BASKONIAREN HAMABOST AURKARIAK

2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Real Madril. Luka Doncicek Dallasera egin du, baina, ordainetan, Walter Tavaresek altuagoa dirudi orain. Bukaera estu guztietan Sergi Llulli emango dizkio giltzak Pablo Lasok, eta erantzukizun goren horretan parte hartzeko beste norbaiten falta sumatu dezake taldeak.

Fenerbahce. Puntu mordoa galdu du kanpoaldean. Tyler Ennis eta Joffrey Lauvergneren emaria ikusteko kuriositatea dago, Zeljko Obradovicek ez delako hasiberriei minutu estra bat bera oparitu zale. Euroligako zaintzarik itogarriena du, alde handiz.

CSKA Mosku. Dimitris Itudisen kaleratzeak ziurra bazirudien ere, balizko ordezkoek ez zuten konbentzitu zuzendaritza. Sakontasun izugarria du Daniel Hackett, Alec Peters eta Joel Bolomboyrekin. Azken hamasei Lauko Finaletatik hamabost jokatu ditu; zazpi, jarraian.

Zalgiris. Susmatutakoa baino jokalari gehiago mantendu ahal izan ditu, eta hutsuneak oso modu burutsuan estali: Nate Wolters, Thomas Walkup, Marius Grigonis eta Leo Westermannek aniztasun bikaina emango diote Saras Jasikeviciusi. Beste behin, lehiaketako talde erakargarrien bihur liteke.

Olympiakos. Ukitu kosmetikoa baino askoz gehiago behar zuen, eta merkatua suspertu du. Nigel Williams-Goss ikusteko irrika dago, eta Axel Toupanek, Jannis Timmak eta Sasha Vezenkovek badute zer frogatu Atenasen. David Blattekin bermea du orain aulkian.

Panathinaikos. Jabeak bere mehatxuak irentsi, eta ez du Euroligatik atera taldea. Stephane Lasme, Keith Langford —35 urte dituzte biek— eta DeShaun Thomasekin ez dirudite nahikoa Xavi Pascualenak hautagai serio bilakatzeko.

Bartzelona. Erasoan onak direnek defentsan paso egiten dute. Atzean saiatuak direnei aurrealdean argiak itzaltzen zaizkie. Kevin Pangosek, Kyle Kuricek eta Chris Singletonek baino gehiago, lantaldearen kohesio eskasak dirudi arazoa. Ez dago argi Svetislav Pesicek bere jokalariengan federik ba ote duen ere.

Anadolu Efes. Shane Larkinekin eta Rodrigue Beauboisekin, dirua harrika botatzen ari den sentipena uxatu nahi du behingoz. Barruan, pieza osagarriak juntatu dizkiote Ergin Atamani. Fenerbahceri Superkopa irabazi berri dio, baina taldearen maila misterio bat da.

Khimki Mosku. Final-laurdenetan CSKA estu hartzetik dator. Alexei Xved solistarentzat ohiko bidelagunak bilatu ditu Giorgio Bartzokasek: Dee Bost, Tony Crocker, Casey Prather eta Jordan Mickeyrekin, atleta osagarri eta esanekoz josita dago taldea. Anthony Gillek are gehiago hobetzea behar du.

Maccabi Tel Aviv. Beheranzko zikloa eten, eta kanporaketetara itzuli nahi du. Scottie Wilbekingan lider aparta lortu du, baina alboan izan dituenek ez dute inongo fidagarritasunik eskaintzen. Yovel Zoosman gaztea klubaren ikur bilaka dadin nahi luke Maccabik. Txukun ari da harrobiarekin lanean.

Armani Milan. Urtero egiten ditu mugimendu sonatuak, eta urtero bukatzen du batere kimikarik gabeko oilategiarekin. Mike James, Amedeo Della Valle, Nemanja Nedovic, Jeff Brooks... Giorgio klubeko presidentea lotsatzeari uzteko nahikoa behar lukete behintzat.

Darussafaka. Eurokopa irabazi zuen taldea Wilbekinen hasi eta bukatzen zen. Ray McCallumek eta Jon Dieblerrek ez dute inor izutuko, eta, Turkian Ahmet Caki entrenatzaileaz asko espero bada ere, Berlinen kale eginda dator. Konforme legoke hiriko derbiren bat irabazi eta azken postua saihestuta.

Bayern. Sasa Djordjevic kaleratu, Dejan Radonjic aulkian ipini, eta nabarmen egin zuen hobera udaberrian, behingoz Alemaniako liga aise irabazita. Gorantz joango den egitasmoa da, baina, pabiloi berria eraiki artean, Uli Hoenessek ez du sosak gastatzeko presarik. Milan Macvanek min hartu du berriz; Derrick Williamsek ordezkatuko du.

Kanaria Handia. Lehiaketak exijitzen duen gutxienekotik oso urrun dagoen jokalari multzoa du, eta, hori gutxi balitz bezala, estropezuka dabil lesioengatik. Euroligako sasoia amaiezina egingo saio, eta ez litzateke ezustea ahalegina garesti ordaintzea ACB ligan.

Buducnost. Azkenaldian Izar Gorrriak bete izan duen postua bereganatu du, baina normalena Euroligako bere abenturak urtebete irautea litzateke. Interesgarria izango da Aleksandar Dzikic karismatikoa maila honetako erronka gobernatzen ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.