Sporting 2-0 Eibar

Alferrik galdu dute aukera

Eibarreko ordezkoek partida eskasa egin dute Gijonen, eta zail du taldeak Espaniako Kopan aurrera egitea. Calavera eta Ramis lehen zatian joan dira aulkira, min hartuta

Marc Cucurella, Alvaro Traver Sportingeko jokalariari baloia kentzen, atzo, Molinonen jokatutako partidan. JOSE LUIS CEREIJIDO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Djordjevicek (54. min.). 2-0: Neftalik (86. min.). Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Sportingeko Alvaro Jimenezi eta Traverri; eta Eibarreko Pere Millari eta Arbillari. Bestelakoak. 12.902 ikusle Molinonen.

Aukera ona kareletik bota zuten atzo Eibarreko hainbat jokalarik, ligan gutxien jokatzen ari diren horiek. Espainiako Kopan aukera eman zien Jose Luis Mendilibarrek balekoak direla erakusteko, baina entrenatzaileak buruko min handirik ez du edukiko etziko hamaikakoa osatzeko, Alavesen aurkako derbian, titularren mailatik urrun daudela erakutsi ziotelako.

Espainiako Bigarren Mailako Sporting taldeari oparitu egin zion kanporaketa gainditzeko moduan egoteko aukera Eibarrek, eta 2-0koarekin ekingo diote final-hamaseirenetako itzuliko partidari, abenduaren 5ean, Ipuruan. Atzo baino gehiago egin beharko dute ordezkoek kanporaketa iraultzeko, eta itxura dauka atzo jokatu zuten asko aterako dituela egun horretan ere Mendilibarrek, gaur-gaurkoz, Ligan jokatzeko maila ez baitzuten erakutsi.

Partida hasiera egin zuen itxuroso samarra Eibarrek. Lortu zuen Sportingen zelaian jokatzea, baloiaren jabe eginez. Beste kontu bat da zenbateko etekina atera zion nagusitasun horri: hutsaren hurrengoa. Hogei minututik gora iraun zuen egoera horrek, eta erdiraketa asko atera zituzten bi hegaletatik. Erremateak, baina, batere ez. Cardona eta Charles erdiraketei usainik hartu gabe aritu ziren, eta, behingoagatik, leku ona hartuko errematerako aurrelari brasildarrak, eta Pere Milla taldekideak enbarazu egin zion, hemezortzigarren minutuan.

Sporting oso atzean sartuta zebilen, baloia kendu ezinda eibartarrei, eta, hori lortzen zuenean,oso urrun Riesgoren atetik. Gola sartzeko aurreneko aukera 28. minutuan moldatu zuten etxekoek, Santanaren bitartez, baina Riesgok ondo urrundu zuen baloia.

Orduan hasi zen bere zelaitik ateratzen Sporting, gorago estutzen Eibar, eta hantxe bukatu ziren eibartarren erosotasunak. Ramisen lesioa ere orduan izan zen, 34. minutuan. Beste askotan gertatu izan zaion bezala, giharretako arazoekin utzi behar izan zuen zelaia erdiko atzelariak. Oliveirak ordezkatu zuen. Aurretik, zortzigarren minutuan, gauza bera gertatu zitzaion Jordi Calavera eskuin hegaleko atzelariari, eta Arbillak jokatu zuen leku horretan, aulkitik aterata.

Bi golak, bigarren zatian

Atsedenaldian hirugarren aldaketa egin zuen Mendilibarrek, Diop kenduz eta Jordan sartuz, eta bigarren zatian gauzak zuzentzeko aukerarik gabe geratu zen. Izan baitzen zer aldatu. Eskas aritu zen Eibar, ohiko jokatzeko eratik erabat aldenduta, eta, gainera, bi opari egin zituen. Aurrenekoan, Cucurellak gaizki urrundu zuen baloia, area barrura, eta Oliveiraren biguntasuna ondo baliatu zuen Djordjevicek, gola sartzeko. 54. minutua zen. Bigarren gola 86. minutuan egin zuen Neftalik, Arbillak gaizki jokatutako baloi baten ondorengo jokaldian.

Eibarrek egindako partida eskasaren ondorio izan ziren bi golak. Badute zer hausnartu atzo zelaian izandako hainbat jokalarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.