Bilaketa zaildu du gorpua non zegoen ez jakiteak

Gorpuzkien bilaketaren inguruko txostena aurkeztu du Jaurlaritzak. Adituek diote litekeena dela Beltranen gorpuzkiak disolbatuta egotea

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Joaquin Beltran bilatzeko lanak bertan behera utziko zituztela erratearekin bat, Zaldibarko zabortegian azken hamabortz hilabeteetan egindako lanen xehetasunak eman zituzten atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak. Ezohiko agerraldia izan zen, goizean goiz deitua, eta espero gabea. Bezperan, Iñigo Urkullu Beltranen familiarekin bildu zen albistea emateko.

Zaldibarren egindako bilaketa lana planifikazio «argi eta zehatz» bati jarraituz egin dela adierazi zuten atzo goizean bi sailburuek. Bilaketa lanetan ibilitako hainbat adituk idatzitako txosten bat ere zabaldu zuten, eta hor biltzen dira Beltranen gorpuzkiak ez aurkitzeko hainbat hipotesi. «Ahaleginak egin dira; bukaerara heldu da, baina, tamalez, ez da posible izan», esan zuen Erkorekak.

Bertzeak bertze, txostenean diote istripuaren ondorioengatik eta metatutako hondakin tonen artean —horietako batzuk toxikoak— igarotako denboragatik litekeena dela Beltranen gorpua disolbatuta egotea. Bertze datu argigarri bat ere ematen du txostenak: Sololuzeren kasuan ez bezala, ez dakite zabortegia behera erori zenean non zegoen zehazki Beltran.

Adituek txostenean adierazi dutenez, Beltran azkenekoz ikusi zuten eremuan ez dago luiziaz babestu zitekeen eremurik —baskula baten barruan zegoen Sololuze—, eta uste dute hori izan daitekeela gorpua ez aurkitzeko bertze arrazoi nagusietako bat. Halaber, adituek uste dute Beltran azkenekoz ikusi zuten gunean sortu zela luizia, eta gune hori dela kalterik handiena jasan duena. Bilaketa lanak eten dituzte, baina oraindik zorua egonkortzeko lanek aurrera jarraituko dute. Hala nabarmendu zuen atzo Tapia sailburuak. Bi edo hiru hilabeteko lanak aurreikusi zituen Tapiak, baina esan zuen ez dagoela bukatzeko «presarik»: «Zabortegia ez da inolaz ere berriz irekiko; hori argi geratu dadila», azpimarratu zuen. Behin egonkortze lanak bukatuta, Verter Recycling enpresaren ardura izango da zabortegia behin betiko zigilatzea. Tapiak adierazi zuen Jaurlaritzak«modu subsidiarioan» hartu zituela bere gain bilaketa lan horiek, Verter-Recycling enpresak ez zuelako baliabiderik bilaketa eta egonkortze lanak bere gain hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak atzo zabaldutako txostenak bertzelako datu argigarriak ere azaleratu ditu. Bilaketa lanek iraun bitartean, 700.000 m3 hondakin lekualdatu dira, eta mugitutako horietatik 412.000 m3 aztertu dituzte. Gainera, txostenean diote luizia izan zenetik bortz egunetan bakarrik eten dutela bilaketa: lau egunez Gabonetan, eta klimatologia txarragatik egun batean. Tapiak azpimarratu zuen giza baliabideak, baliabide teknikoak eta ekonomikoak jarri direla: «180 langile egotera iritsi dira zenbaitetan». Esker onak izan zituen lanean jardun duten guztientzat.

Azken bilaketak

Duela bi aste hasi ziren azken ahalegina egiten, «gune beroa» deitu zuten tokian. Beltranenak ziren hainbat objektu aurkitu zituzten han. Apirilaren 29an, bilaketa lanak ikustera joan ziren Iñigo Urkullu lehendakaria, Erkoreka eta Tapia: «4. lur-erauzketaren 4. fasea, eraispenaren unean Joaquin Beltranen ibilgailua giltzak jarrita eta motorra martxan zegoen gunea», adierazi zuen orduan Jaurlaritzak ohar baten bidez. «Itxaropen guztiak hor jarrita» daudela gehitu zuten. Atzokoa izan zen azken bilaketa egun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.