Koronabirusa. Hirugarren fasea

Kiroldegiak. Datorren errealitaterako entrenatzen

Kiroldegi publiko batzuk zabaldu dituzte, baina gehienak ez. Ez da jende asko ibili, baina «baldintza berrietara ohitzeko urte sasoi egokia» dela diote arduradunek

Erabiltzaile bat, atzo, Usurbilgo Oiardo kiroldegian (Gipuzkoa), garbiketa produktuen artean. GORKA RUBIO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Usurbil
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Usurbilgo (Gipuzkoa) Oiardo kiroldegia kalean baino aterpean egoteko egokiagoa den egun horietako batean ireki zuten, atzo, hiru hilabeteren ostean. Apropos egindako hautua zirudien. Dena den, ez zuen jende uholderik eragin irekierak eta eguraldi kaskarrak; lasaia da kiroldegiko errealitate berria.

Hirugarren fasean sartzearekin batera, kiroldegi publiko batzuk zabaldu dituzte Hego Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan. Orokorrean, mailakatua izaten ari da itzulera, eta kiroldegi askok datorren astelehenean irekiko dute, nahiz eta kirol zentro pribatu gehienak zabalik dauden joan den faseaz geroztik. Iparraldean, antzekoa da egoera: ireki daitezke kiroldegiak, baina gehienek itxita jarraitzen dute.

Usurbilgo kiroldegiko gimnasioa, ordea, zabalik dago goizean goizetik, nahiz eta 10:30eko txandan bi erabiltzaile soilik dabiltzan. Irati Larrañaga da muskulazio gunean dabilena: «Etxean egin ezin ditudan lau ariketa egitera etorri naiz». Lehen ere bazuen astean behin edo bitan gimnasiora etortzeko ohitura, eta sare sozialen bidez kiroldegia irekiko zutela ikusi zuenean hartu zuen txanda. Fisioterapeuta da ogibidez, eta bihar gimnasiora itzultzeko asmoa du, lesio batetik osatzen ari den lagun batekin: «Ez dakit nola moldatuko garen; maskara jantzita egon beharko dut hari laguntzen».

Izan ere, baldintzak ez dira ohikoak. Segurtasun distantziak eta higiene neurriak bermatzeaz gain, erabiltzaileek ordua hartu behar dute kiroldegira joateko, eta makina jakin bat erreserbatu; ordubete dute hura erabiltzeko. Txanda bakoitzean 35 lagunentzako lekua dago.

«Helburu nagusia da erabiltzaileei aukera eskaintzea kirola modu seguruan egin ahal izateko». Hala azaldu du Gari Garagarza Usurbilgo kirol teknikariak. Legez, lehenago ireki zezaketen kiroldegia, baina, dioenez, ez da hori izan haien irizpide nagusia: «Lehentasuna da hala nahi duten guztiek instalazioak eskuragarri izatea, modu seguru eta kontrolatuan». Horretarako, garbiketa zerbitzuak indartu dituzte, eta enpresa bateko langileek egunean lau aldiz desinfektatzen dute gimnasioa.

Presarik gabe

Beñat Larrañaga zinegotziaren arabera, udalean ez zuten presarik kiroldegia zabaltzeko: «Epeak zehazterakoan, jaso dugun informazioa oso nahasgarria izan da une batzutan. Espainiako Gobernuak gauza bat zioen, Jaurlaritzak beste bat...».

Buruntzaldeko beste udalekin batera, duela pare bat aste hartu zuten kiroldegia irekitzeko erabakia, urte sasoia ere egokia dela iritzita: «Eguraldia ona da, jendeak kanpoan kirola egiteko ohitura hartu du, eta kirol taldeen jarduerak ere etenda daude. Ez dugu abenduan izan genezakeen presio bera», azaldu du. Igerilekua datorren astelehenean zabalduko dute.

Uda atipiko bat espero du zinegotziak: «Baina, noski, ez dakigu ziur». Uztailean ikastaroren bat martxan jartzeko aukera ez du alboratu, baina «talka bat» datorrela uste du: «Guk, erakunde publiko bat garenez, arauak zehatz bete behar ditugu, eta erabiltzaileei segurtasun osoa bermatu; kontua da errealitatea eta gizartea ez doazela erritmo berean». Tabernak eta kalean jolasean dabiltzan umeak aipatu ditu.

Garagarzaren iritziz, «ikusteko dago, baina arau batzuk geratu egingo dira». Hasierako egunak baldintza berrietara ohitzeko «entrenamendu bat» izango direla uste du, langileentzat eta erabiltzaileentzat. «Eskariak baldintzatuko ditu hartu beharreko neurriak; orain, ikusi, baloratu eta egokitu egin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.