaratzera deitu du. Aipatu dutenez, azaroaren 25eko genero indarkeriaren nazioarteko egunaren prestaketan harrapatu ditu sexu erasoaren albisteak. Egun hori antolatzeko batzarra izango da 18:30ean, Bolsan, eta horregatik «ohi baino beranduago» izango da mobilizazioa.

Sei urteko zigorra

Donostiako Auzitegiak atzo jakinarazi zuen sei urteko kartzela zigorra ezarri diola gizon bati 2017ko otsailean emakume bati egin zion sexu eraso bategatik. Hasieran, fiskaltzak bederatzi urteko zigorra eskatzen zuen, baina ahozko epaiketan gertatutakoa aitortu zuen akusatuak, eta akordio bat egin zuen akusazioarekin eta fiskaltzarekin. Epaimahaiak mozkorra zegoela onartu dio eta leungarri gisa aplikatu.

Kartzela zigorraz gain, gizonak 6.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio biktimari, eta hamar urtez ezingo da harengana hurbildu, eta ezingo du harekin harremanik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.