ESANDAKOAK

2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Egiari zor (Erein) liburu autobiografikoa eman eta aste gutxira, Julen Madariagari egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen BERRIAk, 2014ko ekainaren 15ean. Mintzatu zen Ekinez, ETAz, kartzelaz, erbesteaz, disidentziaz, Euskal Herriaren independentziaz, baita familiaz ere. Hauek dira solasaldi hartan esandakoetako batzuk.

«Zaila zen hori. Benetan gogoeta egingo bagenu, ez genukeen ETA sortuko. Baina sortu egin genuen. Eta harro nago, beharrezkoa zelako. Gaztea, izatez, ausartegia da».

«80ko hamarkadaren erdialdera bonba-autoak jartzen hasi ziren; 1986an [Dolores Gonzalez Katarain] Yoyes hil zuten... Seguru ez zutela fede txarrez egin, baina kontua da ETAko arlo militarrak bere esparrukoak ez ziren erabaki batzuk hartu zituela, esparru politikoaren kalterako».

«Oso gogorra izan zen pauso hori ematea, baina gogorragoa zitzaidan ETAren jarduera mota hura. Nahiz eta 1989an utzi nuen ETA, ez nuen galdu haren zuzendaritzari mezuak helarazteko aukera».

«Ezker abertzalearen akats nagusietako bat da bere barruan ez dela izaten aski komunikazio; gauza bat dela edo bestea dela, komunikazioa ez da batetik bestera pasatzen behar bezala. Horren ondorioa elkar haserretzea izan ohi da».

«Politikoki pertsona garrantzitsua izan da Otegi. Azkenean ikusi zuen zein den bide zuzena. Pozten naiz».

«Lizarra-Garaziko kontu hartan inor busti bazen, EAJ izan zen; gu baino gehiago busti zen. Orduan denen artean erabaki behar zen ETAk armak uztea edo ez».

«Euskaldunak sartu al ginen Valladoliden, Zaragozan, Salamancan, Extremaduran…? Edo Espainia sartu da gure herrian, armadaz? Gatazka luze honetan damua agertzekotan edo barkamena eskatzekotan, gure etxean sartu denari dagokio: Espainiari».

«Euren burua euskalduntzat dutenen arteko batasuna izatea ezinbestekoa da, eta hor garbi dut PP eta PSE-PSN Espainiari guztiz alienatuta daudela».

«Ados nago printzipio horrekin, erabakitzeko eskubidearekin. Baina liburuan independentzia eta demokrazia azpimarratzen ditut; demokrazia independentzia izatetik hasten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.