Valladolidengan soilik pentsatuz ariko da Reala, jokoan duena gogoan hartuta

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Hiru puntuak eskuratzea beste helbururik ez du gaur Realak. Donostiarrek partida garrantzitsuadute datorren asteazkenean, Espainiako Kopako finalerdietako itzulerakoa jokatuko baitute Mirandesen zelaian. Imanol Alguacil prestatzaileak, ordea, Valladoliden aurkakora bideratu nahi ditu indarrak, atzoko prentsa agerraldian azaldu zuenez: «Anduvan pentsatzen gauden? Ez, ez. Buruan dugu, noski, baina esan nuen: energia positiboa eman behar digu, baina [Valladoliden aurkako] partida aurrera ateratzeko. Hamaikakorik onena zelairatuko dut, irabazteko. Beti egin dugu horrela». Izan ere, ligan ere asko du jokoan Realak. Donostiarrak partida bat gutxiagorekin daude, baina Europako postuengatik borrokan ari dira. Gaurko norgehiagoka irabazten badu, gaua hirugarren postuan igaroko dute txuri-urdinek.

Hori dela eta, Valladoliden aurka onentsuenekin aritzeko hautua egingo du Orioko prestatzaileak: «Diego Llorente eta Asier Illarramendi ez beste guztiak ondo daude. Albiste ona da; berriz ere buru jana egingo dut nork jokatuko. Sartu ditugunak partida irabazteko sartu ditugu». Imanolek deialdian sartu ditu Cristian Portu eta Ander Barrenetxea. Iragan jardunaldian zigorra beteta itzuliko da espainiarra, eta astean zehar izandako arazo fisikoak gainditu ditu donostiarrak.

Txuri-urdinak izugarri ondo ari dira etxean azken boladan, eta aldeko ditu aurrekariak ere: historian, 11 aldiz irabazi du Donostian Valladoliden aurka, bi aldiz berdindu, eta bi aldiz galdu.

REALA-VALLADOLID
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Portu, Oiartzabal, eta Willian Jose.
Valladolid. Masip; Moyano, Olivas, Salisu, Garcia; Plano, Herrero, R. Alcaraz, Villa; Enes Unal, eta Sergi Guardiola.
Epailea. Pizarro Gomez.
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 21:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.