«Sarraila aldatu digute: ezin gara sartu etxera»

Lau seme-alabako familia bat etxetik bota dute Iruñeko Lezkairu auzoan. PAH plataformak giza harresia antolatu du, baina ezin izan du geldiarazi desjabetze prozesua. Gobernuaren «arduragabekeria» salatu dute.

Jendetza elkartu zen atzo Lezkairun, PAH plataformak deituta. ION ORZAIZ.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
«Kolaboratzaileak zarete! Familia bat kale gorrian uzten lagunduko duzue!». Tentsioa nabari da Iruñeko Lezkairuko Zalduko kaleko 21. zenbakiko ezkaratzean. Eskaileretan gora joan nahi dute udaltzainek, lehen solairuraino. Han bizi dira Yulan, Juan eta haien lau seme-alabak—abizena ez dute jendaurrean eman nahi—. Kaleratze aginduaren mamua zelatan izan dute azken asteetan, beste itzal baten gisara. Enpresak, epaileak eta udaltzainek, baina, ez dute gehiago luzatu nahi kontua. «Izan duzue denbora nahikoa», esan diete.

Etxebizitzatik beheraino doan eskailera zatia jendez lepo dago. Giza harresi inprobisatu hori da Yulan eta Juan udazkeneko hotzetik babesten dituen elementu bakarra. PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak deialdia egina zuen atzo goizean goiz Lezkairuko Zalduko kalean protesta egiteko, eta dozenaka lagun batu ziren elkarretaratzera. Baina hori ere ez da nahikoa izan. Beste batzuetan bai, baina oraingoan ez.

Etxe kaleratzea azaroaren 21erako hitzartua zuten, eta, PAHko kideen presentziari esker, idazkari judizialak atzera egin eta prozesua atzo arte atzeratzea erabaki zuen. Oraingoan, ordea, Poliziak aurrea hartu die manifestariei: kaleko jantzitako zenbait udaltzain eraikinera sartu dira garajeko atetik, eta sarraila aldatzea lortu dute. Eskaileran, oihu egin die manifestarietako batek, ez dutela lotsarik. Udaltzainak lehor erantzun dio: «Nire lana egiten ari naiz soilik».

«Gol bat sartu digute», aitortu du Josu Osta PAH taldeko kideak. «Arduratuegi genbiltzan kaleko ate nagusia blokeatzen saiatuz, eta poliziak atzeko atetik sartu zaizkigu». Familiako lau seme-alabak eskolan ziren ordurako, eta ama zen barruan zegoen bakarra, Yulan. Negar malkotan aterarazi dute kalera: «Esan digute gauza pertsonalak etxe barruan bagenituen bota eginen zituztela, denbora izan dugula aurreko egunetan horiek eramateko».

PAHko ordezkari Begoña Alfarok gaineratu du «denbora» eskatu nahi zietela ordezkari judizial eta enpresako ordezkariei, baina horretarako aukerarik ere ez diete eman: «Negoziatzera premiatu ditugu, epe luzeago bat lortze aldera, baina bizkarra eman eta sarraila aldatu dute». Alfarok azaldu du, halaber, plataformak prest duela jada etxebizitza bat, behin-behineko irtenbide gisa: «Ziurta dezakegu Juan eta Yulanen familiak ez duela kalean lo eginen. Gobernuak ukatu dien etxea emanen diegu denon artean, eta frogatuko dugu herritar antolatuak irits gaitezkeela gobernua iristen ez den tokiraino».

Hala ere, plataformako ordezkariek «esku hartzeko» eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Ostak adierazi du ardura administrazioak duela, kaleratze prozesua Errotabidea enpresak emanda ere: «Enpresak bere interesak izanen ditu, baina gobernuaren erantzukizuna da herritarren eskubideak bermatzea, eta, kasu honetan, helduleku bat eskaini beharko lioke familia honi. Oraingoz, ez dute ezer egin».

Diruz lagundutako alokairu sozialak kudeatzen dituen enpresa da Errotabidea. «Juanek eta Yulanek hilabetero-hilabetero ordaindu dute alokairua, zintzo demonio, baina agentziak erabaki du kontratua ez berritzea eta lau seme-alabako familia bat kalean uztea, bizikidetza arazoak argudiatuta». Ostak gaineratu du ez dagoela ustezko bizikidetza arazo horien frogarik: «Ez da inon salaketarik aurkeztu, baina, egia izanen balitz ere, harrigarria iruditzen zaigu kaleratzea baimentzea, alternatibarik eskaini gabe».

Udaltzainen rola, auzitan

EH Bilduk salatu egin du Iruñeko Udaltzaingoak etxe kaleratze prozesuan izandako protagonismoa. «2015eko azaroaren 5ean, Iruñea etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zuen udal osoko bilkurak, baina, eskuineko hirukoak hala aginduta, familia bat etxetik botatzeko modua eman duen segurtasun dispositiboan parte hartu dute udaltzainek», esan dute Joxe Abaurrea eta Maider Beloki zinegotziek. Udaltzaingoa «nahieran» erabiltzea eta «era autoritarioan» jardutea egotzi diote Navarra Sumari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.